Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiketako Sailak berritu egin ditu Etxebizitza Babestuaren Eskatzaileen Erroldaren baldintzak. Irailetik aurrera jarriko dira indarrean, eta etxebizitza babestuaren modalitateak zabaltzeko, baldintzak gizarte-errealitate berrietara egokitzeko eta esleipen-prozedurak hobetzeko aukera emanen dute.
Hirugarren presidenteordea eta Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiketako kontseilaria den Begoña Alfarok aurkeztu ditu aldaketak gaur, eta “haien helburua da bermatzea Nafarroan jende gehiagok etxebizitza babestu bat eduki ahal izatea, halakoak lortzeko aukerak zabalduz, errenta-profil berrietara errolda irekiz, eta bere funtzio soziala indartuz”.
Alfarorekin batera, Elga Molina, Etxebizitzako zuzendari nagusia aritu da, eta hark aurkeztu du Nafarroako Gobernuak abian jarri duen komunikazio-kanpaina herritarrei baldintza berrien berri emateko, beren eskubideei nola eragiten dieten jakinarazteko eta, hala, eskaerak eguneratu ahal izateko.
Berrikuntzarik aipagarrienetako bat alokairuko etxebizitzei eta alokairu eskuragarrietara bideratzen direnei dagokie, hain zuzen ere, irailetik aurrera zozketa bidez esleituko baitira erreserba orokorrak. Kontseilariak azaldu duenez, “aldaketa honekin familia- eta gizarte-tipologia eta errenta-tarte desberdinak txandakatu nahi dira sustapen ezberdinetan”. Aldi berean, erreserba berezietarako (desgaitasuna duten pertsonak, genero indarkeriaren edo terrorismoaren biktimak, familia ugariak eta abar) baremoaren araberako esleipen-sistemari eutsiko zaiola argitu du Alfarok.
Alokairuko etxebizitzen zozketa jendaurrekoa izanen da eta notario aurrean eginen da. Erreserba orokorrean daudenen artean eginen da zozketa, eta lau multzotan banatuko dira adinaren eta sustapeneko udalerrian erroldatuta dauden ala ez kontuan hartuta. Hala, bereiziko dira erroldatuta dauden gazteak (35 urte edo gutxiagokoak) eta 60 urte edo gehiagokoak; adin tarte horietakoak baina erroldatu gabeak; erroldatutako pertsonak; eta gainerakoak. Eskatzaile bakoitzak dagokion taldean baino ezingo du parte hartu, eta errolda-eskaeran zehaztu zuen logela-kopuruarekin bat datozen etxebizitzak baino ezingo ditu eskuratu.
Etxebizitza babestuaren modalitate berriei dagokienez, aipagarria da azalera-eskubideko etxebizitza babestuaren erosketa; aukera horrek etxebizitzaren jabetza ematen du denbora jakin batez, baina ez lurzoruaren jabetza. Modalitate berri hori gehitzen zaio aurtengo lehen egunetan indarrean sartu zen alokairu eskuragarriari, lehen kanpoan geratzen ziren errenta ertainetako familiei sarbidea zabaltzeko, haiek ere izena ematea ahalbidetuz.
Sarbide-baldintzak aldatu
Eraldaketak, halaber, sarbide-baldintzak aldatuko ditu, batez ere errenta-tarteei dagokienez, goratu egin baitira eskatuko diren gutxieneko diru-sarrerak: 5.000 euro alokairurako, 19.000 euro BOE erosteko, eta 24.000 euro BOET erosteko. Gainera, 100.000 euroraino goratu da eskatzaileek ondare-eskualdaketetatik izan ditzaketen diru-sarreren zenbatekoa.
Bertzalde, familia-unitateen ikuskera ere zabaldu egiten da aintzat hartuz, nahiz eta ezkontza-loturarik ez egon eta formalki bikote egonkorrik ez eratu, elkarrekin bizi diren bizikideak beren seme-alaba komunekin batera.
Erreserba espezifikoak ere eguneratu egin dira, desagertu egin baita mugimen-desgaitasun larria duten pertsonentzako % 40ko gutxieneko desgaitasunaren baldintza, eta familia ugariek bi erreserba-mota izanen dituzte: orokorra eta berezia.
Azkenik, xedatzen da jabetza-erregimenean esleitutako etxebizitza bati uko eginez gero, hiru urteko bazterketa pairatuko dela erroldan; aldiz, alokairuko edo arrazoizko alokairuko etxebizitza bati uko eginez gero, bi urtekoa izanen da bazterketa.
Komunikazio-kanpaina eta aplikazio berria, errazagoa, bizkorragoa eta intuitiboagoa
Aldi berean, diseinatu da Etxebizitza Babestuaren Eskatzaileen Erroldaren aplikazio berria, errazagoa, bizkorragoa eta intuitiboagoa, etxebizitza babestuaren esleipenarekin lotutako izapide guztiak zentralizatzen dituena. Dagoeneko izena emanda daudenek aukera dute eskaerak berrikusteko, baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatzeko eta, behar izanez gero, lehentasunak eguneratzeko.
Oroitarazten da Etxebizitza Babestuaren Erroldan izena ematea ezinbesteko baldintza dela etxebizitza babestu bat eskuratu ahal izateko. Etxebizitza erosteko izen-ematea online egin behar da nahitaez, Nafarroako Gobernuaren Izapideen Katalogoko fitxaren bitartez, eta kudeaketak aurrez aurre egin behar dituztenek hitzordua eskatu beharko dute, bai Nasuvinsaweb-orriaren bidez (Iruñeko eta Tuterako bulegoetarako), bai 848 420 600 telefonora deituz.
Berrikuntza horien berri emateko, Nafarroako Gobernuak komunikazio kanpaina bat abiaraziko du abuztuaren 3tik aurrera, sare sozialen, prentsa idatzi eta digitalaren, irratien eta Iruñerriko, Tuterako, Lizarrako eta Tafallako markesinen bidez plazaratuko dena. Informazio-materiala ere banatuko da, adibidez, kartelak eta triptikoak, Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiaren eta Nasuvinsaren jendaurreko bulegoetan.








