Bizkaiko Foru Aldundiak historiaurreko aztarnategi berri bat aurkeztu du, labar-artea duena. Juan Carlos López Quintanak eta Juan Carlos Izagirrek Gamiz-Fikan aurkitu zuten 2025eko ekainaren 26an, Atxispeko San Pedro ermitaren ingurunea berreskuratzeko interbentzio-programa baten esparruan.
Aurkikuntza prentsaurrekoan aurkeztu dute gaur, Arkeologia Museoan, Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatuak eta Iñaki Intxaurbe eta Juan Carlos López Quintana arkeologoek. Foru-diputatuak adierazi duenez, aurkikuntza «pozgarria eta baliotsua da, eta aukera ematen digu ilunean zetzan historia-etapa bati argia emateko. Erakustera ematen digu egun Bizkaia den lurraldean bizi ziren pertsonak ez zeudela bakartuta eta komunitate zabalago baten parte zirela».
Erlapiku aztarnategia, Gamiz-Fikan aurkitua, hipogeo deritzon koba artifiziala da, orain arte Kantauri aldean ezezaguna. Labar-pinturak ditu barruan, Oraintsuko Historiaurrekoak izan litezkeenak (K.a. 5000-1000). Pinturak dituzten bost panel daude guztira, eta gutxienez 25 irudikapen, pigmentu tonu birekin eginak: gorria eta beltza. Irudikapenok giza figura eskematikoak dira; zenbait errepresentaziok gorputza eta besoak bakarrik ageri dituzte, zeinak luzatuta egon ohi diren, edo zirkulu batean itxita buruaren gainean.
Bestalde, aztarnategirako sarbidea arrokan pikatutako eskailera-maila batzuekin eraikita dago, bai eta alboetan 50 zentimetro luze den lau angeluko ate landu batekin ere. Barrualdea 5x2x1,75 metroko eremu induskatua da, eta morfologia oboidea du.
Bizkaian arte eskematikoa ageri den lehen tokia
Aztarnategi honen berifikazioa bi ikertzaile independentek egin dute, labar-artearen espezialistak eta erreferente nagusiak direnak: Diego Garate Maidagan (Kantabriako Unibertsitatea) eta Primitiva Bueno (Alcalá de Henaresko Unibertsitatea).
Haien txostenen arabera, badira barne-argudioak errepresentazioen antzinatasuna egiaztatzeko, hala nola irudi batzuen higadura-maila, kare-konkrezioz estalita baitaude, panel batean figura gorriak beste beltz batzuei gainjarrita egotea, panel batzuei suak erasan izana, eta figura batzuen gaineko gurutze grabatuak, itxura freskokoak.
Bestalde, erabilitako pintura-teknikak (pigmentu naturalak, uretan diluituak eta atzamarrekin aplikatuak) eta irudikapenen ikonografiak posible egite dute pinturak Oraintsuko Historiaurrearen une zehatz batean kokatzea (K.a. 5000-1000).
Txostenen arabera, zenbait datu, hala nola figuren gainjarpenak, adierazten dute hainbat unetan margotu zutela koba. Horrek azal dezake, halaber, zenbait pigmentu mota egotea (bi motatako gorriak eta beltzak) eta irudikatutako giza formen aldakortasuna. Bereziki bi eszena nabarmentzen dira: batean, beltzez marraztutako giza figurak daude, ilaran jarrita, era ordenatuan; bestean, gorri zurbilez egindako zazpi figura ageri dira, haiek ere hurrenkera linealean ezarrita, guztiak besoak jasota, eta hiru figura mota desberdinetan identifikatuta. Antropomorfo bakartuen artean, forma horietako batzuk errepikatzen dira, eta gainerakoak bestelako figura eskematikoak dira; badago, gainera, izaera naturalistagoa duen figura bat.
Irudikatutako figurek paraleloak dituzte Kantauriko aztarnategiren batean (hala nola Peña Tu eta El Castillo) eta Arabako koba batzuetan (hala nola Socuevas de San Miguel eta Las Yurdinas), baina arte eskematikoaren adibide zuzenenak Portugal, Meseta edo Andaluziakoak dira. Orain arte ez da horrelako pinturarik aurkitu Kantauri aldean, eta horrek funtsezko informazioa ematen digu gure iraganari eta gure lurraldean bizi izan ziren lehen nekazari-jendarteei buruz.
Grabatu multzo berri bat Armintxen
Aurkezpenean halaber iragarri da labar-pintura berriak aurkitu direla Lekeitioko Armintxe koban. Labar-arte paleolitikoa duen aztarnategi hori ADES elkarte espeleologikoak aurkitu zuen 2016an, eta Juan Carlos López Quintanak (Agiri) eta Cesar González Sainzek (Kantabriako Unibertsitatea) ikertu dute.
2024tik, Iñaki Intxaurbe buru duen taldeak (Bordeleko Unibertsitatea) ikerketa-proiektu bat garatzen du bertan, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Lekeitioko Udalak diruz lagunduta, kobaren zehaztasun handiko berreraikuntza tridimentsional bat erdiesteko, biki digitala izenekoa.
Hiru dimentsioko datuak hartzen ziren bitartean, Goi Galerian, animalien grabatu multzo berria aurkitu da; zehazki, goranzko posizioan dagoen ahuntz bat, bisonte handi bat eta beste bi animalia-irudi txiki, ziur aski bisonte bat eta beste animalia baten lerro zerbiko-dortsala.
Figurok atzamarrekin edo tresna kamuts batekin grabatuta daude kareharrizko paretaren gainean eratzen den geruza buztintsuan. 19-16 mila urte inguru dituzte. Lortutako xehetasun-topografiak eta barrunbearen formazio- eta garapen-prozeduren gaineko azterketek posible egiten dute zehatzago baloratzea nolakoak diren kobaren uholde-prozesuak, nola eragiten dioten labar-arteari eta zer neurri hartu behar diren egoki kontserbatzeko.
Ikerketa-lan horiek aprobetxatuz, ingurumen-monitorizazioa egiteko sistema autonomo bat instalatu da, LabCertis enpresak diseinatua eta ezarria: hiru sentsore multiparametriko (tenperatura, hezetasun erlatiboa eta CO2 neurtzeko), maila hidrostatikoko hiru zunda eta urruneko unitate zentral bat, datuak etengabe erregistratzeaz eta transmititzeaz arduratzen dena.
Sistema horri esker, informazio kritikoa lor daiteke labar-artearen kontserbazioan eragiten duten arriskuei aurrea hartzeko, hala ibaiaren dinamika hidrogeologikotik nola baldintza mikroklimatikoetatik eratorritakoei.