Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak, Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Estazioaren bidez (EVENA), saiakuntza esperimental bat hasi du bere Sabaizako finka batean, Ezprogi udalerrian, klima aldaketaren inpaktuaren aurrean mahatsondoaren laborantzak nola jokatzen duen ikertzeko eta mahats-kalitatea hobetzen lagun dezaketen eta hobekien egokitzen diren nekazaritza-praktikak eta -barietateak identifikatzeko.
Klima-aldaketa intzidentzia zuzena izaten ari da mahastietan; izan ere, tenperaturak gero eta gehiago igotzen ari direnez eta gero eta lehorte gehiago daudenez, mahatsen heltzea azkartu egin da. Horren ondorioz, ardoaren azukrea areagotu eta garraztasuna urritu da, eta ekoitzitako ardoak alkohol gehiago du, ez da hain freskoa eta beste profil aromatiko batzuk ditu. Inguruabar horiek kezka pizten dute, bereziki, ardoaren sektorean, zeina gaur egun krisi-egoeran dagoen eta estrategiatzat duen Nafarroan ekoizpena handitu beharrean, kalitatea eta barietate bakarreko bereizketa hobetzea.
José Mari Aierdi Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak zera azpimarratu du: «klima-aldaketaren ondorioak errealitatea dira eta gehiagora joango dira, halabeharrez, eremu guztietan. Egoera horietara egokitzeko mahastizaintzaren eta ardogintzaren ikerketa lehen mailako erronka bilakatu da ardoaren sektorearentzat Nafarroan, eta, zalantzarik gabe, gure marken berrikuntzaren, bereizketaren, kalitatearen eta ospearen aldeko apustu egin behar dugu, krisia aukera bilakatzeko».
Kokapen estrategikoa duen lurzatia
Aierdi kontseilariak, Rubén Goñi Landa Garapeneko zuzendari nagusiak zein ardoaren sektoreko langileen talde batek, besteak beste, ikertzaileek, bodegek, ekoizleek edo Nafarroako JDko kontseilu arauemaileak lagunduta, gaur (asteartea) bisitatu du EVENA bere Sabaizako finkan landatzen hasi den mahastia. Mahasti hori Ezporogin dago, Zangozako merindadeko mendialde behereako udalerri txiki batean.
Mahastiaren lurzatiak ia hektarea bat du, eta hor egitea erabaki zen 820 metroko altitudean dagoelako –historikoki, Nafarroako mahasti gutxi daude 600 metro baino garaiago–, nutriente askoko lurra duelako, lurra ura gordetzeko gai delako eta zenbait ezaugarri geografiko edo klimatiko dituelako, zeinak saiakuntza honetarako apropos bilakatzen duten.
Bazter horretan, EVENA ikertzeen hasi da 25 mahats-barietatek –15 beltz eta 10 zuri– dituzten portaerak, klima-aldaketara egokitzeko gaitasuna eta erresilientzia. 25 mahats-barietate horiek ez dute jatorri bera, eta, horiez gain, berreskuratutako tokiko beste 3 barietate ere landatu ditu; hain justu ere, «oneka», «musa» eta «berues» barietateak.
Ardoaren sektoreko ikertzaileak eta langileak
Sabaizako mahastietara eginiko bisitan EVENAk gonbidatutako adituek, hala nola Sergi de Lamo Plataforma Tecnológica del Vinoko (PTV) zuzendari nagusiak eta Jesús Yuste Plataforma Tecnológica del Vinoko (PTV) koordinatzaile zientifikoak, esku hartu dute. Plataforma Tecnológica del Vino estatuko elkarte bat da, mahastizaintzako eta ardogintzako ikerketa eta berrikuntza sustatzen dituena. Elkarte horretaz gain, besteak beste, honako hauek ere parte hartu dute: NUPeko zein Nafarroako Unibertsitateko ikertzaile eta ordezkariek, Viticultura Viva kolektiboak, Nafarroako JDko kontseilu arauemaileak, Nafarroako Bodegen Elkarteak (ABN), nekazaritza-antolakundeek eta INTIA sozietate publikoak.
Lurzatiaren aurkezpena eta bisita Ana Sagüések eta Félix Cibriáinek zuzendu dute, EVENAren talde teknikoko kideek, eta ekitaldiaren amaieran entitate anfitrioi horrek Reyno Gourmet produktuaren dastaketa eta oneka zein berues barietateko ardo esperimentalen dastatzea eskaini du, bere enologo-taldearen kontu, zeina Alfredo Ruedak eta Izaskun Oriak osatzen duten.
EVENAren proiektuak xede du metodologia bat eta klima-aldaketara egokitzeko saiakuntzen balidatze-sistema bat ezartzea, eta metodologia zein sistema horiek estandarizatu ahal izatea etorkizuneko mahastizaintzako eta ardogintzako esperientzietan, ekoizpen-sektorean, abiapuntu izan da hautatutako mahatsondoen laborantza, uzta eta jarraipena, .








