Zarautzek bere Hizkuntza Eskola Ofiziala (HEO) izango du datorren irailetik aurrera. Zentro berria Lanpardo kaleko 3. zenbakian dagoen eraikinean egongo da kokatuta, eta udalerriko hezkuntza eskaintza zabaltzeko urrats garrantzitsua da irekiera hau.
Hizkuntza Eskola Ofizialaren etorrerak herritarrek aspalditik eskatutako beharrari erantzuten dio, izan ere, orain arte beste udalerri batzuetara joan behar izan dute hizkuntzen irakaskuntza ofiziala jasotzera. Azpiegitura berri honekin, Zarautzeko eta eskualdeko bizilagunek udalerritik atera beharrik gabe izango dute hizkuntzak ikasteko aukera.
“Urte luzez Udala zerbitzu hau jasotzeko eraikin egokiaren bila aritu da eta kudeaketa lan askoren ondoren, leku aproposa aurkitu du Azken Portu Goian”, adierazi du Irune Urbieta (EAJ-PNV) Hezkuntza zinegotziak. “Era honetan, Udal Euskaltegiak euskara ikasteko ematen dituen aukerez gain, azpiegitura berri honek udalerriko hizkuntzen irakaskuntza publikoaren eskaintza osatuko du”.
2026-2027 ikasturtearekin batera hasiko du bere jarduera zentro berriak, eta interesa duten pertsonei hizkuntza desberdinetan trebatzeko aukera emango die, Hizkuntza Eskola Ofizialen sare publikoaren baitan, zentro hauek bereizten dituzten kalitate eta aitortza ofizialarekin.
Lehen ikasturte honetarako eskainiko diren hizkuntzak ingelesa eta gaztelania (atzerri hizkuntza bezala) izango dira. “Udalaren nahia da, hurrengo ikasturteei begira, eskaintza hau zabaltzea eta ahalik eta hizkuntza gehien ikasteko aukera izatea Zarautzen”, gehitu du Urbietak.
Udalak nabarmendu du dotazio berri honen garrantzia udalerriarentzat, bai bere balio hezitzaileagatik, bai herritarren bizialdi osoko etengabeko prestakuntzari ematen dion bultzadagatik.
Abuztuan zehar, zentro berriaren jarduera hasteari lotutako informazio gehiago emango da ezagutzera: matrikulazio epeak, egutegia eta gainerako informazio praktikoa.








