Gaur goizaldeko ordu biak eta hogei aldera, herritarren segurtasunerako lanetan ari ziren Ertzaintzako agenteek bi pertsona liskarrean ikusi dituzte Koroatze auzoko kale batean. Borrokan ari zen gizonetako batek hainbat zauri zituen eta odola dariola zegoen, eta berehala eskatu dute osasun-zerbitzuen laguntza. Lehen arreta lekuan bertan eman ondoren, zauritua, latinoamerikar jatorriko 42 urteko gizona, anbulantzian eraman dute Txagorritxu Ospitalera.
Antza denez, beste gizonak botila batekin jo du buruan eta, botila hautsi denean, hautsitako beirarekin eraso egin dio eta zauriak egin dizkio aurpegian, lepoan eta besoetan. Horren aurrean, susmagarria lesio larrien delitua leporatuta atxilotu dute.
Atxilotua 64 urteko gizon latinoamerikarra da, eta dagozkion eginbideak amaitutakoan jarriko dute epailearen eskuetan.




