- Euskadin Benzodiazepinen Erabilera Egokitzeko Estrategiaren lehen esku-hartze handia da, Euskadiko Osasun Itunarekin lerrokatuta, eta pazientearen segurtasuna, kronikotasunaren arreta eta herritarren ahalduntzea lantzen ditu
- Benzogutunaren helburua da pazienteak informatzea eta ahalduntzea, bentzodiazepinekin egindako tratamendu luzeen ikuskapenean aktiboki parte hartzea bultzatuta, hala segurtasuna hobetu eta insomnioa tratatzeko alternatiba eraginkorrak eskaintzeko
- Lehen Mailako Arretako taldeek ikuskatutako prozedura hori gutun pertsonalizatu bat da; familia-medikuak sinatzen du bentzodiazepinak pixkanaka murriztearen edo kentzearen onurak izan ditzaketen pazienteentzat, eta gomendio praktiko batzuk jasotzen ditu, medikazioa pixkanaka eta modu seguruan murrizteko
- 70 urtetik gorako hamar emakumetik lauk bentzodiazepinen preskripzio aktiboa dute; eta zati handi batek gida klinikoetan gomendatutakoak baino luzaroago mantentzen ditu tratamendu horiek
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Farmazia Zuzendaritzaren bidez, eta Osakidetzak gaur aurkeztu dute Benzogutuna, bentzodiazepinak luzaroan erabiltzen dituzten pazienteei zuzendutako informazio- eta sentsibilizazio-tresna berritzailea. Euskadin Bentzodiazepinen Erabilera Egokitzeko Estrategiaren baitan Osakidetzak sare osoan egiten duen lehen esku-hartzea da.
Aurkezpenean, Iñaki Betolaza Eusko Jaurlaritzako Farmaziako zuzendariak eta Eduardo Millán Osakidetzako mediku epidemiologoak parte hartu dute. Nabarmendu dutenez, oso garrantzitsua da sistema eredu prebentiboago, jasangarriago eta pertsonen osasunean oinarritutako eredu baterantz egitea, eta, horretarako, profesionalengan eta herritarrengan aldaketa kulturala sustatzea, 360º-ko ikuspegia oinarri hartuta. “Estrategia honek aldaketa kulturala bultzatu nahi du; bakoitzak benetan behar duen tratamendua jaso dezan, dagokion denboran, eta onurak eta arriskuak erabat ezagututa”, azaldu dute.
Bentzodiazepinak —besteak beste, insomnioa eta antsietatea tratatzeko gehien erabiltzen diren medikamentuetako batzuk— farmako eraginkorrak dira denbora-tarte laburretan erabiltzen direnean. Hala ere, luzaroan erabiliz gero, osasunerako arriskutsuak izan daitezke, hala nola tolerantzia eta mendekotasuna garatzea, erortzeko eta hausteko arriskua handitzea, zirkulazio-istripuak, memoria-arazoak eta narriadura kognitiboa.
Zer da Benzogutuna?
Benzogutuna esku-hartze erraza da, eta ebidentzia zientifikoek eta Osakidetzan aurretik egindako esperientziek bermatzen dute. Benzogutuna gutun pertsonalizatu bat da eta 20.000 paziente ingururi bidaliko zaio; familia-medikuak sinatu eta pazienteari bidaltzen dio, insomnioa tratatzeko erabiltzen diren bentzodiazepinak pixkanaka murriztuz edo kenduz joan litezkeen kasuetan. Gutun horrekin batera, Osasun Sailak eta Osakidetzak prestatutako material informatiboak daude. Horietan, medikazioa pixkanaka eta modu seguruan murrizteko gomendio praktikoak daude, baita lo egiteko ohitura osasungarriei buruzko informazioa ere.
Esku-hartzeak bi helburu ditu. Alde batetik, erabiltzaileek hobeto ezagutu behar dituzte sendagai horiek luzaroan erabiltzeak dakartzan arriskuak. Bestetik, haien parte-hartze aktiboa eta motibazioa sustatu nahi da, osasun-profesionalekin batera aztertzeko ea komeni den tratamendua jarraitzea edo aldatzea.
Nori dago zuzenduta?
Esku-hartzea, nagusiki, insomnioa duten eta bentzodiazepinak edo halako farmakoak dituzten tratamendu luzeak —hiru hilabetetik gorakoak— dituzten eta prozesuaren segurtasuna bermatzeko ezarritako irizpide kliniko jakin batzuk betetzen dituzten pertsonentzat izango da.
Asistentzia-taldeek arduraz ikuskatutako prozesua
Benzogutuna abian jartzeko prozedura Lehen Mailako Arretako taldeek egituratu eta ikuskatuko dute. Lehenik eta behin, esku-hartzea jasotzeko hautagai izan daitezkeen pazienteen zerrendak sortuko dira. Ondoren, medikuek eta familia-medikuek banan-banan aztertuko dute kasu bakoitza, pazienteak irizpideak betetzen dituela eta esku-hartzea bere egoera kliniko zehatzerako eta testuinguru sozial eta familiarrerako egokia dela egiaztatzeko.
