Eguzkilorea, euskal kultura-ondarearen ikurrik errotuenetako bat, uztailaren 14ko ONCEren kupoiaren protagonista izango da, Arte a mano bildumaren barruan. Bost milioi kupoik Euskadiko nortasunari, tradizioari eta iruditeria kolektiboari estuki lotutako sinbolo hau zabalduko dute Estatu osoan.
Kupoiaren aurkezpenean parte hartu dute Usue Vallejo Euskadiko ONCEko ordezkariak eta Urkiri Salaberria Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren zuzendariak. Jose Antonio Orbaneja Once-ko sailtzailea ere izan da.
Lore bat baino askoz gehiago da eguzkilorea. Euskal herriaren ondare sinbolikoaren parte da, eta bere izenak «eguzkiaren lorea» esan nahi du. Herri tradizioaren arabera, babes-ahalmena du, eta belaunaldiz belaunaldi baserrietako ateetan jarri izan da etxea eta bertakoak gaitzetatik, ekaitzetatik eta gaueko izakietatik babesteko.
Sinesmen horren sustraiak euskal mitologian daude. Kondairaren arabera, Amalurrek, Lurraren Amak, eguzkilorea eman zien gizakiei, eguzkiaren indar sinbolikoak iluntasunaren aurrean babesa eman ziezaien.
Gaur egun babestuta dagoen landare basati horrek artisautza-tradizio luze bati eman dio bide, eta bere irudia euskal bitxigintzaren piezarik adierazgarrienetako bat bihurtu da. Zilarrez egina gehienetan, eguzkilorea belaunaldiz belaunaldi transmititzen da babesaren, nortasunaren eta kidetasunaren ikur gisa.
Usue Vallejo Euskadiko ONCEko ordezkariak eskerrak eman dizkio Eusko Jaurlaritzari ekimen hau gauzatzeko emandako laguntzagatik, eta nabarmendu duenez, «ONCEren kupoiak gure lurraldeetako kultura-aberastasuna ezagutarazteko leiho ere badira. Harro gaude milioika pertsonak eguzkilorearen bidez euskal kulturaren ikurrik maitatuenetako bat ezagutzeko aukera izango dutelako».
Bestalde, Urkiri Salaberria Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren zuzendariaren hitzetan, «kultura-ondarea ez dute monumentuek edo eraikinek bakarrik osatzen; gure nortasun kolektiboa eraikitzen duten sinboloek, tradizioek eta elementuek ere osatzen dute. Eguzkilorea horietako bat da, eta kupoi honek milioika pertsonari euskal kulturaren zati bat ezagutzeko aukera emango die. Izan ere, ondarea bizirik mantentzen da ezagutzen, partekatzen eta belaunaldiz belaunaldi transmititzen denean».
ONCEren Eguneroko Kupoiak 500.000 euroko saria jartzen du jokoan zenbakiari eta serieari eta 35.000 euroko 49 sari, saritutako zenbakiaren bost zifrak dituzten kupoientzat. Gainera, 250 euroko 450 sari, lehen lau zifrak dituztenei, eta beste 450 sari azken lauak dituztenei; 25 euroko 9.000 sari, azken hiruak edo lehen hiruak dituztenei; eta gauza bera lehenengo bietarako eta azkenetarako (6 euro) eta 2 euroko itzulera saritutako zenbakiaren lehen edo azken zifra dutenei.
Erakundeko 21.300 saltzailek baino gehiagok merkaturatzen dituzte ONCEren kupoiak. Gainera, www.juegosonce.es webgunean eta baimendutako establezimendu laguntzaileetan eros daitezke.








