Udara Hondarribian igarotzera etorri diren Saharako lau haurrei harrera egin die Udalak

0

Hondarribiko Udalak harrera egin die Tadamun Elkartearen eta Oporrak Bakean programaren bidez uda honetan Hondarribian izango diren Saharako lau haurrei eta haiek hartu dituzten familiei.

Igor Enparan Araneta alkateak azpimarratu du ekimen honek elkartasunaren balioa erakusten duela eta harrera-familien konpromisoa goraipatu du. “Haurren irribarreak dira programa honen arrakastarik handiena. Programa honi esker lasaitasuna, maitasuna eta etxe baten beroa ere eskaintzen zaizkie. Gure herriaren izaera solidarioaren adibide bikaina dira harrera-familiak, eta haien eskuzabaltasunari esker, haur hauek bizi duten errealitate gogorra albo batera utzi ahal izango dute aste batzuetan”.

Udaletxea hondarribitar guztien etxea den bezala, bisitan etorritako haurrena ere badela adierazi die alkateak bertaratutako haurrei. Era berean, ekimena elkartasunaren, lankidetzaren eta nazioarteko elkarlanaren isla dela azpimarratu du. “Familiek egiten duten ekarpen eskuzabala eskertu nahi dugu. Alde biei aberastasuna ematen dien ekimena da, guztiontzat onuragarria den esperientzia da”.

Bestalde, Lupe Queiruga Oronoz zinegotziak Oporrak Bakean programak duen balio sozial eta humanitarioa nabarmendu du: “Uda batek ezin du haien errealitatea aldatu, baina bai itxaropena eta bizipen zoriontsuak eskaini. Harrera-familiek egiten duten keinuak erakusten du elkartasunak pertsonen bizitzetan benetako eragina izan dezakeela. Gure komunitatea ere aberastu egiten da, haur hauengandik ikasten dugulako eta elkartasuna eguneroko ekintza txikien bidez eraikitzen delako”.

Hondarribiko Udalak, azkenik, Tadamun Elkartearen lana eta harrera-familien inplikazioa eskertu ditu, haien konpromisoari esker beste urte batez Saharako haurrek uda seguru eta osasungarria igaro ahal izango baitute Hondarribian.