Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak, Maitane Carcamo Familia-Harrerako eta Adopzioko atalburuak eta Lucia Saiz larrialdiko harrera-familia ordezkariak prentsaurrekoa eman dute gaur, Gipuzkoan dagoen premiazko harrera-familien berri emateko. Une honetan, 0 eta 3 urte bitarteko 10 haur artatu ditzaketen familiak behar dira. Adin-tartea 6 urtera arte zabalduz gero, 18 adingabek behar dute; beraz, 28 dira, guztira, larrialdiko familia behar duten haurrak.
Peñak nabarmendu du familia-harrerak funtsezkoak direla adingabe hauen ongizatea bermatzeko, eta gogorarazi du, larrialdiko kasuez gain, gaur egun Gipuzkoan 85 haur eta nerabe daudela familia baten beharrean. Guztira, Foru Aldundiak 885 adingabe tutoretzen ditu; horietatik 556 zentroetan bizi dira eta 329 harrera-familiekin daude.
Diputatuak nabarmendu duenez, «harrera-familiak Gipuzkoako balio onenen eredu dira: etxeko ateak irekitzen dizkiete behar duten haur eta nerabeei. Komunitate solidario eta arduratsua gara, pertsona ahulenak babesteko antolatzen dena. Haurren ongizatea bermatzea da gure lehentasuna». Diputatuak bereziki eskertu du programan parte hartzen duten familien lana: «Ez da beti erraza: erronkak, zalantzak eta beldurrak daude, baina baita ilusio, ausardia, maitasun eta konpromiso handia ere. Honek guztiak ezin hobeto definitzen du harrera-familia izateak esan nahi duena».
Maite Peñak gogorarazi du borondatezko familia-harrerak aldi baterako edo mugarik gabeko etxea eskaintzen diela arrisku-egoeren edo babesgabetasun-egoeren ondorioz jatorrizko familiarekin bizi ezin diren haur eta nerabeei: «Haien helburua da familia hauetan egonkortasuna eta ongizatea izatea, afektua eman eta beren beharrak asetzea. Harrera-familia izateak esan nahi du, modu altruistan, adingabea etxeko beste kide bat bezala integratzea, eta haren garapen emozionala, fisikoa eta soziala bermatzea, administrazioarekin lankidetzan. Ez da adopzio bat, ezta adopzioaren aurreko urrats bat ere, adingabe bakoitzaren historia errespetatzen duen babes-neurri bat baizik, eta, onuragarria denean, familia biologikoarekin harremana mantentzea ahalbidetzen duena».
Hiru harrera-modalitate daude: urgentziazkoa, gehienez sei hilabeteko iraupenarekin, berehalako ebaluazioa behar duten egoeretara zuzendua; aldi baterakoa, bi urtera artekoa, jatorrizko familiak sendatzeko aukera duten adingabeentzat; eta iraunkorra, epe laburrean itzulerarik aurreikusten ez denean. Adin-nagusitasunera iristean, elkarbizitzak aurrera egin dezake bi aldeek hala nahi badute, helduarorako trantsizioan lagunduta.
‘Familia guztiak izan daitezke harrera-familia’
Aldundiak sentsibilizazio-kanpaina du abian, ‘Familia guztiak izan daitezke harrera-familia’. Ekimenak hautsi egiten ditu familia-harreraren inguruko estereotipoak, eta mezu argia helarazten du: edozein familia bihur daiteke harrera-familia, haren tamaina edo egitura edozein izanda ere. «Berdin dio bakarrik bizi bazara edo zure etxean bi, hiru, lau edo bost pertsona bazarete. Garrantzitsuena da bakarrik dagoen haurrik ez izatea da», adierazi du Peñak.
Interesa duten familien lehen kontaktua errazteko, kanpainak telefono zenbaki sinboliko bat du: 682 554 433. Kopurua familia desberdinek beren bizikidetza-ereduari buruz emandako erantzunetan oinarritzen da, eta familia guztiak hartzeko baliagarriak direla transmititzea du helburu. «Kanpaina honekin, Gipuzkoako familiak animatu nahi izan ditugu pausoa ematera eta behar dutenei etxea eskaintzera», amaitu du Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak.
Familia harrera programari buruz gehiago jakin nahi duten pertsonak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin harremanetan jar daitezke 682 554 433 telefonora deituz edo gipuzkoa.eus webgunea kontsultatuz.