Barakaldok 5.000 euro bideratuko ditu saltokietan, zein ostalaritza eta zerbitzu establezimenduetan errotuluak euskaraz jartzera sustatzeko

0

Barakaldoko Udalak laguntza deialdi berri bat ireki du, udalerriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuetako establezimenduen kanpoko irudian euskararen erabilera sustatzeko. Horretarako, Udalak 5.000 euroko partida bat erreserbatu du, 2025eko azaroaren 1etik 2026ko urriaren 31ra bitartean euskarazko errotuluak jarri dituztenei diruz laguntzeko.

Deialdiari esker, establezimenduen titularrek beren negozioen errotulazioan egindako inbertsioaren zati bat berreskuratu ahal izango dute, eta dirulaguntzak lanen kostuaren %50era edo %25era irits daitezke, eskaera bakoitzaren ezaugarrien arabera.

«Horrela, espazio publikoan euskararen presentzia bultzatzen jarraitzen dugu eta herritarrek tokiko merkataritzarekin euskaraz ere harremanak izan ditzaten laguntzen dugu, gure hiriko eguneroko bizitzan normalizatzen eta ikusarazten lagunduz», adierazi du Iratxe Foces Euskara zinegotziak.

Interesdunek urriaren 31ra arte aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak. Deialdiari buruzko informazio guztia, oinarriak, eskabide-eredua eta laguntzak jasotzeko behar den dokumentazioa barne, udalaren egoitza elektronikoan eskura daiteke, Barakaldoko Udalaren webgunean.

Izapideak modu telematikoan egin beharko dira, udalaren egoitza elektronikoaren bidez. Horretarako, identifikazio elektronikoko sistema bat eduki beharko da, B@kQ, adibidez. Sistema hori doan lor daiteke, Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (HAZ) aldez aurretik hitzordua eskatu beharrik gabe.

«Hiriko establezimenduak laguntzen lerro hau aprobetxatzera animatzen ditugu, Barakaldon euskararen sustapenean aurrera egiten jarraitzeko, udalerriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen ehunaren eskutik», amaitu du Fozosek.