Euskadik nazioartean duen posizioa indartu du autogobernuari, kalitate demokratikoari eta lurralde-inteligentziari buruzko proposamenak eginez Gobernu Batuen Munduko Kongresuan  

0
  • Euskadik kalitate demokratikoari, erakundeenganako konfiantzari, maila anitzeko gobernantzari, digitalizazioari eta adimen artifizialari buruzko eztabaida globaletan era aktiboan parte hartu du
  • Euskadik Garapen Iraunkorreko Helburu berri bat, 18.GJH «Ahots Batuak», txertatzea bultzatu du, kultura- eta hizkuntza-aniztasuna kohesio sozialerako, nortasun kolektiborako eta kalitate demokratikorako funtsezko elementu gisa kokatzeko

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburu Maria Ubarretxenak Hirien eta Tokiko Gobernuen Munduko Biltzarrean parte hartu du, Tangerren. Gobernantza globalari buruzko nazioarteko foro nagusietako bat da, eta mundu osoko 3.000 ordezkari instituzional baino gehiagok parte hartu dute bertan.

XXI. mendeko erronkei aurre egiteko zerbitzu publikoen belaunaldi berri bat ardatz duen topaketa honetan, Euskadik nazioartean duen posizionamendua indartu du autogobernu, demokrazia aurreratu eta berrikuntza publikoko eredua partekatuz, eta kalitate demokratikoari, erakundeenganako konfiantzari, maila anitzeko gobernantzari, digitalizazioari eta adimen artifizialari buruzko eztabaida globaletan ekarpenak eginez.

Osoko bilkura eta lan-panel desberdinetan egindako agerraldietan, sailburuak kalitate demokratikoa eta herritarren konfiantza jarri ditu ekintza publikoaren erdigunean. Informazio eza, polarizazioa eta erakundeekiko mesfidantza gero eta handiagoa den  testuinguru global batean, Ubarretxenak azpimarratu du egungo demokrazien erronka nagusia herritarren eta erakundeen arteko konfiantza berreraikitzea dela, balio hori egunez egun eraikitzen baita ekintzen, gardentasunaren eta hurbiltasunaren bidez, erakunde irekiago, parte-hartzaileago eta eredugarrien  bitartez.

Ildo horretan, Euskadik herritarren konfiantza indartzeko euskal-ereduaren funtsezko bost zutabeak aurkeztu ditu: gardentasuna, erabaki publikoak hobeto azaltzeko eta erakundeak eskuragarriagoak egiteko; parte-hartzea eta gobernu irekia, ahots aniztasuna txertatzeko ekintza publikoan; osotasun instituzionala, eredugarritasunaren berme gisa; kontu-ematea, herritarren aurrean erantzuteko; eta politika publikoen ebaluazioa, etengabeko hobekuntzarako eta erakundeen ikaskuntzarako tresna gisa. Elementu horiek aukera ematen dute kalitate demokratikoa indartzeko, erabakiak hobeto hartzeko eta erakunde irekiagoak, hurbilagoak eta pertsonen beharretara bideratuak bermatzeko.

Era berean, euskal ordezkaritzak autogobernua indartzearen garrantzia azpimarratu du,  autogobernua baita lurraldearen ezagutzatik abiatuta baliabide propioak kudeatu eta erabakitzeko gaitasuna izateko bermea. Euskal autogobernua ongizatea, gizarte-kohesioa, lehiakortasun ekonomikoa eta kalitatezko zerbitzu publiko sendoak garatzeko funtsezko tresna eta eredu gisa aurkeztu dute kongresuan.

Ubarretxenak maila anitzeko gobernantza ere izan du hizpide kongresuan, euskal ereduaren indarguneetako bat baita elkarlana, Eusko Jaurlaritzaren, foru-aldundien eta udalen artekoa zein erakunde publiko eta enpresa-ehunaren eta gizarte-eragileen artekoa ere. «Gure autogobernuak erabakitzeko aukera ematen digu eta maila anitzeko gobernantzak, berriz, eraldatzeko aukera», adierazi du. Horregatik sailburuak defendatu du gaur egungo erronka handiek — besteak beste, eraldaketa digitalak, trantsizio ekologikoak, zahartze demografikoak edo lehiakortasun ekonomikoak — lankidetza, erantzunkidetasuna eta erakunde-maila desberdinak elkarrekin aritzea eskatzen dutela

Ubarretxenak erakundeen arteko lankidetzaren adibide gisa jarri du OGP Euskadi eredua, erakundeen eta herritarren artean partekatutako gobernu irekiaren eredua, kalitate instituzionala hobetzeko eta herritarrek erakundeengan duten konfiantza indartzeko.

Kongresuan jorratutako beste ardatz estrategikoetako bat lurralde-adimena izan da, hau da, datuak eta ezagutza politika publiko hobeak sustatzeko baliatzea. Digitalizazioa eta adimen artifiziala funtsezko tresnak dira plangintzak optimizatzeko, inbertsio publikoa hobetzeko eta zerbitzu eraginkorragoak eta pertsonak ardatz hartzen dituztenak eskaintzeko. «Benetako erronka ez da informazioa pilatzea, baizik eta ezagutza hori baliatzea erabaki publiko hobeak hartzeko» berretsi du Ubarretxenak.

GJH 18 AHOTS BATUAK

Nazioartean, Euskadik indartu egin du agenda globalean eragile aktibo gisa duen papera, ekimen berritzaile bat bultzatuz: Garapen Jasangarrirako Helburu berri bat, 18. GJHa txertatzea bultzatu du, «Ahots Batuak», kultura- eta hizkuntza-aniztasuna funtsezko elementutzat hartzeko gizarte-kohesiorako, nortasun kolektiborako eta kalitate demokratikorako.

Euskadik Munduko Biltzarreko partaidetzarekin, beraz, nazioarteko erreferente gisa duen posizioa sendotu du gobernantza aurreratuari, berrikuntza publikoari eta demokrazia irekiago, inklusiboago eta kohesionatugoen eraikuntzari lotuta. Euskal ereduak erronka global handien aurrean konfiantza, kohesioa eta erantzun partekatuak sortzeko duen gaitasuna erakutsi du. «Autogobernua pertsonen zerbitzura jartzen denean, berrikuntza ongizate kolektibora bideratzen denean eta erakundeek helburu partekatuen baitan elkarlanean jarduten dutenean, konfiantza berreraiki daiteke eta lurralde lehiakorragoak, kohesionatuagoak eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko prestatuagoak eraiki daitezke» amaitu du sailburuak.