Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak izena emateko epea ireki du 2026-2027 ikasturterako, maiatzaren 5etik 29ra
Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak hezkuntza proposamen askotarikoa eta irisgarria eskaintzen du adin, genero eta maila guztietako pertsonentzat.
«Zure txanpa» lelopean, Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak irudi indartsu batekin abiatuko du matrikulazio kanpaina: arraunak balira bezala instrumentuak altxatzen dituzten musikariz betetako trainerua eta dantzari bat patroi. Metafora bisual honek Eskolaren filosofia islatzen du: arraunean bezala, partekatutako helburua adin, genero eta gaitasun anitzak dituzten pertsonak elkarrekin arraun eginez lortzen da.
Eskolaren helburu nagusietako bat ikasleek hiriko bizitza kulturalean modu aktiboan parte hartzea da. Horren erakusle da urtero antolatzen dituen 250etik gora ekitaldietatik asko hiriko eragileekin elkarlanean egiten direla (Reala, Gipuzkoa Basket, Korrika, izotz irristaketa zein elkartasun lasterketak, tartean laster ospatuko den maiatzaren 10eko minbiziaren aurkako martxa). Ibilbide horretan, kanpaina berriak emakumezkoen kirolean ikur den Arraun Lagunak taldearen trainerua dakar erdigunera. Horrela, Eskolak bere ‘txanpa’ hartzera gonbidatzen ditu herritarrak, elkarrekin artea ikasgeletatik atera, Donostiako kultur sarearekin bat egin eta hiriko agertokietan protagonista izan daitezen.
2025-26 ikasturtean, Eskolak 2.871 ikasle izan ditu, 29 instrumentutan, hiru dantza espezialitatetan eta irakasgai ugaritan, banaka zein taldean.
Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolaren 2026-27 ikasturterako eskaintza honako hau da:
- Musika Hezkuntza Goiztiarra (0-2 urte)
- Musika eta Mugimendua (3-5 urte)
- Dantza: Euskal Dantza, Dantza Garaikidea eta Dantza Klasikoa (6 urtetik aurrera)
- Musika Tailerra (6-7 urtetik aurrera)
- Instrumentuak, Kantua eta Musika Hizkuntza (8 urtetik aurrera)
- Musika taldeak: orkestrak, bandak, Big Bandak, Rock, Pop eta Jazz, Ensemble, Gitarra, Txistua, Akordeoia eta Trikitixa (8 urtetik aurrera)
- Irakasgai osagarriak: Helduentzako Musika Kultura, Harmonia, Moldaketak eta Zuzendaritza Praktikak (16 urtetik aurrera)
- Irakaskuntza ofizialetarako prestakuntza (ikasketa profesionaletarako eta goi mailako ikasketetarako prestakuntza taldeak) (12 urtetik aurrera)
- Musika Tailerra (65 urtetik aurrera)
Presentzia hiriko auzoetan
Eskolaren eskaintza Donostiako mapa osora zabaltzen da. Atotxako egoitza nagusitik eta Nestor Basterretxea plazako Dantza Eskolatik haratago, Antiguako, Loiolako Erriberetako, Amarako eta Añorgako egoitzek Musika eta Mugimendua eta Musika Tailerra eskainiko dituzte 3 eta 7 urte bitarteko haurrentzat. Era berean, egoitza espezifikoetan funtsezko espezialitateak mantentzen dira 8 urtetik gorakoentzat: Antiguan Txalaparta eta Dultzaina eskolak emango dira, eta Piano eskolak, berriz, Loiolako Erriberetan eta Salaberrian. Bestalde, Urbietako egoitza izango da gitarra edo 13 urtetik aurrera kantua ikasi nahi dutenen topagunea.
