Irailaren 29an egin zen lehen saioa, Kabiezesko eta Mamarigako osasun-zentroetako Erizaintzako profesionalen eskutik, Familiako eta Komunitateko Erizaintzako BAEErekin batera. Etxe barruan nahiz etxetik kanpo erorikoek dituzten arrisku-faktore nagusiak jorratu ziren jardunaldian, bai eta horiek prebenitzeko neurriak ere. Atal praktikoan, besteak beste, gai hauek izan zituzten hizpide: makilak, makuluak eta taka-takak egoki erabiltzeko modua, eskailerak igo eta jaisteko modua eta erori ostean altxatzeko modua.
Bigarren jardunaldia urriaren 1ean izan zen eta Santurtziko Udalak hartu zuen parte. Saio horretan aztergai izan zituzten eskuragarri dauden gizarte-baliabideak eta azpimarratu zuten autonomia mantentzeko oso garrantzitsua dela jarduera fisikoa. Horrez gain, indarra, oreka eta malgutasuna lantzeko ariketa praktikoak egin ziren, eta jarrera-higienea hobetzeko jarraibideak ere eman zituzten.
Ekimenak erdigunean jarri zituen ohitura osasungarrien prebentzioa eta sustapena, eta herritarrek ezagutzak nahiz baliabide praktikoak eskuratu zituzten erortzeko arriskua murrizteko eta eguneroko bizitzan autonomia mantentzeko.








