Bizkaiko Foru Aldundiak Madari errekaren gaineko pasabide berria inauguratu du ostiral honetan, eta azpiegitura horrek jarraipena ematen dio Gaztelugatxe eta Bermeo kostaldetik lotzen dituen oinezkoentzako bideari.
Arantza Atutxa Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko foru-diputatuak pasabidea inauguratu du, Nadia Nemeh Bermeoko alkatearekin batera. Jarduketa honen bidez, Bizkaiko naturagune berezienetako bat zeharkatzen duen oinezkoentzako ibilbidearen beste zati bat osatu da, eta erabiltzaileak handik igaro ahal izango dira, paisaian integratutako azpiegitura horri esker.
Gaztelugatxetik Matxitxako lurmuturreraino kostaldea inguratu ondoren, bidezidorra Sollubemendiko pinudian sartzen da, eta tarte horretan dago pasabidea. Bidezidorrak Erleko Puntako begiratokirantz jarraitzen du. Pasabide berriak aukera ematen du Madari errekaren gainetik igarotzeko eta, altuera horretatik, basoaz eta egituraren azpitik doan ibilguaz gozatzeko.
Azpiegitura 70 metro luze da, bi metro zabal, eta errekaren gainean 20 metro inguruko altueran dago.
Arantza Atutxa Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko foru-diputatuak nabarmendu duenez, pasabide berri horrek, batetik, Gaztelugatxe eta Bermeo arteko oinezkoentzako konexioa hobetzea ahalbidetzen du, eta, bestetik, natura-ingurunea babesten du. Aukeratu dugun soluzio honek bateragarri egiten ditu eremu horretaz gozatzea eta Bizkaiko ingurumen-enklabe baliotsuenetako bat kontserbatzea.
Urdaibain integratutako azpiegitura
Proiektuaren erronka nagusietako bat izan da ingurumen-balio handiko ingurunea errespetatuko duen pasabide bat eraikitzea. Madari erreka Urdaibaiko Ibai Sarearen Kontserbazio Bereziko Eremuan dago, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren barruan, eta, horregatik, ibilguan euskarririk jarri ez duen eraikuntza-soluzio bat aukeratu da. Horrela, egitura osoa bi ertzetako muturretan bermatuta dago, eta naturagune babestuaren gaineko eragina ahalik eta txikiena da.
Gainera, elementu aurrefabrikatuak erabili direnez, eraikuntza-lanak arindu dira, eta obrek ingurunean izaten duten inpaktua murriztu da. Erabili diren materialei esker ere, hobeto integratu da ingurunean. Pasabideak egurrezko zoladura eta Corten altzairuzko barandak ditu. Corten altzairua kolore marroikoa da, eta, altzairu horrek, tratamendu gehigarririk behar izan gabe euriari eta hezetasunari ondo eusteaz gain, bat egiten du errekaren inguruko basoaren tonuekin.
Obrak 2024ko azaroan hasi ziren, eta Europako Next Generation funtsen finantzaketa izan dute. Azken inbertsioa 1.123.618,45 eurokoa izan da. Obrak egiteko fasean, euskarrietako baten zimenduak indartu behar izan ziren, aurreikusi gabeko zailtasun geoteknikoak atzeman zirelako. Inguruabar horren ondorioz, hasierako soluzioa aldatu behar izan zen, eta horrek azaltzen du zergatik handitu den aurrekontua adjudikazioan aurreikusi zenarekin alderatuta.








