Abuztuaren 12an izango den eklipse osoa Nafarroako zati batean ikus ahal izango da, eta zabalduko den segurtasun dispositiboa guztira 1.165 pertsonak osatuko dute; tartean, segurtasun-indarrak eta -kidegoak, Suhiltzaileak eta Nafarroako Babes Zibileko eta Trafikoko kideak egongo dira. Horrela adierazi du gaur goizean Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilaria den Inma Juriok prentsaurreko batean; bertan parte hartu dute, halaber, Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak, Alicia Echeverriak; eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria den Juan Luis Garciak. Bertan, egun horretarako herritarrei zuzendutako aholku-kanpaina aurkeztu dute, eta aholkuak autobabesaren, suteen prebentzioaren eta mugikortasunaren ingurukoak dira.
Egun horretarako segurtasun operatiboa Foruzaingoko 454 agentek, Nafarroako Suhiltzaileetako 122 agentek, Babes Zibileko Zerbitzuko 25 pertsonak eta Nafarroako Trafikoko beste 6 pertsonak osatuko dute. Era berean, lanean arituko dira 380 guardia zibil; Polizia Nazionaleko 75 kide; Cintruenigo, Milagro, Tutera eta Sartagudako Babes Zibileko 50 boluntario; eta Buñuel, Cascante, Castejon, Corella, Lodosa, Martzilla, Azkoien, Tafalla eta Tuterako 53 udaltzain.
Jurio kontseilariak adierazi du Nafarroako herritarren eta eklipsea ikustera Foru Komunitatera joango diren bisitarien segurtasuna dela garrantzitsuena, eta, horretarako, nabarmendu du “funtsezkoa” dela segurtasun-indarren eta -kidegoen eta gainerako prebentzio- eta babes-zerbitzuen arteko lankidetza. “Duela hilabete asko hasi ginen prestatzen Nafarroako herritarrek eta bisitariek salbuespenezko ekitaldi horretaz ahalik eta segurtasun handienarekin gozatzeko”, adierazi du.
Zehazki, ekitaldi hori ikustera joan nahi duten pertsonak Behatzeko prestatutako 20 Puntu Ofizialetako batetik egitera gonbidatu ditu Juriok. Leku horietan, eklipsea baldintza onenetan ikusteko espazio bat jarriko da publiko orokorraren eskura. “Lan handia egin da espazio horitako bakoitzean, esperientzia segurua eskaintzeko, eta gailuak, neurriak eta zerbitzuak horietako bakoitzaren edukiera espezifikora, kokapenera eta orografiara nahiz bisitari-fluxuen kudeaketa egokira eta Babes Zibilaren mailan jasotako behar teknikoetara egokitu dira”, esan du.
Autobabesaren, suteen prebentzioaren eta mugikortasunaren inguruko aholkuak
Era berean, Nafarroako Gobernuak herritarrei zuzendutako aholkuak jasotzen dituen kanpaina prestatu du, eta aholku horiek autobabesari, suteen prebentzioari eta eklipsearen aurreko eta ondorengo joan-etorriei buruzkoak dira. Kanpainaren bidez, Juriok azaldu duenez, herritarrei gomendioak ematen zaizkie, “ekitaldi astronomikoaz modu arduratsuan gozatzea bermatzeko, arriskuak minimizatzeko eta, ahal den neurrian, larrialdi-zerbitzuak tenkatzea saihesteko, jende ugari biltzea aurreikusten den jardunaldi batean”. “Guztiok dugu ingurumena zaintzeko ardura, sutea piztea saihesteko ardura edo errepidean istripu bat ez gertatzeko ardura”, esan du. Horretarako, kartel bat eta irratirako, telebistarako eta sare sozialetarako mezuak diseinatu dira. Kanpaina, uztailaren 27an, astelehena, abian jarriko da.
Autobabesari dagokionean, egun horretarako garrantzitsua izango da pertsona bakoitzeko bi litro ur, mugikorrerako kanpoko bateria bat eta linterna bat eramatea, azken horretarako aldatzeko pilak eta guzti; era berean, inguruko mapak deskargatzea gomendatzen da, Internet gabe erabili ahal izateko.
Suteen prebentzioari dagokionez, herritarrei ez zaie gomendatzen landarediaren gainean aparkatzea, motorraren beroak sutea eragin baitezake, edota suak edo barbakoak piztea eta zigarro-mutxikinik ez botatzea. Era berean, kristalezko botilak eguzkitan ez uztea eta hondakinak jasotzea gomendatzen da.
