Matrikulatutako haurren kopurua 2021ean 4.986 izatetik, 7.000 izatera igaro da aurten.
Eusko Jaurlaritzak 79.604.000 euroko inbertsioa egin du 2024rako Haurreskoletan, hau da, azken hiru urteetan % 37,83ko hazkundea izan du.
Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua Haurreskolak Partzuergoaren Batzar Nagusiaren buru izan da gaur arratsaldean. Partzuergoari atxikitako 180 udalei deitu zaie bilera horretara. Batzarrak aurreko ekitaldiko Urteko Memoria eta Kontuak onartu ditu, baita datorren ikasturterako Kudeaketa Plana ere.
Bileran, Haurreskoletako matrikularen bilakaeraren berri eman da. Matrikulatutako haurren kopurua duela lau urte 4.986 izatetik aurtengo 24-25 ikasturtean 7.000 izatera igaro da, hau da, % 40,39 hazi da. Azken urteotan, plazen eskaria etengabe hazi da, eta horrek lotura estua izan du Eusko Jaurlaritzak 2022-2023 ikasturtean ezarri zuen eskaintzaren doakotasunarekin. Horri esker, oztopo ekonomikoak kendu ahal izan dira, eta jaiotzatik eskola-plaza baterako sarbide unibertsala erraztu da. Hazkunde horren ondorioz, hezitzaileak ugaritu egin dira eta enpleguaren egonkortasuna hobetu da.
Zerbitzua handitzearekin bat, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontua eta ekarpena handitu egin da 79.604.000 €-ra iritsi arte, hau da, % 37,83 azken hiru urteetan.
Doako hezkuntza goiztiarra errazteak gizarte justuago bat eraikitzen laguntzen du, non haur guztiek beren potentziala baldintza berdinetan garatu ahal izango duten. Haurreskolen zerbitzuaren bilakaerarekin, aurrera egiten da hezkuntza-ekitatean eta familia guztiek beren seme-alabek kalitatezko eskolatze goiztiarra izateko duten eskubidean.