Prestakuntzari bultzada Ekialdeko Barrutian
Herrerako, Altzako eta Intxaurrondoko egoitzetan bizi etapa bakoitzera egokitutako programazioa finkatu dute. Txikienek (3-7 urte) Musika eta Mugimenduaren eta Musika Tailerraren bidez hasteko aukera izango dute, eta Altzan eta Intxaurrondon, berriz, 8 urtetik gorako ikasleek Pianoko banakako eskolak jasotzeko aukera izango dute, adin mugarik gabe. Herrerako egoitzan, eskaintza aniztasun handiagatik nabarmentzen da, Bateriatik Trikitixaraino doazen 15 instrumenturekin. Egoitza horrek prestakuntza integrala bermatzen du, banakako eskolak Musika Hizkuntzarekin eta taldeetan parte hartzearekin konbinatzen baititu.
Dantza adin mugarik gabe
Dantzak funtsezko zutabea izaten jarraitzen du, adin guztietarako talde irekiekin, hiru espezialitateetan: Euskal Dantza, Garaikidea eta Klasikoa. 6 urtetik aurrera, haurrek edozein modalitatetan egin ditzakete lehen urratsak. Eskaintza helduei ere zabaltzen zaie, Euskal Dantzaren eta Garaikidearen hastapenetan zerotik hasteko aukera baitute, edo hiru diziplinetako talde aurreratuetan teknika hobetzeko aukera, dantzatzeko plazera berriz deskubrituz.
Musika tailerra Donostia Lagunkoiarekin batera hazi da
Bosgarren urtez, Eskolak +65 Musika Tailerra eskainiko du, adinekoen ongizatea eta memoria sustatzeko. Donostia Lagunkoiarekin lankidetzan, programak auzoetan duen presentzia indartuko du. Atotxako egoitzaz gain, programa hiriko txoko gehiagotara iritsiko da, adinekoek beren ingurunean parte hartzea errazteko. Auzoetako izen ematea erretiratuen elkarteek kudeatuko dute irailetik aurrera.
Irisgarritasunarekiko konpromisoa
Egoera ekonomikoa arteaz gozatzeko oztopo izan ez dadin, Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak inklusioarekin duen konpromisoari eusten dio, Gizarte Intereseko Prezio Publikoen bidez, baliabide ekonomiko mugatuak dituztenentzat (GLL, BGDS edo DBE jasotzen dutenentzat bereziki), familia ugarientzat edo guraso bakarreko familientzat, baita deskontuak ere familia unitate bereko pertsona bat baino gehiago matrikulatzen denean.
Gainera, ikasteari ekiteko oztopoak ezabatze aldera, gizarte laguntzak (GLL, BGDS edo DBE) jasotzen dituzten familientzat instrumentuen doako mailegu zerbitzua du. Horretaz gain, doako mailegu zerbitzua mugatua du akordeoia, tuba, fagota, tronpa, oboea, trikitixa, kontrabaxua eta biolontxeloa instrumentuetan, ikasle hasi berriei lehentasuna emanez. Klarinetearen kasuan, txikienen behar fisikoetara egokitutako tamaina txikiagoko instrumentuak ere eskaintzen dira, ikasle bakoitzak bere «txanpa» instrumentu egokiarekin has dezan.
Ezagutu gure espezialitateak
Eskolaren instrumentu eskaintza hobeto ezagutzeko, eta norberaren “txanpa” zein izan daitekeen erabakitzen laguntzeko, herritarrek Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolaren Mediateka dute eskura.
Mediateka (mediateka.donostiaeskola.eus) plataforma digital ireki eta pedagogikoa da eta musika eta dantzaren unibertsoa herritarrei gerturatzeko askotariko tresnak biltzen ditu: batetik, «Erabakita!» bideo-sortaren bitartez eskolako instrumentuak xehetasunez aztertzeko eta zalantzak argitzeko aukera ematen du; bestetik, instrumentuen familiak modu ludikoan ezagutzeko jarduera interaktiboak eskaintzen ditu; eta, azkenik, kontsultarako zein ikaskuntzarako material ugari jartzen du edonoren eskura, hala nola euskal folkloreko partiturak, emakume konpositoreen lanak eta lizentzia irekiko beste hainbat baliabide.