Mugikortasunaren atalean, Nafarroako Gobernuak gogorarazi du ezin dela errepide baten bazterbidean geratu eklipsea ikusteko, istripua izateko arrisku handieneko egoera baita hori. Halaber, ezingo da eklipsearen aurretik edo ondoren alferrikako joan-etorririk egin eta ezingo da autoa areketan edo finketarako sarbideetan utzi. Orobat, baso-pistetan eta landa-bideetan ez zirkulatzea gomendatzen da, seinalerik, argiteriarik eta estaldura mugikorrik ez izateak pertsonen segurtasuna arriskuan jar dezakeelako. Era berean, garrantzitsua izango da larrialdi-ibilgailuei uneoro pasatzen uztea.
Eklipsearen ondoren, Foru Exekutiboak iradoki du gutxienez 30 minutu itxarotea ibilgailura itzultzeko, errepideak gainezka egongo direla aurreikusten baita, eta ekitaldia Pertseidak ikusteko aprobetxatzea.
Uneoro, oso garrantzitsua izango da agintarien jarraibideak jarraitzea eta kanal ofizialen bidez informatuta egotea.
Nafarroako Trafikoaren ebazpena
Trafikoaren kudeaketari dagokionez, abuztuaren 12an ibilgailuen joan-etorriak eta zirkulazioa nabarmen handituko direla eta bideak bete daitezkeela ikusita, Nafarroako Foru Komunitateko bide publikoetan zirkulatzea debekatuta izango dute ibilgailuek edo 7.500 kg-tik gorako salgaiak garraiatzeko ibilgailu-multzoek, baimendutako gehieneko masa (BGM) edo multzoko gehieneko masakoek (MGM), 2026ko abuztuaren 12ko 17:00etatik 23:59ra arte, honako kasu hauetan izan ezik: AP-68 bidetik zirkulatzen badute, 162,56 – 166,85 tartean (bi noranzkoetan, Errioxako mugatik Errioxako mugaraino) eta, bide berean, 201,62 – 236,98 tartean (bi noranzkoetan, Errioxako mugatik Zaragozako mugaraino). Muga orokor horretatik salbuetsita daude animalia bizien garraioa, larrialdi-ibilgailuak edo gasolindegien hornidura, besteak beste.
Delegatuak Ministerio arteko Batzordea sortzea nabarmendu du
Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak, Alicia Echevarriak, gogorarazi du Espainiak aparteko fenomeno astronomiko bat biziko duela 2026an, 2027an eta 2028an; hau da, Eklipse hirukote bat, eta abuztuaren 12ko eguzki-eklipse osoa hor kokatzen dela. Fenomeno horren inguruko jarduerak prestatu, antolatu eta koordinatzeko, Ministerio arteko Batzorde bat sortu zen, bost lantalderekin, mugikortasuna eta segurtasuna, ingurumen-arloko arriskuak edo osasun publikoa bezalako gaien inguruan. Gai horiek lantzeko, koordinazio-lana burutzen ari dira inplikatutako gainerako administrazioekin.
Ildo horretan, Echeverriak nabarmendu du segurtasuneko tokiko batzarrak lan garrantzitsua egiten ari direla abuztuaren 12an indarrean izango diren dispositiboak lantzeko, behaketa-gune ofizialak izango diren udalerrietan. “Gure ustez, Eklipse Hirukote hori aukera paregabea izango da gure herrialdean zientzia eta kultura ospatzeko, milaka pertsona mobilizatuko dituen mugarri gogoangarria”, adierazi du Gobernuaren ordezkariak. “Lanean ari gara antolakuntza eraginkorra izan dadin eta maila guztietan esperientzia seguruaz goza dezagun”, esan du.
Eklipsearen bisore kartografiko berria aurkeztu da
Azkenik, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria den Juan Luis Garciak eklipsearen bisore kartografiko berria aurkeztu du, IDENAren (Nafarroako Datu Espazialen Azpiegitura) bidez ikus daitekeena eta eklipse osoaren ehunekoa, haren aztarna eta eguzkiaren ikuspena ikusteko aukera emango duena, mendiek, eraikinek edo zuhaitzek Foru Komunitateko edozein tokitan sortutako itzalak kontuan hartuta.
Era berean, Garcia kontseilariak honela gogorarazi du: “helburua da pertsonek eklipsea non ikusiko duten eta batetik bestera nola mugituko diren planifikatu ahal izatea”. Ildo horretan, Nafarroako Gobernuak 20 behaketa-puntuko sarea prestatu du, 50.000 pertsonatik gorako edukierarekin. “Gune horiek esperientzia osoa, antolatu eta segurua eskaintzeko moduan diseinatuta daude”, azpimarratu du, eta gogorarazi du aparkalekuak, jatetxe-eremuak eta egun osoko jardueren programazioa bezalako zerbitzuak dituztela. Sarrerak salgai daude eklipsenavarra.org web gunean.







