Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen (EWWR) 2024. urteko sarietako epaimahaiak hondakinak murrizteko 15 ekintza finalistak, nabarmenenak eta sortzaileenak, hautatu ditu. Horien artean, Euskadiko hiru hautagai daude: Bizkaiko Foru Aldundia aurrenekoa da Administrazio Publikoaren kategorian; Duara Elkarteen kategorian, eta Garazi Sánchez Herritarren kategorian.
Sari horietako finalistak diren 15 ekimenak, hiru kategoria bakoitzeko, enpresek, administrazio publikoek, ikastetxeek, elkarteek eta GKEek eta herritarrek antolatutako 12.700 ekintza baino gehiagoren artean aukeratu dira. Ekintza horiek 2024ko azaroan gauzatu ziren Europar Batasun osoan, “Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen” esparruan. Ekimen irabazleak ekainaren 12an ezagutuko dira, Circular Summit Fryslân 2025 ekitaldiaren esparruan, Leeuwardenen (Herbehereak) egingo den sari-banaketan.
Finalisten proposamenean, epaimahaiak honako irizpide hauek balioetsi ditu: ekintzaren komunikazioa eta ikusgarritasuna, ekintzaren edukiaren kalitatea, originaltasuna, inpaktuaren iraupena eta ekintzaren jarraipena.
Aurten, Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen 2024ko sarietan egongo den euskal ordezkaritza oparoa honako hautagai hauek osatzen dute:
- Bizkaia Repara, Bizkaiko Foru Aldundiarena
Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailak bultzatutako kanpaina da, hondakinen sorrera prebenitzea eta kontsumo jasangarria eta arduratsua lantzen duen eredua sustatzea helburu duena, produktuen konponketa sustatuz.
Bonuak trukatzeko sistema batean oinarritzen da. Sistema horrek 10 euroko deskontua eskaintzen die kontsumitzaileei, 20 euro edo gehiagoko konponketa-zerbitzuetan, atxikitako Bizkaiko establezimenduetan, eta objektu bat konpontzen duen pertsona guztientzat, tresnen balio-bizitza luzatzeko.
- Hondakinetik modara Euskadi, Bilboko Duara elkartearena
Modaren esparruan iraunkortasuna eta sormena sustatzea bilatzen duen lehiaketa da, baztertutako materialak berrerabiliz. Proiektua bi fasetan garatu da. Lehenengo fasean eskualdeko hiru ekitaldi egin ziren EAEko hiriburuetan: Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Hiri bakoitzean, parte hartu zuten taldeek erronka paregabe bati egin zioten aurre: lau ordutan look osoa diseinatzea, baztertutako ehungintzako materialetatik abiatuta. Bigarren fasean, ekitaldi bakoitzeko talde irabazleek euren hiria ordezkatu zuten final handian.
- Shame-Lotsa-Vergüenza, Getxoko Garazi Sánchez surflariarena
Estatuko txapeldun eta Basque Teameko kideak ingurumen-kontzientziazioari buruzko “Lotsa” izeneko dokumentala ekoitzi eta zuzendu du; bertan, ozeanoen kutsaduraren arazoa jorratzen da. Orain, beste urrats bat eman du, dokumentala ikastetxeetan lantzen duen material hezitzaile bihurtuz, ikasleak sentsibilizatzeko helburuz. Proiektu honen xedea hezkuntzak eta ezagutzak iritziak osatzeko eta horren arabera jarduteko askatasuna ematen digutelako ustean datza. Ikastetxeetan sentsibilizazio-lana osatzeko, surflariak surfeko masterclass bat eskaintzen du parte hartzen duten ikasleekin, eta hondakin-bilketa sustatzen du hondartzan bertan.
HONDAKINAK PREBENITZEKO EUROPAKO ASTEAREN 2024ko SARIETARAKO HAUTAGAI FINALISTAK
Administrazio edo Erakunde publikoen kategoria
- Bizkaia Repara, Bizkaiko Foru Aldundiarena
- Ez alferrik galdu: Izan zaitez konponbidearen zati, Volviko Udalarena (Grezia).
- Santa Rosako hiri-laranjas, Mollet del Vallèseko Udalarena (Bartzelona).
Negozio / Enpresen kategoria
- EBKEKSZ, Superjuice Kft. eta Flash Kutyapékség Kft. sozietateek garatua, en Budapesten (Hungria).
- Janariak alferrik galtzea murriztea, Lidl Maltak garatua, Maltan.
- Udalerriak bultzatutako B2B ekimenak elikagaiak birziklatzeko asmoz, Anastasiou Brewery and Bread B.C. sozietateak garatua, Chalandrin (Grezia).
Elkarte / GKEen kategoria
- Food Frenzy, Aprofitem els Aliments plataformak garatua, Katalunian.
- Hondakinetik modara Euskadi, Duara elkarteak garatua, Bilbon
- Berreskura dezagun alferrik ez galtzearen kultura, ReFoodGees Aps elkarteak garatua, Erroman
Ikastetxeen kategoria
- Hondakinetatik baliabideetara: iraunkortasunerako hezkuntza-berrikuntza, Institut d’Horticultura i Jardineriak garatua, Reusen (Tarragona).
- Magaya birzirkulatzailea, Juande Villanueva eskultoreak garatua, Sieron (Asturias).
- Zero hondakineko nazioarteko sukaldaritza-tailerra, Afyon Kocatepe Unibertsitateak garatua, Afyonkarahisar herrian, (Turkia).
Herritarren kategoria
- Soberakina izatetik gozo izatera, chatgptik gozamenera, Marlén Alonso Castañok garatua, Langreon (Asturias)
- Murriztu, berrerabili… Errezeta! Trieste Without Wastek garatua, Triesten (Italia)
- Shame-Lotsa-Vergüenza Garazi Sánchez Ortunek garatua, Getxon.








