60 herrialde baino gehiagoko ehundaka ordezkarik Adinekoentzako Hiri eta Komunitate Lagunkoien III. Mundu BiltzarrarI hasiera eman diote

0

Donostiak Adinekoentzako Hiri eta Komunitate Lagunkoien III. Mundu Kongresua hartuko du ekainaren 18ra arte, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) hiri eta komunitate lagunkoien eremuan sustatutako nazioarteko hitzordu nagusia dena. Biltzar hau OMEk, Adinekoen eta Gizarte Zerbitzuen Institutuak (Imserso), Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak antolatu dute.

60 herrialde baino gehiagotako 1.700 hiri eta komunitateetako ordezkari instituzionalak, arduradun politikoak, ikertzaileak, gizarte erakundeak eta adituak elkartu dira egunotan Kursaalen. Biltzar hau erreferentziazko gunea da ezagutza partekatzeko, esperientziak kontrastatzeko eta longebitateari, ongizateari, parte-hartzeari eta zainketei lotutako erronka nagusien inguruan erantzun berritzaileak emateko.

Elkarrekin eraldatzen! Adinekoentzako mundu lagunkoia — konektatua, ekitatiboa eta jasangarria belaunaldi guztientzat — lelopean, Kongresuak hainbat gai jorratzen ditu, hala nola, parte-hartzeko soziala, osasun komunitarioa, inklusio digitala, irisgarritasuna, jasangarritasuna, zainketak, nahi ez den bakardadearen aurkako borroka edo adin guztientzako ingurune lagunkoiak eraikitzea.

Longebitatearekin eta ongizatearekin konprometitutako lurraldea

Kongresu hau Donostian egiteak azken urteetan Euskadin, Gipuzkoan eta lurraldeko hiriburuan egiten ari den lanaren aitortza ere bada, eraldaketa demografikoari adeitasunaren ikuspegitik erantzuteko, pertsonen autonomiaren, parte-hartzearen eta ongizatearen sustapenean oinarrituta.

Euskadin Eusko Jaurlaritzak hainbat ekimen bultzatu ditu, hala nola Euskadi Lagunkoia, Adinekoekiko Euskal Estrategia, Beti On edo Bizihabi. Ekimen horien helburua da adineko pertsonen parte-hartze aktiboa bultzatzea eta komunitatearen baitan duten egitekoa indartzea.

Bestalde, zainketak eraldatzera eta ongizate komunitarioa indartzera bideratutako estrategia integral bat ari da garatzen Gipuzkoa. Zainketak lurraldearen erronka estrategiko handienetako bat dira eta eredu berriaren garapenaren ibilbide orrian kokatzen dira Arreta eredu berriaren Zainketen eta Gizarte Politiken 20>30 Agenda, Tokiko Zaintza Ekosistemen hedapena 32 udalerritan, nahi ez den bakardadearen prebentzioa, zaintzen duten komunitateen bultzada edo pertsonengan oinarritutako arreta eredu berrien garapena, besteak beste.

Era berean, Donostia aitzindaria izan da hiri lagunkoien mugimenduan, eta 2009an OMEren Hiri eta Komunitate Lagunkoien Munduko Sarean sartu den Estatuko lehen hiria izan zen. Konpromiso horren ondorioz, hainbat ekimen egin dira adinekoen parte-hartzea, bizikidetza eta bizi-kalitatea sustatzeko.

Esperientzien eta ikaskuntzen partekatzea

Lurraldean garatutako esperientziak erakusteaz gain, Kongresuak munduko beste leku batzuetan bultzatutako ekimenak ezagutzeko aukera emango du, komunak diren erronkei erantzuna emateko. Nazioarteko ordezkarien presentziak espazio pribilegiatu bihurtzen du topaketa hau, ezagutza trukatzeko, elkarrengandik ikasteko eta aliantzak eraikitzeko balio duena.
Hitzorduak bat egiten du, era berea, Nazio Batuen Zahartze Osasungarriaren Hamarkadaren (2021-2030) erdialdearekin, politika publikoen eraldaketa bultzatzea helburu duen ekimen globalarekin, bermatu nahi duena pertsonak ongizatearen, autonomiaren eta parte-hartze sozialaren bidez urte gehiago bizi ahal izatea.

Lagunkoia Plaza: elkarrizketa espazio publikora ateratzen da

Kongresuarekin bat eginez, Kursaal inguruan Lagunkoia Plaza egongo da gaurtik aurrera, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak bultzatutako gune irekia, nazioarteko topaketan lantzen ari diren eztabaida nagusiak herritarrei hurbiltzeko helburuarekin.

Ekimenaren helburua da gero eta gehiago bizi diren gizarteetan nola bizi eta elkarrekin bizi nahi dugunaren inguruko hausnarketa espazio publikora eramatea, zainketei, osasunari, ongizateari, etxebizitzari, mugikortasunari, komunitate-harremanei, parte-hartzeari edo desberdintasun berriei buruzko elkarrizketa partekatua sustatuz. Erakunde, entitate eta eragile sozialek bultzatutako topaketa, jarduera, testigantza eta esperientzien bidez, Lagunkoia Plazak hausnarketa kolektibo horretan parte hartzera gonbidatzen ditu herritarrak.