Helduak Adi elkarteak eta EHUk antolatutako «Aniztasuna eta Garapen Komunitarioa: elkarbizitzarako erronka» Udako Ikastaroaren barruan, Nerea Melgosa sailburuak belaunaldien arteko harremanari buruzko hitzaldia eskaini du. Gaurtik asteazkenera bitartean Donostiako Miramar Jauregian egingo den ikastaro horrek hausnarketa eta espiritu kritikoa eragin nahi ditu bizitza osoko bizikidetzarako erronka eta proposamenen inguruan.
Nerea Melgosak Helduak Adi elkartearen lana eskertu du eta azpimarratu du Eusko Jaurlaritza bat datorrela pertsona bizitza osoan garatzen delako ideiarekin. «Hori da Bizitza Betea, Bizitza Osoaren zentzu sakona» gaineratu du Melgosak.
Melgosa sailburuak gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak Belaunaldien arteko Ituna (ZUBIAK) aurkeztu duela aurten. «Adineko pertsona bat bakarrik eta loturarik gabe bizi denean, ez gaude egoera indibidual baten aurrean bakarrik. Alarma seinale komunitario baten aurrean gaude. Eta belaunaldiak mesfidantzaz begiratzen hasten direnean, batzuek besteek baino aukera gehiago izan dituztela pentsatuz, edo batzuek besteek baino gehiago jasotzen dutela, edo batzuek besteek baino erantzukizun gehiago hartzen dituztela pentsatuz, orduan gizarte-kohesioa ahuldu egiten da. Horregatik behar dugu belaunaldien arteko begirada. Gizartea sistema gisa ulertzeko aukera ematen digulako. Konexioak ikusteko aukera ematen digu. Adinei aurre egiteari utzi eta gure lehentasunak hobeto antolatzen hasteko aukera ematen digu «azaldu du Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak.
Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografiko Sailak belaunaldien arteko elkartasunari buruz aurkeztu berri duen azterlan batean ondorioztatzen denez, euskal herritarren % 83k uste du belaunaldien arteko elkartasuna gizarte osoaren kontua dela. % 82k uste du gizarte-kohesioa hobetzen duela. Beste % 82k dio euskal gizartearen zutabea izan behar duela. Eta % 77k dio edozein pertsonak, edozein adinetan, bizimodu independentea hasteko eta mantentzeko aukera duela.








