Kulturak 750.000 euroko diru-laguntza emango du udalerrietako kultur programaziorako, Udal Platea Local programaren bidez

0

Kultura Departamentuak berriki argitaratu du, Nafarroako Aldizkari Ofizialean, espazio eszenikoen titular diren Nafarroako toki entitateen arte eszenikoen eta musikalen programazioa babesteko laguntzen deialdia. Departamentuak 750.000 euro emango ditu guztira, Udal Platea Local 2026 programaren bidez, udalerriek programatzen dituzten jarduerak diruz laguntzeko.

Laguntza horiek eskuratu ahal izango dituzte Nafarroako Antzerki Sarearen eremu eszeniko bat duten udalerriek edo espazio eszenikoak zuzenean kudeatzen dituzten erakunde edo entitateek.

Deialdia hiru kategoriatan banatzen da, biztanle-kopuruaren arabera: lehenengo kategoria 20.001 eta 40.000 biztanle artean dituzten herriei zuzenduta dago, eta 100.000 euroko aurrekontua du; bigarrena 10.000 eta 20.000 biztanle arteko herrientzat da, eta, horretarako, 510.000 euroko partida dago; hirugarren kategoria, berriz, 9.999 biztanle bitarteko udalerrientzat da, 140.000 eurorekin. Programazioa 2025eko azaroaren 3tik 2026ko azaroaren 1era bitartean garatu beharko da.

Laguntza horiek jaso nahi dituzten toki-erakundeek telematikoki aurkeztu beharko dute eskaera  www.navarra.es web guneko izapide-fitxaren bidez. Diru-laguntza izan dezaketen gastuen %70ekoa izango da gehienez diru-laguntza, eta horien artean honako gastu hauek sartuko dira: talde profesionalen ikuskizunak kontratatzeko gastuak, programazioa sustatzetik eta/edo argitaratzetik eratorritako gastuak edo egile-eskubideak kudeatzeagatik sortutako gastuak.