Euskadik eta Nafarroak memoriaren, bakearen, bizikidetzaren eta giza eskubideen arloko elkarlana indartu dute

0
  • Akordioak jarraipena ematen dio 2021ean hasitako elkarlanari, eta, aurreko hitzarmena amaitu ostean, elkarrekin lan egiteko bide berriak ezartzen ditu

Gobernu Kontseiluak, Maria Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak proposatuta, memoriaren, bakearen, bizikidetzaren eta giza eskubideen arloan Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean aritzeko beste hitzarmen bat sinatzea onartu du gaur. Akordio horren helburua da 2021ean bi erkidegoen artean hasitako elkarlanari, zehazki giza eskubideak sustatzearen, biktimen arreta eta aintzatespenaren, memoria kritikoa eraikitzearen eta bakearen eta bizikidetzaren kultura sustatzearen arloetan hasitako elkarlanari, jarraipena ematea eta elkarlan hori indartzea.

Hitzarmena datozen asteetan sinatuko da, eta 2025eko urrian Nafarroak eta Euskadik sinatutako Lankidetza Protokolo Orokorra garatuko du. Protokolo horren jarduketa-esparruen artean daude bakea, memoria, bizikidetza eta giza eskubideak. Zehazki, bi administrazioek elkarrekin lan egingo dute pertsonen errespetua eta duintasuna sustatzeko, giza eskubideak bultzatzeko eta indarkeria arbuiatu eta deslegitimatzeko —edozein ideia edo proiektu defendatzeko bitarteko gisa—, baita biktima guztiek egia, justizia eta erreparazioa jasotzeko duten eskubidea sustatzeko ere. Aldi berean, memoria kritikoa eraikitzen laguntzea aurreikusten du —bizikidetza indartzeko tresna den heinean—, baita bi komunitateetan gertatutako giza eskubideen urraketa guztiak argitzea eta bakearen kultura eta errespetuaren, demokraziaren eta bizikidetzaren balioak sustatzea ere.

Elkarlanerako hiru esparru

 Hitzarmenak hiru arlo nagusitan antolatzen du elkarlana: memoria, biktimen arreta, eta bizikidetza eta giza eskubideak.

Memoriaren arloan, Memoriaren Nafarroako Institutuak eta Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak parte hartuko dute. Biktimen arretaren arloan, Nafarroako Gobernuko Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zerbitzuko Biktimen Arretarako Bulegoaren eta Justizia eta Giza Eskubideen Euskal Saileko Giza Eskubideen eta Biktimen Arretaren Zuzendaritzaren bidez gauzatuko da elkarlana. Eta bizikidetzaren eta giza eskubideen arloan, Nafarroako Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zerbitzuaren eta Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen eta Biktimen Arretaren Zuzendaritzaren beraren artean egingo da.

Akordio berri horrek jarraipena ematen dio azken urteetan bi administrazioen artean garatutako elkarlanari. Nafarroak eta Euskadik lankidetza-protokolo orokorrak sinatu zituzten 2016an eta 2021ean, eta, esparru horretan, 2021eko maiatzaren 26an, memoriaren, bakearen, bizikidetzaren eta giza eskubideen arloko hitzarmen espezifikoa sinatu zuten bi gobernuek eta Gogora institutuak.

Hitzarmen horrek lau urteko indarraldia izan zuen, eta 2025eko maiatzean amaitu zen. Akordio berriari esker, lankidetza hori eguneratu eta berritu ahal izango da, bi gobernuen egungo egituretara eta eskumenetara egokituta.