14 eta 18 urte bitarteko Nafarroako biztanleen %48,5ek onartzen dute noizbait zigarro elektronikoak kontsumitu dituztela, hau da, Foru Komunitatean erregistratutako maila historikorik altuena, eta 2021eko neurketarekin alderatuta (orduan %38,2koa zen) ehuneko 10,3 puntuko igoera kezkagarria. Gainera, ikasle horien %36k bapeatu dute azken urtean, Nafarroako Osasun Publikoaren Behatokiak (OSPN) azken ESTUDES inkestatik abiatuta aztertutako datuen arabera.
Hori dela eta, bapeatzeak dituen arriskuez sentsibilizatzeko eta gailu horiek erabiltzea prebenitzeko, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak (NOPLOI) «/ Bapeatzea ez da dirudiena» kanpaina berriro abiarazi du. Ekimen hori Nafarroako 2025-2030 Adikzioak Prebenitzeko IV. Planaren garapenean dago. Xede nagusitzat du familiak eta helduak ahalduntzea babes-eragile gisara, eta zigarro elektronikoen benetako toxikotasunaz jakinaraztea zorroztasun zientifikoz, eta bide horretan zenbait mito, hala nola «fruten zaporea duen baporea besterik ez da» edo «ez du adikziorik sortzen», apurtzeko.
Gero eta ohikoagoa den kontsumo-joera hori ez da soilik nerabe eta gazteena. 15-64 urteko biztanleen artean, urte gutxian bikoiztu egin da zigarro elektronikoak probatzen dituen jende-kopurua; 2015ean %6,8koa zen eta azken edizioan %12,1ekoa da, EDADES inkestaren datuen arabera. Gainera, genero-alborapen garbia dago: datuen arabera, nikotina duten gailuen kontsumoa handitu egin da emakumezko gazte eta nerabeetan. Hortaz, prebentzio-erronka espezifiko bat dago.
Arrisku-hautemate baxuaren iruzurra
Nerabe eta gazteen artean bapeatzea gorantz aritzearen faktoreetako bat da arrisku-hautemate baxua duela; izan ere, produktu horien irudiak ez dirudi kaltegarria, koloretsua da eta haurrentzako dela dirudi («bapeatzea fruta-zaporea duen ur-lurruna arnastea baino ez balitz bezala»). Horren atzean geratzen da, ordea, horien aerosolek nikotina eduki dezaketela (oso adiktiboa), bai eta birikak erasan ditzaketen partikulak, substantzia kantzerigenoak eta oso toxikoak diren metal astunak.
NOPLOIren Osasuna Sustatzeko eta Politika guztietan Txertatzeko Atalak, Osasun Ministerioarekin, OMErekin, eta zenbait sozietate zientifikorekin, hala nola Familia eta Komunitate Medikuntzako Espainiako Elkartearekin etaPneumologia eta Toraxeko Kirurgiaren Espainiako Elkartearekin, batera gogorarazten du gaur egun ez dagoela gailu horiek erretzeari uzteko aukera erabilgarri eta seguru diren ebidentzia zientifikorik. Argi dagoena «sarrerako atearen efektu» kezkagarria da: inoiz ohiko tabakoa erre ez duten gazteak nikotinaren adikzioan murgiltzen hasten dira bapeatzeagatik.
Familia-elkarrizketa, osasunaren aktibo gisara
Egoera horren aurrean, «Bapeatzea ez da dirudiena» kanpainak ez ditu zigor-diskurtsoak eman nahi, ezta errua sortzen dutenak ere, ebidentzia zientifikoak erakutsi baitu kontrako eragina dutela. Aitzitik, osasunaren sustapenaren ikuspegia hartzen du, eta erreferentziazko familiak eta helduak eragile giltzarritzat hartzen ditu, laguntzeko eta erabaki aske eta informatuak hartzea sustatzeko.
Hiru ardatzen bidez, kanpainak errotuen dauden mitoak eraistea du xede:
- Itxura errealitatearen aurrean: «Ez da fruta-zaporea duen lurruna; aerosol gehienek substantzia kantzerigenoak eta metal astunak dituzte».
- Kontsumo-areagotzearen prebentzioa: «Ez da jostailu bat. Nerabezaroan bapeatzeak etorkizunean ohiko tabakora adikzioa garatzeko arriskua areagotzen du».
- Sen kritikoaren sustapena, marketinaren aurrean: «Ez da moda bat soilik. Bilatu informazio fidagarria, oinarri zientifikoak dituena. Esan diezazuela dena».
Datozen asteetan kanpaina hainbat euskarriren bidez zabalduko da (markesinak, hiriko autobusak, irratiak, sare sozialak eta udal-aparkalekuen edikuluetan) Iruñeko Udalaren lankidetzari esker, gazteengana zein erreferente diren helduengana irits dadin.
Denborazko sintonia: Estatuko lege-proiektu berria
Nafarroan kanpaina hori berrabiaraztea bat dator denboran nazioartean osasun publikorako garrantzi handikoa den legezko mugarri batekin: Ministroen kontseiluak 28/2005 Legearen aldaketaren lege-proiektua onestea, tabakismoaren aurkako osasun-neurriei buruzkoa. Lege-proiektu hori jada Gorte Nagusietara bidali da, dagokion izapideak egiten hasteko. Foru Komunitatea bat dator Estatuaren erreforma horrekin, eta horren berritasunak onetsiko balira, gailu horien egoera alda dezakete:
- Adingabeei kontsumitzea debekatzea. Lehenengoz legedian, adingabeei berariaz debekatuko zaie tabakoa duten produktuak edo tabakoari lotutakoak kontsumitzea (eta ez salmenta edo horniketa soilik).
- Arauzko parekatzea. Tabakoari, zigarro elektronikoei (nikotinadunak zein ez dutenak), pipei, nikotina-zorroei eta belarra oinarri duten erretzeko produktuei lotutako produktuek ohiko tabakoak eremu publiko guztietan dituen kontsumo-, publizitate- eta babes-muga berdinak izango dituzte.
- Salmenta-puntuen murrizketa. Tabakoari lotutako produktu berri horien salmenta eta horniketa baimendu eta espezializatutako dendetara soilik mugatuko da.
- Behin erabiltzeko baperren amaiera. Behin erabiltzeko zigarroak merkaturatzea debekatuko da. Neurri hori oso garrantzitsua da haurrak tabakoaren munduan sartzea geldiarazteko eta hondakin plastiko eta elektroniko horien aztarna ekologikoa murrizteko.
- Kerik gabeko gune gehiago sortzea. Tabakoa eta aerosolak kontsumitzearen debekua ofizialki tabernen zein jatetxeen terrazetara, ibai zein itsaso hondartzetara, igerileku kolektiboetara, kirol-instalazioetara, aire zabaleko ikuskizunetara eta laneko ibilgailuetara ere helduko da. Halaber, «babes indartuko inguruak» sortuko dira, eta 15 metroko ingurua izango dute osasun-zentro zein ikastetxeen sarreren inguruan.







