Nafarroako babesleku klimatikoen erregistroak ia 100 leku barne hartzen ditu jada, horietako % 66 aire zabalean

0

Nafarroako babesleku klimatikoen erregistroa  aurkeztu zenetik ia hilabete igaro den honetan, dagoeneko 97 leku dauden herritarren eskura datu-basean, zeina fitxa deskribatzaileak eta informazio osagarria ere txertatzen ari baita.

Hala, online kontsulta baten bidez, erroldako babeslekuetako askoren kokapen zehatza, edukiera, ezaugarriak eta zerbitzuak ezagutzen ahal dira. Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren Klima Aldaketarako Bulegoa ari da informazio hori guztia koordinatzen, eta webgune espezifiko batean biltzen ditu babesleku klimatikoak, muturreko meteorologia-egoeretan baldintza erosoak eskaintzen dituztenak.

Leku horiek toki-entitateen mendekoak izan arren, Ingurumenak konpromisoa hartzen du herritarrei irispidea errazteko, babeslekuei buruzko informazioa bildu eta zabalduta. Lurraldean topatzea errazteko, Idenaren mapa digitalei esker, zuzendaritza nagusiak babeslekuen titular diren toki-entitateei sare osorako seinale komunak erabiltzeko aukera eskainiko die, aipatu zuzkidurak bizkor identifikatzen laguntzeko. Heda Comunicación proposamena garatzen ari da.

Elementu identifikatzailea

Babeslekuen irudi grafiko globala bi elementu geografikoren intersekzioan oinarritzen da, eta testua subjektu gisa erabiltzen du; babespean da, kanpoan ez baita giro. Logotipo hori, halaber, zigilu digital gisa garatuko da, eta udaletxeen webguneek eskura izanen dute, sareko babesleku bat badutela modu intuitiboan azaltzeko. Era berean, babeslekuari buruzko informazio guztia (koordenatuak, fitxak, argazkiak, informazio osagarria, etab.) eskuratzeko bide emango duen ikonoa izanen da haien webguneetan.

Gainera, www.navarra.es  gunean izapide digital bat garatzeko lanak abian dira, toki-entitateek babeslekuak erraz inskriba ditzaten erregistroan. Eskabidea egiteko, fitxa editagarri bat deskargatu behar da, eta atari berean kargatu gero. Udaletxeek jartzen dituzte herritarren eskura aipatu babeslekuak, atsedengune, kanpoaldeko gerizpe edo barnealdeko aireztapen, ur, komun eta abarrez hornituta.

Babeslekuak klima-aldaketara egokitzeko baliabideak dira. Gaur egun, 31 udalerrik dute babeslekuren bat errolda horretan. Erregistroan eskura dauden ia 100 babesleku horietako % 66 aire zabalean daude, eta gainerakoak barnealdeetan, hala nola kultur etxeak, kiroldegiak, zentro zibikoak, erretiratuen klubak edo eraikin publikoetako balio anitzeko gelak. Duela gutxi, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak (MITECO) interesa adierazi du Nafarroako babesleku klimatikoen erregistroaren gainean, eta ekimen bereizgarria dela iritzi dio, babesleku horien gaineko informazioa sare autonomiko batean integratzen du eta. Ministerioa lan hori bera egiten ari da Espainia mailan, baina badira bide horren alde egin ez duten autonomia-erkidegoak.