María Chivite Navascués Nafarroako Lehendakariak gaur inauguratu du Atarrabiako Osasun-etxe berria, hain justu ere, haren lehen jarduera-egunean. Inaugurazio-ekintzan Fernando Domínguez Osasun kontseilariak ere parte hartu du, bai eta Jon Guajardo Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren kudeatzaileak, Itziar Blanco Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzaileak eta osasun-etxe horretako arduradun eta langileek ere. Osasun-etxe berri horrek 12.000 pertsona baino gehiago artatuko ditu, batez ere Atarrabiakoak, baina baita Ezkabarte zein Olaibarkoak ere, eta pertsona horien ia herenak 65 urte baino gehiago ditu.
Horniketa berriak 5.908.797,77 euroko inbertsioa egitea eskatu du, eta 2.600 metro karratu gehiago ditu, hau da, aurreko osasun-etxearen gainazalaren bikoitza. Eraikin berri horrek zerbitzuen zorroa osotasunean betetzea ahalbidetuko du, eremurik partekatu gabe, 30 kontsulta baino gehiago baititu, eta kontsulta horietan medikuntzako, erizaintzako, administrazioko, gizarte-langintzako, pediatriako, erizaintzaren laguntzako, psikologiako eta fisioterapiako 30 langilek lan egingo baitute.
Chivite Lehendakarien hitzetan, «osasun-etxe moderno, handi eta irisgarria da, bertaratze-modu berrietara guztiz egokitua». «Arreta Komunitarioaren Estrategia abiarazteko gune bat da, zeinean Atarrabia jada erreferente den». Alegia, pazienteen arretaren inguruko ikuspegi berri bat, herritarren osasuna sustatuko duena, osasunaren determinante sozialak aintzat hartuz eta horietan eraginez.
Horren harira, Lehendakariak hau azpimarratu du: «modernizazioaz mintzo garenean, ez gara soilik eraikin berriez ari. Gaur egun, Lehen Mailako Arretak erabakitzeko ahalmen handiagoa du, eta zerbitzu gehiago ematen ditu; hortaz, osasun-etxe berriak haien diseinua egokitu behar dute gaitasun horietara».
Gainera, Lehendakariak gogorarazi du «osasun-etxe hori legedia honetan inauguratzen dugun hirugarrena» dela. Horren aurretik Tuterako Santa Ana eta Zizurreko Ardoi ireki zituzten. Datozen hilabeteetan Cascante eta Garesekoak inauguratuko ditugu. Guztira bost etxe berri dira, eta horri seigarren baten obrak gehitu behar zaizkio, Erripagañako osasun-etxearenak. Beraz, Chiviteren esanetan, «Lehen Mailako Arretaren sarea Nafarroako osasunaren premietara modernizatu eta egokitzeko konpromisoa bete dugu».
Berrikuntzak
Bisitan zehar gailendu diren berrikuntzen artean dago arnas zirkuitua. Zirkuitu horrek sarrera independente zein zuzena du kaletik, eta bi kontsulta ditu (medikuntza eta erizaintza), baita garbiketa-eremua eta egokituta komuna ere. Horiek horrela, epidemia-garaietan (hala nola gripearenean edo arnas birus sintzitialarenean) transmisio-arrisku txikiagoa egongo da osasun-etxean. Horrez gain, txertaketa-kanpainetan ere erabil daiteke, gainerako geletako masifikazioa ekiditeko.
Halaber, telemedikuntzara bideratutako gela bat duen lehen osasun-etxea da. Gela horretan mahai bat dago, lau postu dituena langileentzat, eta hormak gainestalita daude, gela intsonorizatzeko eta deiak edota bideodeiak egiten direnean oihartzuna murrizteko. Horrek arreta-modu berriak garatzea ahalbidetuko du, zeinak baliabide sanitarioak eta arreta irisgarriagoa izatea errazten duten, osasun-etxetik mugitu gabe.
Osasun-etxearen zuzendariak erabilera anitzeko gela handi eta moldakorra izatearen garrantzia azpimarratu du ibilbidean zehar; izan ere, osasun-etxe hori arreta komunitarioko lan esanguratsu bat egiten hasi da, Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzaren eta Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren babesarekin. Hori dela eta, lan horretatik datozen ekintzak egiten dira talde-hezkuntzaren arloan, ohiko lan egiteko modu gisara, adibidez, hainbat lantegi eskaintzen dituzte: elikadurari buruzko lantegiak, Osasun-karpetaren maneiuaren inguruko lantegiak, zaintzaileentzako arretaren lantegiak, diabetes-lantegiak, erorikoak prebenitzeko lantegiak, lehen sorospenak, erlaxazio-lantegiak, tabako-lantegiak, gaixotasun baskularri buruzko lantegiak, etab. Hori aldaketa handia izango da prebentzioaren eta osasunaren sustapenaren jardueretarako.
Irisgarritasunari dagokionez, Nafarroako lehen osasun-etxea da bi igogailu izango dituena, osasun-etxearen lehen eta bigarren solairura heltzea errazteko. Humanizazioari dagokionez, bi eremu izango ditu paziente pediatrikoentzat, eta edoskitzera bideratutako gune bat, osasun-etxera etorritako familiek behar dutenerako.







