Bizkaiko Foru Aldundiak Ibilbide Historikoak programaren edizio berezi bat aurkeztu du, Foru Berriaren 500. urteurrena ospatzeko. Euskal Herria Museoan egin da aurkezpena, eta bertan izan dira Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol diputatua, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria, Gotzon Gomez Gerediaga Elkarteko lehendakaria; Leire Irazabal, Euskal Herria Museoko zuzendaria eta Javi Barrio Enkarterriko Museoko zuzendaria.
Leixuri Arrizabalagak azaldu duenez, «Ibilbide hauek atzera begiratzeko aukera emango digute. Gure memoria historikoa erdigunean jarrita, hobeto ulertuko dugu Foruek zer-nolako garrantzia izan duten Bizkaiko autogobernuaren oinarri gisa». Horrez gain, gaineratu du: «Ondare bizia da, gaurkotasun handikoa; mendeetan zehar eskubideak eta antolatzeko modu propioak gordetzea ahalbidetu duena, eta gaur egungo Bizkaia hobeto ulertzen laguntzen diguna».
Otaduik azpimarratu duenez, «Bizkaiko Batzar Nagusientzat, ekimen hau oso-oso berezia da. Ez da bisiten egitarau soil bat edo kultur aisialdiko eskaintza huts bat: ibilbide hauen bitartez, funtsezko mugarri bat eraman nahi dugu herritarrengana, gure historia kolektiboaren muinetako bat: Bizkaiko Foru Barriaren 500. urteurrena. Eta, horrekin batera, balioa eman nahi diegu zin-bideei eta hiru Batzar Etxeei: Gernikakoa, Gerediagakoa eta Abellanedakoa».
Ekimen honek hiru ibilbide kultural proposatzen ditu, herritarrak lurraldearen antolaketa politiko eta sozialak mendeetan zehar izan duen bilakaerara hurbiltzeko eta ulertarazteko zer garrantzi izan duten Foruek Bizkaiko autogobernuaren oinarri gisa.
Ibilbide guztiak autobusez egingo dira, geldialdiak eginez azalpenak emateko, eta tarte batzuk oinez egingo dira. Horrela, ondarea, historia eta paisaia uztartzen dituen esperientzia oso bat eskainiko dute. Interesa dutenek www.ibilbidehistorikoak.eus webgunean egin ditzakete erreserbak.
Ibilbideak uztailean eta irailean egingo dira, eta lurraldeko egoitza historiko garrantzitsuenetako batzuk izango dituzte ardatz nagusi, hala nola Gernikako, Abellanedako eta Gerediagako batzar-etxeak. Ibilbideoi esker, aukera izango da foru-erakundeak sortu ziren lekuak bertatik bertara ezagutzeko. Edizio berezi honek, gainera, Bizkaiko Batzar Nagusien eta Gerediaga Elkartearen lankidetza izango du.
Proposamen honekin, Bizkaiko Foru Aldundiak ondare historikoa zabaltzeko eta foru-sustraiei balioa emateko konpromisoa indartzen du, herritarrak lurraldearen egungo nortasuna eratu duen iragana berriro berraurkitzera gonbidatuz.
Hiru ibilbide historikoak
Durangaldea: foruen eta autogobernuaren sorlekua
Bisita gidatu honek Durangaldearen nortasun historiko eta politikoa ezagutzera gonbidatzen gaitu. Autobusez egiten da, eta Momoition, Garain, Gerediagan eta Astolan geldialdiak eginez, leku bakoitzaren ezaugarriei eta garrantziari buruzko azalpenak eskaintzen dira. Momoition gure lehenengo erakundeen lekukoa ezagutuko da: gaur arte heldu diren kofradiak. Garain, elizateen jatorria eta antolaketa azalduko dira. Gerediagan, Durangoko merindadeko elizateen ordezkariak biltzen ziren Batzar Nagusietan, hamabi elizateek osatutako antolakuntza berezia ikusiko da. Eta Astolan, merindadearen antzinako gobernuaren egoitza izan zenean, justizia administratzen zuen auzitegiaren funtzionamendua ere ezagutaraziko da.
Ibilbide erakargarria da, Durangaldeko iragana eta nortasuna ulertzeko funtsezkoak diren antolaketa komunitarioa, foruak eta autogobernua uztartzen dituena.
Uztailaren 19an eta 26an eta irailaren 20an eta 27an egingo dira irteerak. Gidatutako ibilbiderako autobusa Abadiñotik irten eta bertara itzuliko da.
1526tik 1700era Bizkaiko Foru Berria eta haren eragina Enkarterrin
Jarduera honek hitzaldi bat eta ibilbide kultural bat uztartzen ditu, Foru Berria onartu ondoren Enkarterri Bizkaiko foru-sisteman integratzeko prozesua ardatz hartuta. Jardunaldia Enkarterriko Museoan (Sopuertan) egingo den hitzaldi batekin hasiko da: “1576an Enkarterriek Bizkaiko Foru Berria onartzearen ondorioak. Lege-berdinketa eta lurralde-integrazioaren lehen prozesuak”. Ondoren, Abellanedako Batzar Etxea bisitatuko da.
Gero, autobusez joango dira Gordexolara bisita egiten duten pertsonak. Gordexola izan zen XVII. mendean Gernikako Batzarretan sartu zen lehen kontzeju enkartatua. Herri horretan, oinezko ibilbide bat egingo da Zubieteko galtzada historikotik, eta baserri, dorre eta jauregi adierazgarriak ikusi ahal izango dira. Ibilbidea San Joan de Molinar Bataiatzailearen elizan amaituko da, haranean erabakiak hartzeko funtsezko gunea baitzen.
Ibilbide hori uztailaren 22an eta 23an eta irailaren 23an eta 24an egingo da, goizez.
Zin Bidea
Zin Bidea Bizkaiko jaun-andreek edo haien ordezkariek Bilbo eta Bermeo artean egiten zuten ibilbidea da, Goikolexean eta Gernikan geldialdiak egiten dituena. Zin egitea egintza solemnea zen, eta jaunaren eta bizkaitarren arteko ituna irudikatzen zuen. Zamudioko Ate Zaharrean hasten da ibilbidea, Bilbon, eta geldialdiak egiten ditu Larrabetzuko Goikolexeako zin-elizan, Gernikako Batzar Etxean eta Bermeoko Santa Eufemia elizan.
Uztailaren 28a eta 29a eta irailaren 25a eta 26a dira aurreikusitako egunak, eta autobusez egingo da ibilbidea.








