- Segurtasun Sailak gertakariak gaitzetsi ditu eta babesa adierazi die erasoa jasan duten ertzainei
Lehenengo gertakaria gaur goizaldeko ordu biak aldera izan da, Eibarren. Udalerri horretako Udaltzaingoak Ertzaintzaren laguntza eskatu du, taberna batean arma zuriak edo beste objektu zorrotz batzuk erabilita gertatzen ari zen eraso batengatik. Hainbat polizia bertaratu dira egoera kontrolatzeko, eta zauritutako pertsona bat aurkitu dute. Gertatutakoaren berri izan ondoren, ustezko bi egileak atxilotu zituzten, lesio-delitu bat egotzita. Atxilotuak ibilgailu ofizialean sartzeko unean, zaurituaren senide eta lagunek patruilei eraso egin diete, eta agenteek dotazio-materiala erabili behar izan dute ordena zaintzeko. Bederatzi pertsona atxilotu dituzte agintaritzaren agenteen aurkako atentatuagatik, bost emakume – 4 jatorri latino-amerikarrekoak eta bat jatorri magrebtarrekoa, 30 eta 46 urte bitartekoak – eta lau gizon – bi jatorri latino-amerikarrekoak, bat jatorri magrebtarrekoa eta bat espainiar nazionalitatekoa, 23 eta 41 urte bitartekoak –. Atxilotutako pertsona gehienek polizia-aurrekariak dituzte.
Istiluen ondorioz, bederatzi agente zauritu dira, zazpi ertzain eta bi udaltzain, kolpe arinekin eta ospitalean artatu dituzte.
Arrasate
Bigarren gertakaria goizaldeko hirurak laurden gutxitan izan da, Arrasateko beste ostalaritza-establezimendu batean. Kasu horretan, zerbitzuz kanpo zegoen ertzain bat bi emakumeren arteko borrokan bitartekari lanak egiten saiatu da, eta, ertzain gisa identifikatu ondoren, pertsona talde batek eraso egin dio. Zauritutako agentea osasun-zentro batean artatu dute, gorputzean jasotako kolpeen ondorioz.
Vitoria-Gasteiz
Azkenik, gaur goizeko zortzietan, 30 urteko emakume bat eta 24 urteko gizon bat, biak espainiar nazionalitatekoak, atxilotu dituzte Virtoria-Gasteizen desobedientzia eta agintaritzaren aurkako atentatua egotzita. Antza denez, agenteak magrebtar jatorriko bi pertsona identifikatzera joan dira, lapurtzen saiatu direlako, eta pertsona talde batek botilak, kristalezko edalontziak eta aulkiak jaurti dizkiete. Istiluetan, agenteek lehen aipatutako bi pertsonak atxilotu dituzte, eta hamaika pertsona gehiago identifikatu dituzte. Halaber, beste gizon bati espedientea ireki zaio Herritarren Segurtasunari buruzko Legearen arabera, patruilarekiko errespetu faltagatik. Gertakari hauetan agente bat zauritu da eta mutuan artatu dute.
Gaitzespena
Segurtasun Sailak irmoki gaitzesten ditu gaur gauean Vitoria-Gasteizen, Eibarren eta Arrasaten ertzainek jasandako eraso guztiak, eta elkartasuna eta babesa adierazten die horien biktima izan diren agenteei. Ricardo Ituarte Segurtasuneko sailburuordeak adierazi duenez “onartezina da edozein pertsonaren aurkako edozein eraso edo indarkeria-ekintza. Eta, bereziki, gizarte gisa zuzentzen gaituzten segurtasuna eta bizikidetza-arauak bermatzeko lan egiten dutenen aurka”.
Segurtasuneko sailburuordeak azpimarratu duenez “beste behin ere, kezkaz ikusten dugu, gutxiengo batentzat, alkoholaren eta beste substantzia batzuen kontsumoa eta festa aitzakia bihurtzen direla errespetua galtzeko, bizikidetzaren aurka egiteko, baita segurtasuna eta bizikidetza bermatzen saiatzen direnen aurka indarkeria erabiltzeko ere”.
Ituartek berretsi duenez “segurtasun Saila ez dago prest gutxiengo baten aldetik delitu-egitate horiek normalizatzeko, eta Euskal Poliziaren, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoen zeregina defendatzen jarraitzeko borondatea erakusten dugu. Euskal gizarteak, herri honetan bizi garen gehienok, errespetu handia die bizikidetza-arauei, eta gure Polizia arau horiek bermatzeko egongo da beti”.








