Berdintasun Departamentuak Zarauzko Emakume* Sortzaileen Erakusketa antolatu du. Erakusketa 2026ko abuztuaren 29an izango da, 11:00etatik 20:00etara, Malekoiko Galtxagorri gunean.
Ekimen honen helburua emakume sortzaileen lana eta sorkuntzak ikusaraztea eta balioan jartzea da. Horretarako, erakusketak espazio bat eskainiko die beren proiektuak eta artisau-lanak herritarren aurrean aurkezteko. Emakume sortzaileen lana aitortu, ikusarazi eta balioan jartzea du helburu.
Izen-ematea zabalik
Erakusketan postu batekin parte hartu nahi duten emakume sortzaileek abuztuaren 13ra arte eman ahal izango dute izena. Eskaerak online edo aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Berdintasun Departamentuan.
Parte-hartzaileek baldintza hauek bete beharko dituzte:
- Erakusgai jarriko diren artikuluak norberak sortutakoak eta artisau-lanak izatea.
- Komunikazio-material guztia (kartelak, esku-orriak, txartelak, etab.) euskaraz edo bi hizkuntza ofizialetan egotea, euskara lehenetsita.
- Hizkuntza edo irudi sexistarik ez erabiltzea, ezta arrazakeria edo xenofobia sustatzen duten mezu edo irudirik ere.
- Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan (JEZ) alta emanda ez egotea edo, gehienez ere, azken sei hilabeteetan alta eman izana.
Postuen esleipena
Eskabide kopurua eskainitako postu kopurua baino handiagoa bada, postuak zozketa bidez esleituko dira, Zarautzen erroldatutako emakumeei lehentasuna emanez.
Plaza hutsik geratuko balira, JEZari lotutako baldintza betetzen ez duten parte-hartzaileen eskaerak onartu ahal izango dira, alta berriena dutenetatik hasita eta, betiere, Zarautzen erroldatutako emakumeen lehentasuna errespetatuz.
Eskaerarekin batera honako dokumentazioa aurkeztu beharko da:
- Izen-emate orria behar bezala beteta eta sinatuta.
- JEZen alta emanda ez dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria edo, alta emanda badago, dagokion ziurtagiria.
Parte hartu nahi dutenek izen-emate orria deskargatu eta eskatutako dokumentazioarekin batera berdintasuna@zarautz.eus emailera bidali beharko dute, abuztuaren 13ra bitartean.









