Barakaldok Zamalandatik Eguzki eklipse osoa bizitzeko gonbitea luzatu du dibulgaziozko eta jai-giroko jardunaldi handi batekin

0

Barakaldo azken hamarkadetako gertaera astronomiko harrigarrienetako bat bizitzeko prestatzen ari da. Datorren abuztuaren 12an, Zamalanda Parkea Euskaditik ikusi ahal izango den eguzki eklipse osoaz gozatzeko topagune handia izango da, belaunaldietan berriro errepikatuko ez den aparteko aukera. Hitzordu historiko hori dela eta, Barakaldoko Udalak jardunaldi berezi bat antolatu du herritar guztientzat, zientzia, dibulgazioa eta aisialdia uztartuz, eta arratsalde hori esperientzia ahaztezin bihurtzeko.

«Eklipsea leku askotatik ikusi ahal izango da, baina batean ere ez da Barakaldon bezala biziko; izan ere, Barakaldon festa bat egingo dugu eklipsearen inguruan. Festa horrek dibertsioa, dibulgazio zientifikoa eta esperimentu txiki batean parte hartzea ere proposatuko diegu nahi duten guztiei», adierazi du Gorka Zubiaurre Alkatetzako zinegotziak.

Jai giroa 19:00etan hasiko da DJ Pacoren musikarekin, eta adin guztietarako pentsatutako saio bat izango da.

19:30ak pasata eklipsea hasiko da eta une horretatik aurrera Barakaldoko zientzialari eta ikertzaile ospetsu bat izango dugu.

Eneko Axpe Fisikan doktorea da EHUn, Oxfordeko Unibertsitatean egonaldiak egin ditu, eta bere karreran zehar ospe handiko erakundeetan izan da, hala nola Cambridgeko Unibertsitatean, Stanforden edo 2021etik NASAn zientzialari gisa laguntzen.

Enekok bitxikeria zientifikoak partekatuko ditu, eklipse oso batean zer gertatzen den azalduko du eta fenomeno naturalaz ahalik eta arreta handienarekin gozatzeko gomendioak emango dizkigu. Era berean, guztion artean egiteko esperimentu txiki bat proposatuko du. Hori guztia DJ Pacoren musikarekin tartekatuta, ekitaldia oso atsegina eta dibulgatzailea izango baita, apurka-apurka iluntzen ari dela ikusten dugun bitartean.

20:30ak baino pixka bat lehenago iritsiko da ekitaldiaren gailurra. Zehazki 28 segundo izango dira, 20:27:15etik 20:27:43ra eguzkia erabat ezkutatu eta eguzki-koroa ikusi ahal izango dugunean. Barakaldon duela mende bat baino gehiagotik begiztatzen ez zen aparteko gertakaria da.

Pertsona guztiek ikuskizunaz segurtasun osoz gozatzeko aukera izan dezaten, Udalak eguzkiari behatzeko betaurreko homologatuak banatuko ditu. Betaurreko horiek ezinbestekoak dira eklipsea ikusteko, ikusmen-osasuna arriskuan jarri gabe.

SEGURTASUNEZ GOZATZEA MEREZI DUEN FENOMENO PARAGABEA

Eguzkiaren eklipse osoa Lurretik ikus daitekeen fenomeno natural ikusgarrienetako bat da. Une batez, ilargiak eguzkia erabat ezkutatuko du, zerua bat-batean ilunduz eta eguzki-koroa bezalako elementu bereziak ikusiz.

Aditu zientifikoek gogorarazten dute ez dela inoiz eguzkia zuzenean begiratu behar babes egokirik gabe, osotasunaren une laburrean izan ezik. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak Eklipsea programaren barruan egindako oinarrizko gomendio batzuk gogorarazi ditu Udalak:

  • Eklipseetarako betaurreko homologatuak soilik erabiltzea, eguzki-behaketarako ziurtagiri espezifikoa dutenak.
  • Egiaztatu betaurrekoak egoera onean daudela eta ez dutela harramazkarik, hausturarik edo zulaketarik.
  • Ez erabili eguzkitako betaurrekoak, erradiografiak, kristal ketuak edo etxeko beste metodo batzuk, ez baitute ikusmena babesten.
  • Ez begiratu eguzkiari prismatikoen, teleskopioen edo argazki-kameren bidez, eklipse-betaurrekoak soilik erabiliz, tresna horiek erradiazioa kontzentratzen baitute eta lesio larriak eragin baititzakete.
  • Behaketan adingabeak uneoro gainbegiratzea.

ZAMALANDA, ZERURA BEGIRATZEKO BALKOI PRIBILEGIATUA

Ekimen honek hiriko naturgune handienetako bati, Zamalanda parkeari, balioa ematen dio. «Barakaldok benetako berdeguneak ditu, hala nola Zamalanda. Espazio horiek gure bizi-kalitatea hobetzen dute, eta, gainera, eklipse hau bezalako gertaera paregabeez gozatzeko aukera ematen digute, ingurune zabal, eroso eta naturaz inguratutako batean. Familiei, astronomia zaleei eta jakin-mina duen edonori egun horretan elkarrekin bizitzeko gonbidapena luzatu nahi diegu, nekez errepikatuko dugun esperientzia bat bizitzeko», adierazi du Gorka Zubiaurre Alkatetzako zinegotziak.

Jardunaldiaren izaera dibulgatzailea ere azpimarratu du Zubiaurrek. «Aukera aparta da zientzia herritarrei hurbiletik eta modu parte-hartzailean partekatzeko. NASArekin elkarlanean aritzen den Eneko Axpe ikertzaile barakaldarra izan ahal izateak harrotasun iturri bihurtzen du hitzordu hau gure hiriarentzat, eta aukera ezin hobea haurren, gazteen eta helduen jakin-mina pizteko».

Udalak herritar guztiak animatu ditu Zamalandara gerturatzen, gertaera historiko hau partekatzeko, eta gogorarazi du garrantzitsua dela segurtasun gomendioak beti jarraitzea, unibertsoak eskaintzen duen ikuskizun natural ikusgarrienetako batez erabat gozatzeko.