Barakaldoko Udalak, Garapen Jasangarriaren eta Ingurune Naturalaren Arloaren bitartez, aurrera egiten jarraitzen du udalerriko espazio naturalak berreskuratu eta konektatzeko, biodibertsitatea indartzeko eta hiria klima-aldaketaren eraginetara egokitzeko estrategian. Azken urteotan garatutako lan horrek ibai-inguruneak berreskuratzean eta hiriaren eta ibaien arteko harremana ulertzeko modu berri batean kokatu du fokua.
Estrategia horren adierazgarri nagusietako bat Barakaldo Uraren Hiria da, Castaños-Galindo ibaiaren ingurunea osorik lehengoratzeko proiektua, ibaiak hiriko ardatz natural gisa berreskuratzeko eta espazio iraunkorragoak eta osasungarriagoak sortzeko sortua. Castaños eta Galindo ibaien ibilguak, XX. mendeko garapen industrialean sakonki eraldatuak, gaur egun aukera bat dira biodibertsitatea berreskuratzeko, konektibitate ekologikoa hobetzeko eta hiria ibaietara berriro hurbiltzeko.
Bide horretan jarduera zehatzak garatu dira. 2021ean, Udalak, URA-Uraren Euskal Agentziak, Osakidetzaren Barakaldo-Sestao ESIak eta Ekologistak Martxan-ek erriberako baso txiki bat landatzea bultzatu zuten Gaztainondoen meandroan, Tellaetxe parkearen parean, Gorostizako kiroldegitik gertu. Gainera, 2024. urtearen hasieran, URAk ibaiaren zati bat birnaturalizatu zuen Gorostizako kiroldegiaren ondoan, hormigoizko hormak kenduz. Halaber, Biodibertsitatea Fundazioari esker, Castaños-Galindoren berreskurapen integrala bultzatzea.
Alba Delgado Garapen Jasangarriaren eta Ingurune Naturalaren Arloko zinegotziak azaldu duenez, «atzo hasi ez zen lan bati jarraipena ematen ari gara. Urteetan zehar espazioak berreskuratzen joan gara, gure ibaien gainean jardunez eta biodibertsitatea eta klima-egokitzapena gure Barakaldoko pentsaerara gehituz. Orain, lan hori guztia ordenatu nahi dugu, konektatu eta hurrengo urteetan zein hiri berde eraiki nahi dugun jakin ahal izateko ibilbide-orria osatu «.
Prozesu horrek beste urrats bat eman du orain, eta elkarren artean lotutako hiru tresna estrategiko diagnostikatzeko fasea amaitu da: Azpiegitura Berdearen eta Biodibertsitatearen Plana, Hiri Zuhaiztien eta Berdeguneen Plan Zuzentzailea eta Castaños-Galindo ibaiaren ingurunearen Birnaturalizazio Integralerako Plana.
Azpiegitura Berdearen eta Biodibertsitatearen Planari esker, ingurumen-balio handieneko espazioak identifikatu ahal izango dira, eta horiek nola lotu ezarri ahal izango da korridore ekologikoen eta funtzio anitzeko beste espazio batzuen bidez, bero-uhartearen efektua murrizteko, uraren zikloa errazteko, klima-aldaketaren aurreko erresilientzia handitzeko eta natura herritarrengana hurbiltzeko.
Hiri Zuhaiztien eta Berdeguneen Plan Zuzentzaileak hiri-basoaren epe labur, ertain eta luzerako plangintza ezartzen du. Plan horrek 20 urterainoko ikuspegia aurreikusten du, zuhaitz helduak babestetik hasi eta bajak berrezartzeraino, eta hiri-baso konektatu eta erresiliente bat finkatzeraino.
Castaños-Galindo Ibaiaren Ingurunearen Birnaturalizazio Integralerako Planak ibaia sistema oso gisa aztertuko du: ura, ibilgua eta haren ertzak, landaredia, fauna, habitatak, konektibitate ekologikoa eta auzoekin eta pertsonekin duen harremana. Hiri-ibai bat naturalizatzeak ez du esan nahi eremu «basati» bihurtu behar denik, baizik eta prozesu eta funtzio naturalak berreskuratzen lagundu behar dela, eraldatutako lurralde batek ahalbidetzen duen neurrian.
«Biodibertsitateaz ari gara, baina osasunaz eta bizi-kalitateaz ere bai. Zuhaitz batek itzala ematen digu eta beroa murrizten; ondo kontserbatutako ibai batek ura erregulatzen eta habitatak sortzen laguntzen du; eta gure parkeak eta naturguneak lotzeak biodibertsitateak hiria zeharkatzea ahalbidetzen du. Dena lotuta dago, eta horregatik, hain zuzen, elkarrekin planifikatu nahi dugu «, nabarmendu du Delgadok.
Diagnostiko-fase honek parte hartzeko prozesu bat dakar, herritarren, udal-langileen eta udalerriari lotutako beste eragile batzuen ikuspegia zuzenean ezagutzeko. Hurrengo saioetan bilerak egingo dira udal langileekin eta kanpoko talde teknikoekin, bai eta Ingurumeneko Gizarte Foroarekin, Barakaldoko herritarrekin eta Hiri Zuhaitzen Kontseiluarekin ere.
Saioetan hiru planak modu sintetikoan aurkeztuko dira, eta dinamikak garatuko dira kontserbatu beharreko balioak, arazo eta behar nagusiak, egon daitezkeen gatazkak eta jarduketak definitu aurretik lurraldeko zein alderdi hartu behar diren kontuan identifikatzeko.
Hitzordu horien artean, nabarmentzekoa da urriaren 5ean, 18:30etik 20:30era, Clara Campoamor Gizarte Etxean egingo den topaketa.
«Informazio teknikoa ezinbestekoa da, baina auzoak egunero bizi dituztenek beti plano batean agertzen ez diren gaiak ezagutzen dituzte: itzala non falta den, zer berdegune erabiltzen dituzten, zer eremu hobetu behar dituzten, ibaia nola hautematen duten edo bereziki baliotsuak iruditzen zaizkien lekuak. Horregatik, ezagutza hori hasieratik txertatu nahi dugu, eta ez planak amaituta daudenean «, adierazi du Delgadok.
Lehen fase honetan jasotako ekarpenak lagungarriak izango dira diagnostikoa osatzeko, eta kontuan hartuko dira jarduketa-proposamenak garatzeko orduan. Parte-hartze prozesuak aurrera jarraituko du planak egiten diren bitartean, eta, etapa hori amaitutakoan, proposamenen fase berri bati ekingo zaio, herritarrei, udaleko langileei, talde teknikoei eta inplikatutako beste eragile batzuei zuzendutako saio berriekin.
«Diagnostiko horiek garatzeak ez digu eragozten urratsak ematen jarraitzea. Udazken honetan, ubideak eta zuhaitzak berreskuratzeko ekintzak ditugu planifikatuta, gure biodibertsitatea berreskuratzeko espazioak, itzal handiagoa, espazio publiko hobeak, ibai biziagoak eta Barakaldo osasungarriagoa eta erresilienteagoa hurrengo belaunaldientzat «, amaitu du Alba Delgadok.








