- Urtean 24 film ikusi ahal izango dira euskaraz zinema-aretoetan, orain artekoaren bikoitza.
- Ekimenak, halaber, euskarak plataforma digitaletan duen presentzia indartzen du, 1.000 titulu inguru izango baitira eskura
- 400 ikaslek eta familiak baino gehiagok hartu dute parte Bilbon Maracuda filmaren euskarazko estreinaldian
Abian da «Adi! Filmak euskaraz» proiektua. Eusko Jaurlaritzak ikus-entzunezkoen esparruan euskararen presentzia handitzea helburu duen ekimenak kultura-kontsumo handieneko espazioetako batean indartuko du euskararen presentzia: ikus-entzunezko aisian.
Aurkezpena Azkuna Zentroan egin da, Maracuda filmaren euskarazko estreinaldiaren inguruan 400 ikasle eta familia inguru bildu dituen ekitaldian. Ekitaldiaren buru Ibone Bengoetxea lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua izan da, eta Alfonso Benegas EZAEko presidenteak ere parte hartu du.
Lehendakariordeak azaldu duenez, «euskarak ere presente egon behar du eguneroko aisia-espazioetan eta kultura-kontsumoan», eta, aditzera eman duenez, proiektu honek «aukera berriak zabaltzen ditu herritarrek, batik bat belaunaldi berriek, euskara naturaltasunez bizi dezaten, baita ikus-entzunezkoen esparruan ere».
Zinema gehiago euskaraz, baita estreinaldietan ere
Proiektu honi esker, zinema-aretoetan euskarazko filmen kopurua bikoiztu ahal izango da, eta urtean 24 estreinaldi izango dira euskaraz, horien artean nazioarteko 12 ekoizpen handi.
Helburua argia da: publikoak, batez ere familiek, haurrek eta gazteek, estreinaldi komertzial handiak euskaraz ikusi ahal izatea, euskara aisialdiko ohituretan ere sar dadin.
Programazioak animazioa, familiako zinema eta nazioarteko frankiziak uztartuko ditu, eta zinema-aretoetan dagoen euskarazko eskaintza nabarmen handitu.
Plataforma digitalak: eduki gehiago euskaraz
«Adi! Filmak euskaraz» ekimenak ekosistema digitalean ere eragiten du, streaming plataformetan ere euskararen presentzia bultzatzen baitu, bikoizketa eta azpitituluen bidez.
Lehenengo kalkuluen arabera, dagoeneko 1.000 titulu inguru daude eskuragarri euskaraz zenbait plataformatan, besteak beste, Netflix, Amazon Prime Video eta Movistar Plus+ plataformetan, EITBko edukiez gain.
Proiektuak eskaintza hori zabaltzen jarraitu nahi du eta ikusgarritasuna hobetu, herritarrek errazago eskuratu ahal izan ditzaten.
Kulturklik: zer, non eta noiz ikusi
Eduki horiek jendearengana hurbiltzeko, gune espezifikoa prestatuko da Kulturkliken, eta bertan erraz kontsultatu ahal izango dira:
- Zer film eta eduki dauden euskaraz eskuragarri
- Zer zinema-aretotan edo plataformatan ikus daitezkeen
- Zer datatan izango diren eskuragarri
Tresna horrekin batera, familiei eta gazteei bereziki zuzenduko zaien komunikazio-kanpaina ere garatuko da. ESTEKA
Euskara indartzeko proiektu partekatua
Ekimena zinema-aretoekin, nazioarteko banatzaileekin, plataforma digitalekin eta sektoreko eragileekin elkarlanean garatuko da, ikus-entzunezko ekosisteman euskararen presentzia indartzeko egiturazko lan-ildoa sendotuta. «Adi! Filmak euskaraz» JAUZIA GARA estrategiaren barruan sartzen da, eguneroko bizitzako funtsezko esparruetan euskara erabiltzeko baldintza berriak sortzea helburu duen estrategian.








