Lurralde Kohesioak Iruñearen eta Pirinio inguruaren arteko garraio publiko erregularreko kontratua lizitatu du, 32,4 milioikoa 2036 arte, 24.800 pertsonari zerbitzua emateko.

0

Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Garraioen eta Mugikortasun Iraunkorraren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, Iruñearen eta Pirinio inguruaren arteko errepide bidezko garraio publiko erregularraren kontratua lizitatu du, 24.800 pertsonari zerbitzua emateko.

Kontratua 10 urtekoa izango da, eta, epe hori kontuan hartuta, kontratuaren balioa 32.426.957 eurokoa izango da, gutxi gorabehera, BEZa sartu gabe. Kontratuaren lehenengo urteko kostua BEZ gabe 2.534.864 eurokoa izango da, eta horietatik 2.154.976,59 euro zerbitzu erregularrenak izango dira eta 379.887 euro eskariaren araberako zerbitzuarenak.

Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusia den Berta Mirandak eta Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia den Jesus Maria Rodriguezek Pirinio inguruko alkateekin egin berri duten bileran, Mirandak nabarmendu honela nabarmendu du: “Pirinioetako udalerrietako mugikortasun-arloko eskariei erantzuna emango diegu”.

Emakida hau Pirinioetako udalen lankidetza eta parte-hartzearekin diseinatu da, eta “zerbitzu publiko bat ematea baino gehiago, biztanleria finkatzeko, despopulazioaren aurka borrokatzen laguntzeko eta aukera-berdintasuna bermatzeko eragingarri bat da, edozein tokitan bizi badira ere”, adierazi du Mirandak.

Horrez gain, “garraio publikoaren eta iraunkorraren aldeko apustu argia da”. Nafarroako Gobernuaren helburua da “errepide bidezko egungo garraio publikoa hobetzen jarraitzea eta eskualde-ikuspegitik egitea”, esan du. Gainera, Mirandak ondorengoa gehitu du: “zerbitzua aurkezten diren behar berrietara egokitzen joango gara”.

Ildo berean, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak “lurraldea egituratu” behar dela azpimarratu du, “herritarrak beren herrietan bizi ahal izateko garraio publiko on bat izatea gakoetako bat baita”. Politika horrek eta “Pirinioetan garatzen ari garen eta garatuko ditugun ekimen guztiek lurralde honen aurrerapenarekiko baikorrak izateko aukera ematen digute”.

Datuak

Pirinioetako eremua hartzen duen emakidak Nafarroako azaleraren %28 hartzen du, tartean 61 udalerri daude, eta biztanleriaren %8 baino zertxobait gutxiago da. Udalerrien %57 berrehun biztanletik beherakoak dira. Emakida diseinatzeko, biztanleriaren sakabanaketa handia, dentsitate demografiko txikia eta konplexutasun orografikoa hartu dira kontuan.

Zerbitzu erregularra autobusen bidez emango da eta eskariaren araberako zerbitzua turismo-ibilgailuaren bidez edo maila goragoko baten bidez, baldin eta garraio publikorako dagokien baimena badute. Linea erregularrean 21.680 biztanlerentzako zerbitzua eta eskariaren araberakoan 3.120 biztanlerentzako zerbitzua izatea aurreikusten da.

Hobekuntzak eta eskualde-ikuspegia

Kontratu berri honetan, egun sei emakidaren esparruan ematen ari diren zerbitzuak sartuko dira. Emakida eskualde-ikuspegiarekin diseinatu da, biztanleek eskualde-buruetan (Zangoza, Irunberri eta Agoitz) dauden interes orokorreko zerbitzuetara jotzeko dituzten mugikortasun-eskaerei erantzuteko nahiz Iruñearekin konektatzeko. Helburuen artean, zerbitzuaren eraginkortasun teknikoa eta ekonomikoa lortzea, ingurumen-iraunkortasuna izatea eta mugikortasun murriztuko pertsonei irisgarritasuna eskaintzea aurkitzen dira.

Era horretan, zerbitzu berria zerbitzu erregularren eta eskariaren araberako zerbitzuen arabera egituratu da. Linea erregularrak leku hauekin konektatuko dira: Iruñea, Kaseda, Zangoza, Irunberri, Agoitz, Otsagabia, Orbaizeta, Uztarroze, Orreaga, Eugi, Ubarmin Klinika eta Garraioaren Hiria, tarteko herrietan geratuz. Eskaeraren araberako lineek, berriz, udalerri txikienak eskualde-buruekin lotuko dituzte Zangozan, Irunberrin, Zubirin, Garraldan eta Aurizperrin, eta horietan Iruñearekin lotu ahal izango dira.

Hobariak

Kontratistak bere gain hartu beharko ditu Familia ugariak babesteko azaroaren 18ko 40/2003 Legearen Erregelamendua onartzen duen abenduaren 30eko 1621/2005 Errege Dekretuan ezarritako deskontuak. Era berean, bere gain hartu beharko du Nafarroako Gazteentzako Garraio Txartelaren titularrei egun aplikatzen zaien prezioa %20 murriztea eta erabateko ezintasuna, baliaezintasun handia edo %65eko edo gehiagoko desgaitasuna duten pertsonen laguntzaileek bidaia-txartela doan izatea.