ItsaSOS kanpainak 3.300 hondakin baino gehiago bildu ditu hiru egunetan Donostian

0

PRUEBA

Parte hartu zuten pertsonek 2.200 zigarrokin inguru bildu zituzten hondarretatik ordubetean

ItsaSOS ingurumen eta hezkuntza ekimena da; hondartzak eta itsas inguruneak garbitzea, herritarrak sentsibilizatzea eta itsas inguruneko kutsadurari buruzko datu zientifikoak biltzea konbinatzen dituena. Bi helburu ditu: batetik, herritarrak itsasertzaren zaintzan inplikatzea, parte hartzeko esperientzia batzuen bidez; eta, bestetik, ezagutza erabilgarria sortzea, itsasoko hondakinen aurkako politika publiko eraginkorragoak diseinatzen laguntzeko.

Hiru lekutan izan dira aurtengo ekintzak: Murgitako kalan (OSPAR protokolo zientifikoari jarraiki), Ondarretako hondartzan (uretako jarduerak eginez) eta Kontxan (Kolillatoia eginez, zigarro-puntak bilduz). Metodologia-aniztasunari esker, itsas kutsaduraren alderdi bati baino gehiagori heldu ahal izan zaio: arrantza-sektorearen inpaktuari edota aisialdiaren eta kontsumo-ohituren ondoriozko hiri-hondakinei, adibidez.

Herritarrek jardunaldi hauetan izan duten inplikazioa azpimarratu du Aniztasuneko, Inklusioko eta Ingurumeneko zinegotzi ordezkari Iñigo Garciak: «Uda honetan, erakutsi dugu Donostia bere hondartzak eta bere natura-ingurunea zaintzeko konpromisoa duen hiria dela. ItsaSOS kanpaina ez da hondakinak biltzea bakarrik; helburua da herritarrak kontzientziatzea keinu guztiek balio dutela, eta gure hondartzak garbi edukitzea guztioi dagokigun kontua dela. Hemendik aurrera ere, ingurumen hezkuntza eta elkarteekin lankidetzan jardutea sendotzen jarraituko du Udalak, jendearen inplikazioarekin bestela ez dagoelako murrizterik arazoa sorburuan bertan«.

Murgitako kala: zientzia eta arrantza-kutsadura

OSPAR protokoloa aplikatu zen Murgitan. OSPAR metodo bat da, itsasoko hondakinen karakterizazio zientifikorako erreferentzia dena nazioartean. Bildutako datuak Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren sistema ofizialetan txertatzen dira, eta Espainiako itsas zaborren jarraipenerako programari laguntzeko balio dute.

Kala isolatu horretan 207 hondakin zenbatu ziren; haietatik % 80 baino gehiago, plastikozko sareak eta sare puskak ziren (171 unitate). Emaitza horrek argi eta garbi islatzen du arrantzak hiriguneetatik urrun dauden inguruneetan uzten duen aztarna; zaborrarik gehiena itsasotik etorritakoa baita ingurune horietan, herritarren erabileratik ez baina.

Ondarretako hondartza: hiri-hondakinak eta udako aisialdia

Ondarretan egindako bilketan, hareatzako lana eta padel-surfa egitea konbinatu ziren, eta ingurumen-ekintza eta kirol-aisialdia gerturatu. Mota askotako 940 objektu bildu ziren, baina, gehien-gehiena, zigarrokina izan zen han ere: 690 unitate (bildutako guztizkoaren % 73).
Hurrena, plastiko puskak izan ziren (84), beira (34), globoak (32) eta elikagai-ontziak. Bildutako hondakin horiek agerian uzten dute eguneroko kontsumoak (erretzea, jatea, edatea edo festak egitea) hiriko hondartzetan uzten duen arrastoa. Gainera, bildu ezean, azkenean itsasoan amaitzean dute hondakin horiek.

Kolillatoia Kontxan: etsai ikusezina

Kontxan egindako Kolillatoiaren helburua zigarrokinen inpaktua ikusaraztea izan zen; hondakin txikia, baina oso kaltegarria baita zigarrokina. Ordubete besterik ez zuten jardun, baina 2.200 zigarrokin baino gehiago bildu ziren, eta egiaztatu zen item hori dela ohikoena Europa osoko hiri-hondartzetan.

Zigarrokinak bi mehatxu dakartza:

  • Plastikoa; iragazkiak zelulosa azetatoz eginda daudelako eta azetatoa mikro eta nanoplastiko bihurtzen delako.
  • Kimikoa; metal astunak eta toxikoak metatzen dituztelako (artsenikoa, beruna, merkurioa, amoniakoa eta nikotina, konparazio baterako).

Ozeanora iristen direnean, efektu hilgarriak dituzten substantziak askatzen dituzte horiek. Kalkulatzen dute 96 orduan % 50eko heriotza-tasa eragin dezaketela arrainetan.

Erronka partekatua

ItsaSOS kanpainaren helburua ez da hondakinak noizean behin kentzea bakarrik; heztea eta arazoaren garrantzia ikusaraztea ere bada. Bilketa bakoitzak errealitate bat islatzen du: arrantzak kala isolatuetan egiten duen presioa, aisialdiaren aztarna hiri-hondartzetan eta zigarrokinek daukaten efektu suntsitzailea –kutsatzaile ikusezinak baitira–.