- Hezkuntza Sailak 10 milioi euro inguru bideratuko ditu 281 jarduketa finantzatzera. Jarduketa horiek 19,3 milioi eurotik gorako inbertsioa mobilizatuko dute udal-titulartasuneko ikastetxeetan.
- Obrei esker, Euskadi osoko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeen irisgarritasuna, energia-efizientzia, segurtasuna eta ikasteko guneak hobetu ahal izango dira.
(Bilbo, 2026ko abuztuaren 7a).- Hezkuntza Sailak UDALERAIKI dirulaguntza-programaren 2026ko deialdia ebatzi du. Haren bidez, Euskadiko 91 udalekin lankidetzan jardungo du Haur eta Lehen Hezkuntzako 124 ikastetxe hobetzeko 281 jarduketaren finantzaketan. Deialdiak 19.353.374,62 euroko inbertsioa mobilizatzea ahalbidetuko du, eta, zenbateko horretatik, Hezkuntza Sailak 10 milioi euroko ekarpena egingo du. Laguntza horiei esker, ikastetxe horiek hobetzeko obrak egin ahal izango dira, eta Eusko Jaurlaritzaren eta tokiko erakundeen arteko lankidetza indartuko da, hezkuntza-espazioak eraldatzen jarraitzeko.
UDALERAIKI programaren bidez, Hezkuntza Sailak udalekin lankidetzan dihardu udal-titulartasuneko eskola-eraikinak kontserbatzeko, modernizatzeko eta egokitzeko. Helburua da ikastetxeek gune seguruagoak, irisgarriagoak, jasangarriagoak eta egungo beharretara egokituak izatea eta, gainera, irakaskuntzaren kalitatea eta lurralde-kohesioa indartzen laguntzea.
Hezkuntzako sailburu Begoña Pedrosak nabarmendu duenez, “eskola bat eraikin bat baino askoz gehiago da. Ikasleek ikasteko eta elkarrekin bizitzeko, familiek parte hartzeko eta komunitatea eraikitzeko gunea da. Gure auzo eta herrietan, komunitate-bizitza indartzen laguntzen duen topagunea da eskola. Horregatik, ikastetxe bat hobetzeko bultzatzen dugun jarduketa bakoitza gizarte-kohesioan eta hezkuntza hurbil eta kalitatezko batean egindako inbertsio bat da”.
Oro har, Eusko Jaurlaritzak proiektu bakoitzean diruz lagundu daitekeen kostuaren %60ra bitartean finantzatzen du (jarduketa bakoitzeko 360.000 euro gehienez), eta udalari dagokio gainerako ehunekoa bere gain hartzea. Bi erakundeen arteko hitzarmenak formalizatu ondoren, tokiko erakundeek gehienez bi urteko epea dute diruz lagundutako obrak lizitatzeko eta egikaritzeko.
Ildo horretan, sailburuak nabarmendu duenez, “UDALERAIKI erakundeen arteko lankidetzak herritarrentzako hobekuntza errealak dakartzala erakusten duen adibidea da. Lankidetza horrek aukera ematen digu lurralde osora iristeko eta udalerri bakoitzaren beharrei erantzuteko, udalerri handia zein txikia izan”.
281 JARDUKETA HIRU LURRALDEETAN
Hezkuntza Sailaren eta udalen arteko lankidetza horren ondorioz, hobetzeko esku-hartzeak egingo dira hiru lurralde historikoetako ikastetxeetan. Emandako dirulaguntzei esker, estalkiak eta fatxadak birgaitu, irisgarritasuna hobetu, instalazio elektrikoak eta termikoak berritu, energia-efizientziako proiektuak bultzatu, patio inklusiboak eta ikasteko gune berriak sortu, arkitektura-oztopoak kendu eta kirol-instalazioak egokitu ahal izango dira.