Hautagaitza baliozkotu ondoren, gutuna pertsonalizatu egingo da, pazienteak erabilitako medikamentuaren izena erantsiko da, eta sinatu eta postaz bidaliko da, material informatibo osagarriarekin batera. Prozesu osoa profesionalen eta pazienteen arteko konfiantzazko harremanean oinarritzen da, eta hori da, hain zuzen, esku-hartzearen arrakasta-faktore nagusietako bat.
Ohitura batzuk aldatzeak lagun dezake
Lo egiteko beharra aldatu egiten da bizitzan zehar adinaren, osasun-egoeraren, egoera emozionalaren eta beste faktore batzuen arabera, hala nola arazo pertsonalak, etxekoak, lanekoak eta abar. Lo egitea beharrezkoa da, eta egiaztatu da ohitura batzuk aldatzeak lagun dezakeela:
- Egunero ordu berean oheratu eta jaikitzea, asteburuak eta oporrak barne.
- Ohera joan aurretik errutina bat mantentzeak (pijama janztea, hortzak garbitzea…) fisikoki eta mentalki prestatzen zaitu ohera joateko.
- Ariketa arina egin, hobe arratsalde erdian.
- Bainatu edo erlaxazio-ariketak egin.
- Logela tenperatura atseginean eta argi- eta zarata-maila minimoetan mantentzea.
Benzodiazepinak Euskadin
Euskadin eskuragarri dauden datuek erakusten dutenez, tratamendu horiek dituzten pertsonen kopuruak gora egin du azken urteotan. 2026ko urtarrilaren 1ean, 300.000 pertsonak baino gehiagok zituzten gomendatutako denbora gainditzen zuten tratamenduak, eta 159.000 pertsonak baino gehiagok hartu zuten medikamentua azken hilabetean. Kontsumoa bereziki handia da adineko pertsonen eta emakumeen artean. 70 urtetik gorako hamar emakumetik lau inguruk bentzodiazepinen preskripzio aktiboa dute; eta zati handi batek gida klinikoetan gomendatutakoak baino luzaroago mantentzen ditu tratamendu horiek.
Benzodiazepinen erabilera egokia sustatzeko estrategia
Egoera horren aurrean, Osasun Sailak eta Osakidetzak Bentzodiazepinen Erabilera Egokitzeko Estrategia Korporatiboa diseinatu dute, ibilbide luzeko ekimen gisa pentsatua: pixkanaka osasun-profesionalei, pazienteei eta herritarrei zuzendutako jarduera berriak txertatzen joango da. Ekimena, gainera, Euskadiko Osasun Itunean jasotako lan-ildoen baitakoa da, batez ere, pazientearen segurtasunarekin, kronikotasunaren arretarekin, asistentziaren kalitatearekin eta herritarren ahalduntzearekin lotutako eremuetan.
Lehen Mailako Arretako, Osasun Mentaleko, ospitaleko arretako, espetxeetako, osasun publikoko eta farmazia komunitarioko profesionalek osatutako diziplina anitzeko talde koordinatzaileak landu du estrategia. Segurtasuna, ongizate emozionala eta esku-hartze ez-farmakologikoak lehenesten dituen arreta-eredu baterantz aurrera egitea du helburu, betiere horiek aukerarik egokiena direnean.
Osakidetzan egiaztatutako esperientzia
Estrategia Benzogutuna ekimenaren bidez hasteko erabakia Osakidetzako hainbat zentrotan bereganatutako esperientzia positiboaren ondorioa da.
Lehenengo esperientzia Bilbo-Basurtu ESIan egin zen, eta, ondoren, Barrualde-Galdakao, Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzeta eta Debabarrena ESIetan. Esku-hartzea egin eta urtebetera, gutuna jaso zuten pertsonen % 22k bentzodiazepinen kontsumoa erabat utzi zuen, eta beste % 18,8k murriztea lortu zuen. Gainera, parte hartu zuten 42 profesionalen artean egindako inkestak tresnaren onarpen handia erakutsi zuen: % 74ak esku-hartze erraz eta eraginkortzat jo zuen.
Gainera, maila korporatiboan hedatu aurretik, Osakidetzak Benzogutunaren pilotatze bat garatu du Arrigorriagako Lehen Mailako Arretako Unitatean, haren eraginkortasuna eta profesionalen eta pazienteen arteko onarpena ebaluatzeko. Emaitzek aldez aurretik metatutako esperientzia berretsi dute eta, hortaz, estrategiaren lehen esku-hartzea izatea babestu dute.
Egindako elkarrizketen arabera, gainera, balorazio positiboa egin dute pazienteek eta profesionalek. Parte-hartzaileek diotenez, gutuna tresna argia, ulergarria eta erabilgarria da denbora luzeko tratamenduei buruz hausnartzeko; asistentzia-taldeek, berriz, sinpletasuna, ebidentzia zientifikoaren babesa eta Lehen Mailako Arretatik eraikitako konfiantza-harremanaren balioa nabarmentzen dituzte.
Jarduketa horren bidez, Osasun Sailak eta Osakidetzak urrats bat gehiago eman dute pazientearen segurtasunarekiko konpromisoan, ebidentzian oinarritutako osasun-arretan eta ongizate emozionalari eta herritarren autonomiari laguntzen dioten alternatiben sustapenean.







