Espainiako Gobernuak hiriko geltokia lurperatzeko egin duen proiektua aztertu dute erakunde autonomikoek
Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioak abiadura handiko trenarentzako lurpeko geltoki berria eraikitzeko egin duen proiektua aztertu dute Eusko Jaurlaritzak eta esku hartzen duten gainerako erakundeek —Gasteizko Udala, Arabako Foru Aldundia eta Espainiako Gobernua—.
Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburua Gasteizko Udalean bildu da José Antonio Santano Estatuko Garraio idazkariarekin, Maider Etxebarria alkatearekin, Ramiro González Arabako ahaldun nagusiarekin eta Pedro Marco Adifeko presidentearekin. Bileraren ostean, sailburua pozik agertu da “abiadura handiko trena Euskadira iristeko lanak aurrera doazelako eta proiektuan parte hartzen dugun erakundeen arteko elkarlanari esker delako”.
“Hiriko lurpeko geltoki berria egiteko proiektua aurkeztu digu Ministerioak, eta Eusko Jaurlaritzak positiboki baloratzen du pausoak ematen jarraitzea euskal hiriburuek abiadura handiko trenera eta herritarren beharretara egokitutako geltokiak izan ditzaten hurrengo hamarkadetan”, adierazi du sailburuak.
Euskadiko garraioko arduradun nagusiak ere gogorarazi du Euskal Trenbide Sarea Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetan ari dela lanean abiadura handia “ahalik eta azkarren” errealitate izan dadin, eta eskertu egin du “Espainiako Gobernuak Euskadin abiadura handiko trenari bultzada irmoa emateko hartutako konpromisoa”. Azkenik, Araban bultzatzen ari diren lanak ekarri ditu gogora García Chuecak: “Mugikortasun Jasangarriaren Saila, Adifekin sinatu dugun kudeaketa-aginduari esker, uda honetan hasiko da Arkautiko lotunea eraikitzeko proiektua idazten, Gasteizko geltokitik oso gertu, abiadura handiko trenak autonomia-erkidego osoan banatzeko funtsezko gunea baita”.