Sailburuak adierazi duenez, “Euskadiko ikasle guztiek, bizi diren lekuan bizi direla, ikastetxe seguruak, irisgarriak, jasangarriak eta egungo eta etorkizuneko erronkei erantzuteko prestatuak izan ditzaten nahi dugu. Haurrak hezten diren espazioetan inbertitzea aukera-berdintasunean, ongizatean eta gure auzo, herri eta hirien etorkizunean inbertitzea da”.
Araban, programa horren bitartez, 27 jarduketa egikarituko dira 17 udalerritan, 1,7 milioi euro inguruko inbertsioarekin. Onartutako proiektuen artean, honako hauek aipa daitezke: Amurrioko Zabaleko HLHIaren eta Mendiko Eskola HLHIaren hobekuntzak, Aguraingo Lope de Larrea HLHIko instalazio fotovoltaikoa eta irisgarritasun-jarduketak, Aiarako Etxaurren Ikastolaren hobekuntza, Artziniegako Arteko Gure Ama HLHIko jolas-eremuaren egokitzapena, Asparrenako Araia Herri Eskola HLHIaren eraberritzea, Kanpezuko Mendialdea HLHIko obrak, eta Legutioko Garazi Ikastola HLHIaren energia-efizientziaren hobekuntza.
Bizkaian 125 proiektu garatuko dira 45 udalerriko 79 ikastetxetan 9,6 milioi euroko inbertsioarekin. Ebazpenak, besteak beste, honako jarduketa hauek aurreikusten ditu: Bilboko Maestro Garcia Rivero HLHIko fatxaden birgaitzea, Viuda de Epalza HLHIko arotzerien ordezpena eta Arangoiti HLHIko gimnasioaren estalki berria, Getxoko Andra Mari, Gobela, Juan Bautista Zabala, Romo, San Inazio eta Zubileta HLHIetako jarduketak, Basauriko Ariz, Basozelai Gaztelu, Bizkotxalde, Kareaga Goikoa eta Soloarte HLHIetako patio inklusibo berriak eta beste esku-hartze batzuk, Santurtziko Las Viñas, Itsasoko Ama, Mamariga eta Bihotz Gaztea HLHIetako lanak, Durangoko Landako eta Zabalarra HLHIetako obrak, Portugaleteko Kanpazar, Antonio Trueba eta Portugalete HLHIetako hobekuntzak eta Bermeo HLHIko patio inklusiboa.
Gipuzkoan, programak 51 obra bultzatuko ditu 29 udalerriko 33 ikastetxetan,6,7 milioi eurotik gorako inbertsioarekin. Proiekturik adierazgarrienen artean, honako hauek daude: Donostiako Amara Berri HLHIko patioaren berrantolaketa, Aitor Ikastola HLHIko guneen berritzea eta Altza HLHIko arotzerien ordezpena, Arrasateko Arrasate Herri Eskola HLHIko patio inklusibo berria, Oñatiko Errekalde HLHIko jolas-eremuaren birgaitzea, Eibarko San Andres, J. A. Mogel eta Arrateko Andra Mari HLHIetako hobekuntzak, Bergarako San Martin Agirre HLHIren eraberritzea, Azpeitiko Karmelo Etxegarai HLHIko komunen eta berokuntza-sistemaren berritzea, Azkoitiko Ikastola-Xabier Munibe HLHIko patioaren naturalizazioa, eta Pasaiako Karmengo Ama IPIko aldagelen birgaitzea.
Laguntzak eskola-eraikinen inbertsio- eta hobekuntza-proiektuetara baino ez dira bideratuko, eta, beraz, ez dute barnean hartzen mantentze-lan arruntik, haien eskumena tokiko erakundeena baita. Hezkuntza Eraiki 2030 estrategiaren barruan, UDALERAIKI programak Euskadiko hezkuntza-azpiegituren eraldaketa bultzatzen du, hainbat helburu lortzeko bidean aurrera egiten laguntzen duten jarduketen bidez. Helburu horien artean, deskarbonizazioa, energia-efizientzia, erosotasunaren hobekuntza, irisgarritasun unibertsala eta ikastetxeak ikasteko metodologia berrietara egokitzea aipa daitezke.








