Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren bidez, Foru Komunitateko merkataritza gune handi eta txikiek, ostalaritza elkarteek eta beste eragile batzuek aliantza bat sinatu dute gaur, asteazkena, eta ekintza bateratuak egin dituzte Nafarroako bertako produktuen eta elikagaien kontsumoa sustatzeko, milaka kilometroko produktuen inportazioaren alternatiba gisa.
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilari José Mari Aierdik ‘Zure esku dago hori ez gertatzea; zure erosketan, aukeratu Nafarroa’ kanpaina aurkeztu du. Kanpaina horretan, merkataritza eta ostalaritza eragileek ere hartu dute konpromisoa, hala nola “elikagaien ekoizpen jasangarriaren eredu jakin baten aldeko apustu bateratua, ingurumenarekin, osasunarekin eta landa munduko bizitzarekin arduratsua dena, eta tokiko ekonomiatik komunitatea eraikitzearen aldeko apustua”.
“Gure produktuek ez dute prezioaren aldetik zentimo batzuengatik bakarrik lehiatu behar; lehiakorrak izan behar dute ingurumen eta gizartean, kalitate eta osasunean, eta, azken finean, balioetan lehiatu behar dute, horrek bereizteaz gain, nortasuna ematen baitigu” adierazi du Aierdi kontseilariak.
Merkataritza eta ostalaritzako 60 ordezkari eta ekoizle baino gehiago
Aierdi kontseilariak hitza horiek esan ditu ‘Zure esku dago hori ez gertatzea’ kanpainaren aurkezpenaren hasieran, Nafarroako hiriburuko Ziudadelan egin den ekitaldi batean. 60 pertsona baino gehiago bildu dira bertan, Nafarroako merkataritza eta ostalaritzako ordezkari, ekoizle eta nekazaritzako elikagaien sektoreko beste eragile batzuen artean.
Aurkezpenean zehar, hiru mahai-inguru egin dira, eta azalera handietako arduradunek, kalitate-markek edo ekoizleek parte hartu dute. Gaien artean, bezeroak tokiko produktuarekiko leial nola egin, gazteak eta Nafarroan ekoiztutako elikagaien kontsumoa edo elikagai horiek merkataritza-kanal ezberdinetan duten posizionamendua jorratu dituzte.
Hedatzeko kanpainaz haratago, ‘Zure esku dago hori ez gertatzea’ ekimenaren barruan, lankidetza-hitzarmena sinatu da azalera handiekin, saltoki txikiekin eta ostalaritza-sektorearekin loturiko arlo ezberdinetako hamabost bat eragilerekin. Besteak beste, akordioa sinatu dutenen artean honako hauek aurkitzen dira: Leclerc, BM, Eroski, Carrefour, Makro, Venta Peio, Alcampo, Nafarroako Merkatarien Elkartea, Ostalaritza Kooperatiba, ANAPEH (Nafarroako Ostalaritzako Enpresa Txikia Elkartea) eta AEHN (Nafarroako Ostalaritza eta Turismo Elkartea) elkarteak, Harakinen Gremio Elkartea edo Reynoko Jatetxeen Elkartea.
Azalaera handiei dagokienez, sinatu duten erakundeek konpromisoa hartu dute tokiko produktuari buruzko kanpaina monografikoak egiteko, haien establezimenduetan nahiz bezeroen artean produktua bera eta ekoizleak ezagutzera ematearren. Gainera, produktu horiek gero eta gehiago erosteko lan egingo dute, ahal den neurrian Nafarroako nekazaritzako elikagaiak biltzeko eta nabarmentzeko guneak sustatuko dituzte, eta horien dastatzeak egingo dituzte.
Bestalde, saltoki txikiek konpromisoa hartu dute Nafarroako nekazaritzako elikagaiak eta horien atzean dauden pertsonak ezagutarazteko; gainera, bat egin dute ‘Zure esku dago hori ez gertatzea’ kanpainarekin, kalitatezko produktuak kontsumitzea sustatzeko helburuarekin.
Ostalaritza-sektoreari dagokionean, nekazaritzako elikagaiak gizarteari ezagutzera emateko ekintzak egitea adostu dute eta, era berean, ‘Zure esku dago hori ez gertatzea’ kanpaina bultzatzea, haien establezimenduetan hurbileko produktuak kontsumitzea sustatzearren.
“Ez utzi tokiko produktuak desagertzen”
Baliteke ‘hemendik urte batzuetara, Nafarroako produktuak nahi badituzu, zure etxean bertan landu behar izatea’ –Nafarroako txahala, Lodosako pikilloa, arrautza ekologikoak edo Nafarroako zainzuriak bezalako produktu zehatzak-, eta ‘Zure esku dago hori ez gertatzea; zure erosketan, aukeratu Nafarroa’ leloari erreparatuta, kanpainaren helburua da herritarrak kontzientziatzea eguneroko erabakiek eta ohiturek (hau da, zer elikagai kontsumitu edo erosi) tokiko produktuen inguruan eta horiek ekoizten dituztenengan eta tokiko ekonomian izan dezaketen eraginaz.
Hori dela-eta, La Llorona agentziak sortu duen kanpainak eguneroko ohitura horien gainean hausnartzeko eta tokiko produktuak aukeratzeko deia egin du; “izan ere, denek lagun dezakegu elikagai horiek gure mahaietan eta gure etorkizunean izaten, eta guztion esku dago hala izaten jarrai dezaten”.
Kanpainaren jarraipena komunikabideetan, sare sozialetan eta ekimen honetan parte hartzen duten elikadura-kateko eragileen establezimenduetan egin ahal izango da; hala nola, saltoki handietan, saltoki txikietan edo ostalaritza-sektorean, jatetxeen, tabernen edo bestelako espazioen bidez. “Guztiak beharrezko eragileak dira Foru Komunitateko nekazaritzako elikagaien merkataritza-sustapena bultzatzeko eta garatzeko, eta, horrela tokiko eta hurbileko produktuen salmenta indartzeko”, kanpainak berak ezartzen duen moduan.
Orobat, era horretako produktuak hurbiltzeko eta ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko distantziak murrizteko, produktuak dastatzea edo materialak erakustea bezalako ekintzak egingo dira. Eta horrekin guztiarekin herritarrei gogorarazi nahi zaie “aukera bakoitza bat gehiago dela, eta gure erabakiek nolako mundua nahi dugun hautatzeko ahalmena dutela”.





