Ospitaleko ekitaldi-aretoan egin zen jardunaldia, eta bertan bildu ziren gaixotasuna pairatzen duten pertsonak, senideak eta osasun-langileak, espazio horretan elkar ezagutu, informatu eta elkarrizketan jardun zezaten, Parkinson-en ikuspegi osoa eskaintzeko eta ohiko zalantzak argitzeko xedearekin, betiere ikuspegi hurbil eta irisgarritik.
Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Parkinson-en Erreferentzia Unitateak antolatu zuen, Biobizkaiako Gaixotasun Neurodegeneratiboen Taldearekin batera. Hala, saioan nabarmendu zuten garrantzitsua dela sintoma motorrez haratago ulertzea gaixotasuna, eta aztertu behar direla ere diagnostikatu dituzten pertsonengan nahiz haien hurbileko ingurukoengan eragina duten alderdi emozionalak, sozialak eta bizi-kalitateko alderdiak.
Parkinson-en gaixotasunaren tratamenduari dagokionez dauden aurrerapenei lotutako edukiak azaldu ziren jardunaldian eta, horrez gain, aztergai izan zituzten eskuragarri dauden aukera terapeutikoak eta gaixotasunaren etorkizun hurbila markatzen duten ikerketa-lerroak. Ildo beretik, azpimarratu zuten laguntza, informazioa eta zainketa integrala ezinbesteko giltzarriak direla Parkinson duten pertsonen egunerokotasuna hobetzeko.
Mota horretako ekimenak bat datoz ESIaren konpromisoarekin; izan ere, osasun-arreta humanizatzeko konpromisoa hartu du eta, horretarako, paziente nahiz senideei zuzendutako prestakuntza- eta dibulgazio-jarduerak sustatzen ditu. Halaber, era horretan, sendotzen du ospitaleek ezagutzak zabaltzeko, entzuteko eta laguntzeko duten eginkizuna.






