Torres Lehendakariordeak apustu egin du talentua aukeran eta ekintzailetza «etorkizuneko motor» bihurtuko dituen Euskadiren alde

0
  • Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak azpimarratu du beharrezkoa dela prestakuntzaren eta enpleguaren arteko lotura indartzea, euskal produkzio sarea indartzeko 

Gazteen talentuak eta ekintzailetzak Euskadirentzat “etorkizuneko motor” gisa duten papera aldarrikatu du astearte honetan Mikel Torres Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak. Lehiakortasuna eta kohesio soziala uztartzen dituen eredu ekonomikoa defendatu du Torresek, eta azpimarratu du “ekintzailetzaren alde egitea ez dela moda bat, erabaki estrategiko bat baizik”. 

Bilbon antolatutako Enpresari sarien galan egindako hitzaldian, Lehendakariordeak berretsi du ekintzailetza enpresak sortzetik harago doala, eta aberastasuna sortzearen eta banatzearen aldeko apustua egiten duen “herri eredu” baten parte dela, kalitatezko enplegua eta aukerak sortuz. 

Halaber, Torresek nabarmendu du beharrezkoa dela “prestakuntzaren eta enpleguaren arteko lotura indartzea, bai eta gazteen talentuaren eta produkzio sarearen artekoa ere, ikasgeletan sortzen diren ideiek gure ekonomian jarraipena izan dezaten”. “Hori da datozen urteetako erronka handienetako bat”, adierazi du, eta balioan jarri du Enpresari bezalako programek ikaskuntzaren eta aukeren arteko zubi gisa duten zeregina. 

Halaber, Lehendakariordeak azpimarratu du erakundeek “erantzukizuna” dutela bultzada horretan laguntzeko, “gazteen talentuak benetako aukerak izan ditzan eta lehiakortasuna eta gizarte kohesioa uztartuko dituen ekosistema bat eraiki dezan”. 

Belaunaldi ekintzailea 

Lehendakariordeak balioan jarri du Enpresari ekimenean parte hartu duten gazteek irtenbideak irudikatzeko, berritzeko eta arriskuak hartzeko duten gaitasuna, eta nabarmendu du “garrantzitsuena ez dela honaino iristea bakarrik, egindako bide guztia baizik”. 

Era berean, Torresek aitortza egin dio Lanbide Heziketako ikastetxeen eta irakasleen lanari ekimen horiek bultzatzeagatik. “Euskadik bultzada, anbizio eta espiritu horiek behar ditu. Erakutsi duzue belaunaldi bat prest dagoela aurrerapauso bat emateko, irtenbideak irudikatzeko eta aukerak eraikitzeko”, gaineratu du.