Chivite Lehendakariak Nafarroako EtxeONen alokairu sozial eta eskuragarriko 70 etxebizitza berri bisitatu ditu

0
A* Jesús Garzaron/Gobierno de Navarra.
F* 2026_10_05
T* La Presidenta visita inauguración de viviendas
L* Avda. Mugartea 2 y Avda. Mugartea 24-25, Mutilva

María Chivite Navascues Nafarroako Lehendakariak astelehen honetan bisitatu ditu Mutiloan Mugartea 16 eta Mugartea 54 sustapen publikoak. Sustapen horiek Nafarroako EtxeON estrategiako bi jarduketa dira, eta guztira 70 etxebizitza berri eransten dira Foru Komunitatearen parke publikora, zeinak alokairu sozial eta eskuragarrira bideratuta dauden.

Lehendakariarekin batera egon dira Begoña Alfaro Hirugarren Lehendakariordea eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilaria, Alicia Echeverría Nafarroako Gobernuaren ordezkaria, Manolo Romero Arangureneko alkatea eta Berta Urtiz Nasuvinsaren Etxebizitza Departamentuko zuzendaria; baita sozietate publikoaren zein bi sustapenetan parte hartu duten lantaldeen arduradunak eta teknikariak ere.

Bisitan zehar Chivitek nabarmendu duenez, 70 etxebizitza horiek “oso modu jakinean islatzen dute Nafarroako etxebizitzaren parke publikoa handitzeko eta herritarren kezketako bati erantzuteko egiten ari garen ahalegina”. “Etxebizitza publikoaz mintzo gara, kalitatezkoak eta energetikoki eraginkorrak diren etxebizitzez, baina, batez ere, 70 familiei familia-proiektua aurrera eramatea ahalbidetuko dien etxeez”, adierazi du.

Horrez gain, Lehendakariak azaldu duenez, “etxebizitzen parke publikoa handitzea lehentasuna da Gobernu honentzat, eta honen gisako jarduketek erakusten dute norabide horretara goazela aurre egiten, bidean inbertsio publikoa, berrikuntza eta jasangarritasuna bateratuta, herritarren premietara egokitutako hainbat konponbide eskaintzeko”.

Bi sustapenek batera 70 etxebizitza publiko, 103 garaje-plaza eta 70 trasteleku dituzte, eta 14 milioi euro baino gehiagoko inbertsioak dira. Bi jarduketek Europako Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren (SEM) finantzaketa jasotzen dute, Next Generatio EU funtsen 6. Programaren bidez.

Alokairuko bi modalitate Nafarroako EtxeONen barnean

Gainera, bisitatutako etxebizitzek Nafarroako EtxeONen bidez sustatutako etxe bizitza publikoaren bi modalitate ikustea ahalbidetzen dute. Mugartea 16k alokairu sozialeko 16 etxebizitza ditu, eta Mugartea 54k alokairu eskuragarriko 54.

Begoña Alfaro Hirugarren Lehendakariordea eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariaren hitzetan, “EtxeON, hain justu ere, etxebizitza bat eskuratzeko arazoaren aurrean erantzun publikoak handitzeko eta dibertsifikatzeko sortu da. Pertsona guztiek eta familia guztiek ez dute egoera bera, eta, ondorioz, tresna desberdinak behar ditugu politika publiko beraren barnean»:
Ildo horretan, Alfarok zera nabarmendu du: “gaur osagarritasun horren adibide on bat dugu inguru berean: alokairu soziala eta alokairu eskuragarria. Bi formula horiek hainbat profiletara iristea eta gero eta handiagoa, egonkorragoa eta irisgarriagoa izatea nahi dugun parke publikoa handitzea ahalbidetzen digute.

“Erronka ez da soilik gehiago eraikitzea, baizik eta hobeto eraikitzea eta herritarren zerbitzura hamarkadetan zehar irauteko prestatutako parke publikoa sortzea”, azpimarratu du, gero honako hau gehitzeko: Mugartea sustapenek “Nafarroako etxebizitza publikoan sustatzen jarraitu nahi ditugun elementuak dituzte: eraginkortasun energetikoa, industrializazioa, kontsumoak murriztea eta eraikuntza-kalitatea. Horrez gain, hainbat errealitate sozioekonomikori erantzuteko gai diren ereduak dira».

Espainiako Gobernuarekin lankidetzan, etxebizitzen arloan

Alicia Echeverría Nafarroako Gobernuaren ordezkariak gogoratu du Etxebizitza eta Hiri Agendako Ministerioak 3,4 milioi euro eman dizkiela Europako funtsetatik, etxebizitza berri horiek eraiki zitzaten. “Espainiako eta Nafarroako Gobernuak jakin dugu egoten benetan herritarrei axola zaien horretan”. Echeverríaren hitzetan, “etxebizitza gai nagusia da”.

Echeverríak gogorarazi du xedea Nafarroako Etxebizitzaren parke publikoa sendotzea dela, eta, esan duenez,“Espainiako Gobernuak horri lagundu egin dio bere funtsak emanez”.

