- Euskadik onartzen du paradigma-aldaketa bat dagoela eta egungo zaintza-ereduak eboluzionatu egin behar duela. Beraz, profesionalekin lan-talde bat eratuko du aldaketa sozialak eta asistentzialak aztertzeko eta etorkizuneko eredu berri bat proposatzeko
Eusko Jaurlaritzak akordiorako bide propioa du osasuneko mahai sektorialean. Mahai horretan, Osasun Sailak eta Osakidetzak hilabeteak daramatzate medikuen sindikatuekin lanean, kolektiboaren berezitasunei heltzeko eta jarrerak hurbiltzeko. Hala, helburua da datozen egunetan aurre-akordio bat lortzea.
Euskadiko Medikuen Sindikatuarekin (SME) aldebiko hainbat bilera egin ondoren, akordio-proposamena datorren astelehenean, uztailak 20, aurkeztuko da osasuneko mahai sektorialean, eta bertan proposamena onartzea espero da.
Alberto Martínez Osasuneko sailburuak adierazi du Osakidetza prest dagoela medikuekin gatazka sortzen ari diren zenbait alderdi arintzeko, hala nola guardien eredua aldatzea, librantza-sistema hobetzea edo aintzatespen profesionala. Gai horiek aldebiko bileretan eztabaidatu dira, eta, orain, datorren asteleheneko mahai sektorialean eztabaidatuko dira.
Sailburuak azaldu du osasun-arloko lanaren antolaketan paradigma-aldaketa gertatzen ari dela, eta egungo zaintza-ereduak eboluzionatu egin behar duela. Adierazi duenez, belaunaldi berrien eta gizarte-ereduaren aldaketaren ondorioz, beharrizanak aldatu egiten dira, eta, horregatik, Osasun Sailak eta Osakidetzak profesional-talde bat eratzea bultzatuko dute, aldaketa horiek eta asistentzia-eskaera berriak aztertu eta guardiak beste modu batera ulertuko dituen etorkizuneko eredu bat proposatzeko.
Uztailaren 20ko akordio-proposamena
Osakidetzak astelehenean, uztailaren 20an, mahai sektorialera eramango duen proposamenean medikuen eta mediku espezialisten lan-jardunaren baldintzei buruzko neurri espezifikoak jasotzen dira, eta bereziki jorratu dira, besteak beste, guardien eredua berrikustea, librantza-sistema hobetzea edo guardien jardueraren ordainsaria berrikustea —igoera progresiboa kontuan hartuta—.
Hala, Osasun Sailak eta Osakidetzak espero dute elkarrizketa- eta adostasun-prozesu horrek aukera emango duela medikuen kolektiboaren berezitasunei heltzeko eta lan-baldintzak hobetzeko, belaunaldi berrien beharrei eta gizarte-ereduaren aldaketari erantzungo dien osasun-lana antolatzeko eredu berri baten baitan.







