Hondarribiko Udal zerbitzuak indartzea gobernu taldearen lehentasunetako bat izan da agintaldia hasi zenetik. Ildo horretan, gizarte arloko zerbitzuak sendotzeko eta herritarrei eskaintzen zaien arreta hobetzeko hainbat neurri hartu dira, udal gobernuaren agintaldi-planean jasotako konpromisoari jarraituz.
Horren adibide dira, besteak beste, Gizarte Zerbitzuen kartera osatzea eta hainbat programa abian jartzea. Udal gobernuaren apustua argia da; gizarte-kohesioa, prebentzioa, gertutasuna eta herritarren ongizatea udal politikaren lehen lerroan kokatzea. Horretarako, zerbitzu publikoen eskaintza ez ezik, horien kalitatea, jarraipena eta koordinazioa ere indartu nahi dira.
Udal zerbitzuak indartzea, lehentasun
Udal gobernua agintera iritsi zenetik, gizarte arloko udal zerbitzuak indartzeko eta herritarren beharrei erantzuteko baliabideak sendotzeko lanean aritu da. Helburua herritarrei arreta osoagoa eta hurbilagoa eskaintzea, da behar desberdinei erantzuteko gaitasuna handituz.
Ildo horretan, Gizarte Zerbitzuen Kartera osatu eta udalaren zerbitzu-eskaintza zabaldu da. Horren harira, babesgabetasun-egoeran dauden adingabeei zuzendutako laguntza psikosoziala eta arreta goiztiarra txertatu dira udalaren gizarte-zerbitzuen eskaintzan, Karteran jasotako prestazioei erantzunez.
Bestalde, agintaldi honetan AuzoEKIN programa jarri da martxan. Egitasmoaren helburua da zaintza-eredu tradizionalen eraldaketari erantzutea eta nahi gabeko bakardadeari zein hauskortasun-egoerei aurre egitea, auzoetan oinarritutako sare publiko-komunitario baten bidez.
Programa Mendelu, Amute-Kosta, Arkolla, Alde Zaharra eta Puntalea auzoetan garatu da dagoeneko. Banakako akonpainamendua eta talde-dinamikak uztartuz, pertsonen gizarteratzea, harremanak sortzea eta auzo-sareak sendotzea ditu ardatz. AuzoEKINen barruan hainbat ekimen jarri dira martxan, besteak beste, kafe-tertuliak.
Udal eskaintza zabaltzeko eta herritarren behar desberdinei erantzuteko beste ekimen batzuk ere jarri dira martxan. Horien artean daude “Do, re, ni” programa, narriadura kognitiboaren prebentzioa lantzeko, eta dolulaguntza zerbitzua, maite dugun pertsona baten galeraren dolua bizi duten herritarrei laguntza psikologikoa eskaintzeko.
Gazteria arloan, aldaketa nagusietako bat Prebentzio Komunitarioko zerbitzuaren berrantolaketa izan da. Udal gobernuak zerbitzuaren egoera aztertzean egiaztatu zuen kontratua 2009tik iraungita zegoela.
Horren aurrean, zerbitzuaren funtzionamendua, egiten ziren jarduerak eta kontratuan jasotako helburuen betetze-maila aztertzeko prozesua abiatu zuen Udalak. Azterketaren ondoren, zerbitzua sakon berrantolatu eta haren kontratazioa egonkortu da, gazteekin egiten den prebentzio-lana indartzeko.
Arreta koordinatuagoa, zerbitzu hobea eskaintzeko
Gizarte arloko udal zerbitzu eta programak indartzeko bidean, beste urrats garrantzitsu bat zerbitzu horiek guztiak espazio berean integratzea da. Helburua da herritarrei arreta osoagoa eskaintzea eta profesionalen arteko koordinazioa indartzea.
Izan ere, orain arte gizarte arloko zerbitzu eta programak udal eraikin desberdinetan eskaintzen dira. Muliateko Gizarte Zerbitzuen espazio berria ia prest dago, eta zerbitzuak pixkanaka kokapen berrira lekualdatzen ari dira. Gizarte Zerbitzuen departamentuaz gain, bertan kokatuko dira gizarte arloko beste hiru programa ere: babesgabetasun egoeran dauden adingabeei zuzendutako laguntza psikosoziala eta arreta goiztiarra, AuzoEKIN programa eta Prebentzio Komunitarioko zerbitzua.
Horrela, gaur egun sakabanatuta dauden lau zerbitzuak espazio berean bilduko dira. “Aste honetatik aurrera, lau zerbitzuetatik hiru dagoeneko martxan daude kokapen berrian: adingabeentzako arreta, AuzoEKIN programa eta Prebentzio Komunitarioko zerbitzua. Gizarte Zerbitzuen kasuan azken egokitzapenak amaitzen ari dira, eta lekualdaketa udazkenean egitea aurreikusten da”, azaldu du zinegotziak.
Espazioaren antolaketan, zerbitzu bakoitzaren beharrei erantzutea eta erabiltzaileen pribatutasuna bermatzea izan dira irizpide nagusietako batzuk. Zerbitzuek sarrera independenteak izango dituzte, eta, aldi berean, barrualdeko guneak elkarren artean konektatuta egongo dira. Horri esker, profesionalek harreman eta koordinazio handiagoa izango dute, eta beharrezkoa denean esku-hartze bateratuak egin ahal izango dituzte.
“Guretzat, aldaketa hau arreta hobetzeko aukera bat da. Zerbitzuen arteko harremana errazagoa izango da, eta pertsona bakoitzaren beharrei ikuspegi zabalago batetik erantzuteko aukera izango dugu. Horretarako, hasierako proiektua ere egokitu dugu, zerbitzu horiek guztiak eraikin berean izan daitezen, zerbitzuen funtzionamendua eta erabiltzaileen beharrak kontuan hartuta”, adierazi du zinegotziak.
Kokapen berriak irisgarritasunaren ikuspegitik ere hobekuntzak ekarriko ditu. “Hiri autobus zerbitzuak geltokia du Kattalin Erauso kalean eta, beraz, garraio publiko bidez iristeko aukera ere izango dute herritarrek”, azaldu du Peñak.
Udalak, guztira, milioi bat euro inguruko inbertsioa egin du hasierako proiektua egokitzeko, obrak gauzatzeko eta espazioak ekipatzeko.