Mugartea 16: Alokairu sozialeko 16 etxebizitza

Mugartea 16 sustapena alokairu sozialera bideratutako 16 etxebizitzek, 22 garaje-plazek eta 16 trastelekuk osatzen dute. Bizitegi-programak hiru logelako bederatzi etxebizitza, bi logelako sei etxebizitza eta logela bakarreko etxebizitza bat ditu.

Eraikuntzaren ikuspegitik, eraikinak hormigoizko egitura konbinatzen du sotoan eta beheko solairuan, zurezko bilbadurarekin hormetan eta zur kontralaminatuarekin (CLT) forjatuetan, lehenengo solairutik teilaperaino. Aurrez fabrikatutako elementuak erabiltzeak industrializazio maila handia lortzea ahalbidetzen du.

Sustapenak, gainera, A kalifikazio energetikoa eta aerotermiaren sistema zentralizatua du. Azken hori berogailuarentzat eta etxeko ur beroarentzat da, eta plaka fotovoltaikoetan, zoru bero-emailean eta aireztapen mekaniko kontrolatuan oinarritzen da.

Aquitectura y Ordenación Urbana SMk idatzi eta zuzendu zuen proiektua, zehazki Josetxo Arauzok eta Enrique Irisok, “3ESQUINAS3TERRAZAS” proposamena abiapuntu hartuta. Obraren exekuzioa zuzentzea eta Segurtasunaren zein Osasunaren koordinazioa Asier Oteiza arkitektoaren kargura egon da, eta HOBEKI eta BYGUK ingeniaritzak izan dira instalazioen eta obraren zuzendaritzaren egileak. Obra egitea Construcciones Díaz García, SM – Construcciones Hnos. Garbayo Chivite, SM ABEEari zegokion.

Nasuvinsari dagokionez, proiektuaren koordinazioa Etxebizitza Departamentuko Idoia Zabalza eta Ana Alemán arkitektoek egin dute.

Mugartea 54: Alokairu eskuragarriko 54 etxebizitza

Mugartea 54 parez pare dauden bi eraikinek osatzen dute. Horietako bakoitzak 27 etxebizitza dituenez, Mugartea 54k alokairu eskuragarrira bideratutako 54 etxebizitza, 81 garaje-plaza eta 54 trasteleku ditu. Bizitegi-programak lau logelako etxebizitza bat, hiru logelako 32 etxebizitza, bi logelako 20 etxebizitza eta logela bakarreko etxebizitza bat ditu, eta denek aparkamendu-plaza bat eta trasteleku bat dute.

Sustapenak hormigoizko egiturak konbinatzen ditu sotoan, zur kontralaminatuzko panelekin (CLT) beheko eta goiko solairuetan, eta aurrez fabrikatutako elementuetara jotzen da industrializazio maila handiagoa lortzeko. Multzoak A kalifikazio energetikoa eta aerotermia zentralizatua du, eta hori plaka fotovoltaikoetan, zoru bero-emailean eta aireztapen mekaniko kontrolatuan oinarritzen da.

Proiektuaren idazketa eta zuzenketa OFS Architectsi zegokion, “Concéntrico” proposamena abiapuntu hartuta, Jaime Suescun eta Diego Fernándezekin. Obraren exekuzioa zuzentzea eta Segurtasunaren zein Osasunaren koordinazioa ATERPE Aparejadores SMPi (Sozietate Mugatu Profesionala) zegokion, Raúl Pascalekin buru zuela, eta INARQ ingeniaritzak izan da instalazioen eta obraren zuzendaritzaren egile, Francisco Barrios buru zuela. Obra egitea Garbayo Chivite SMri zegokion.

Nasuvinsari dagokionez, proiektuaren koordinazioa sozietate publikoaren Etxebizitza Departamentuko Idoia Zabalza eta Fermín Equiza arkitektoen eskura egon da.

Etxebizitza publikoa, industrializazioa eta eraginkortasuna

Mugartea 16 eta Mugartea 54 bi sustapen desberdin dira alokairu-modalitateari dagokionez, baina etxebizitza publikoa ulertzeko modu bera dute: kalitatezko eraikinak, energetikoki eraginkorrak direnak, industrializazio maila handia dutenak eta kontsumoak zein premia energetikoak murrizteko pentsatuta daudenak, haien bizitza baliagarri osoan zehar.

Konponbide industrializatuak eta zurezko eraikuntza-sistemak erabiltzeak ahalbidetu egin du eraikuntza-prozesu eraginkorrago eta jasangarriagoetara aurrera egitea, funtsezkoa dena begien bistatik galdu gabe: azkeneko emaitza han biziko diren pertsonentzako etxebizitzak erosoak, praktikoak eta kalitatezkoak izatea.

Bi jarduketa horien bidez, Nafarroako EtxeOnek alokairu sozialeko eta eskuragarriko 70 etxebizitza berri gehitzen dizkio Mutiloako parke publikoari, eta aurrera egiten du jasangarritasunean, eraginkortasun energetikoan eta eraikuntza-berrikuntzan oinarritutako sustapen publikoko eredu baten bidez.