Hondarribiko udako merkatuaren zazpigarren edizioa abuztuaren 1ean eta 2an egingo da

0

Hondarribiko Udalak eta Bidasoa Bizirikek, Hondarribiko merkatari eta artisauen laguntzarekin, udako merkatua antolatu dute. Azoka abuztuaren 1ean eta 2an egingo da, San Pedro kalean, eta tokiko merkataritza sustatzea eta hiriko saltokien kalitatea zein erakargarritasuna ikusaraztea ditu helburu.

Aurten zazpigarren aldiz egingo da merkatua, eta 20 parte hartzaile izango dira eta denetariko saltokiak aurkituko ditugu bertan. Estitxu Urtizberea alkateordeak azpimarratu duenez, tokiko artista eta sortzaileek protagonismo berezia izango dute: “Horrek ematen dio benetako balio erantsia merkatu honi; izan ere, objektu edo produktu bitxiak nahiz apartekoak eskuratu daitezke”. Horregatik, Urtizbereak herritarrak gonbidatu ditu merkatura hurbildu eta “Hondarribian dugun talentua” ezagutzera

Ohi bezala, merkatuak bi egun iraungo du. Larunbatean goizeko 11:00etan irekiko dira postuak, gaueko 21:00ak arte. Igandean, berriz, 11:00etan ireki eta 20:00ak arte egongo dira zabalik. Gainera, aurten berrikuntza bat izango da: eguerdian edari naturalak dastatzeko aukera eskainiko da, postuetan txartelak eskuratu ondoren. Beraz, larunbatean bertako sagardo eta sagar-zuku ekologikoen dastaketa gidatua egingo da, Sagarrek proiektuaren eskutik; eta igandean, El Curry Verde-ren udako zukuak dastatzeko aukera izango da. Alkateordeak, azkenaldian egin duen beroa dela-eta, freskagarri horiek “ziur ongietorriak” izango direla gaineratu du.

Horretaz gain, haurrentzako doako tailerrak ere izango dira. Hala ere, parte hartu ahal izateko izena eman beharko da tailerra hasi baino ordu erdi lehenago. 12:00etan egingo dira tailerrak: larunbatean, 4eta2-ren eskutik “Oihalekin margotu” tailerra izango da, bost urtetik gorako haurrentzat; eta, igandean, ordea, “Kometak zerura” tailerra antolatu da Lamiarri Tattoo Studio-rekin, honako hau ere, bost urtetik gorako haurrentzat. Gainera, musikak ere bere lekua izango du merkatuan, eta iaz bezala, kale-antzerkia izango da. “Jendea saltseatzen ibiliko dira eta oso dibertigarria denez, errepikatu nahi izan dugu”, onartu du Urtizbereak.

Zozketek ere izango dute lekua merkatuaren zazpigarren edizioan. Egindako erosketengatik txartelak banatuko dira, eta 100 euroko 16 opari-bonu eskuratu ahal izango dira larunbatean 20:30ean eta igandean 19:30ean egingo diren zozketetan. Opari-bonuak parte hartzen duten saltokietan erabili ahal izango dira.

Egitaraua

Abuztuak 1

  • 11:00: Merkatuaren irekitzea.
  • 12:00: ‘Oihalekin margotu’ tailerra 4eta2-rekin. 5 urtetik gorako haurrentzat.
  • 13:00: Bertako sagardo eta sagar-zuku ekologikoen dastaketa gidatua Sagarrek proiektuarekin.
  • 18:00: Ipuin kontalaria euskaraz.
  • 20:30: Sarien eta oparien zozketa
  • 21:00: Merkatuaren itxiera

Abuztuak 2

  • 11:00: Merkatuarn irekitzea
  • 12:00: ‘Kometak zerura’ tailerra Lamiarri Tattoo Studio-rekin. 5 urtetik gorako haurrentzat.
  • 12:30: Zuzeneko binilo aukeraketa Bombadil Sound-ekin.
  • 13:00: Bertako produktuen dastaketa: El Curry Verde-ren udako zukuak.
  • 17:00: ‘Amparo eta Maitere’ kale antzerkia.
  • 19:30: Sarien eta oparien zozketa.
  • 20:00: Merkatuaren itxiera