Eusko Jaurlaritzak estrategia europar bat eskatu du aingiraren kalteberatasu egoeraren aurrean

0

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Arrantza Sailburuordetzek defendatzen dute Estatuaren eremura bakarrik mugatutako neurri murriztaileek ez dutela ia eraginkortasunik izango espeziea berreskuratzeko.

Espainiako Gobernuak aingira europarra (Anguilla anguilla) espezie Mehatxatuen Espainiako Katalogoan sartzea eta arrantza debekatzea eskatu du, eta, neurri horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak Ministerioari eskatu dio Europako Batzordeari eta Parlamentuari helaraz diezaiola, EBko herrialde guztietara luzamendu bat zabaldu ahal izateko.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Arrantza Sailburuordetzek onartu dute aingira europarrak egoera kritikoa bizi duela bere banaketa-eremu osoan, baina, hala ere, adierazi dute Estatuan soilik aplikatuko den neurri horren eraginkortasuna oso mugatua izango dela, aingira oso espezie migratzailea, partekatua eta Europako eremu bakar batean kudeatua baita. Horregatik, horrelako debeku batek ez du benetako eragin handirik izango Europako beste herrialde batzuek edo Marokok ustiapenari eusten badiote.

Horri gehitu behar zaio aingirak eta angulak gehiegi arrantzatzea funtsezko faktorea dela oraindik ere, baina ez da espeziearen kalteberatasun-egoera azaltzen duen bakarra: ibai-konektibitate eskasak eta turbinetako hilkortasunak (bi faktore horiek ibai-arroak zatikatzen dituzten presa eta urtegi kopuru handiari lotuta daude) nabarmen lagundu dute espeziearen gainbeheran.

Gaur egun, Euskadin, angularen arrantza oso mugatua dago, eta beste autonomia-erkidego batzuetan (Galizia, Asturias edo Kantabria) arrantza hedatuago dagoen arren, kudeaketaren eta arrantzaren gaineko kontrolak daude. Oztoporik handiena da Europako beste herrialde batzuek, hau da, harrapaketa gehien biltzen dituzten herrialdeek, Frantziak edo Portugalek kasu, muga gutxiago dituen espeziearen arrantzari eusten diotela.

Biologiaren ikuspegitik, ebidentzia zientifikoak adierazten du neurriak areagotu egin behar direla, batez ere habitatak lehengoratzeari, ibai-arroen konektibitateari eta gizakien presioak murrizteari buruzkoak. Egin berri diren azterlanek adierazten dutenez, espezieak ez du suspertze-seinalerik erakusten, ez Europan, ez estatuan edo eskualdean. Euskadin, URA-Uraren Euskal Agentziak, foru-aldundiek eta AZTIk egindako jarraipen zientifikoen arabera, espezieak gainbeheran jarraitzen du.

Beraz, Eusko Jaurlaritzak azpimarratu du beharrezkoa dela aingira babesteko neurriak hartzea, baina neurri horiek anbiziotsuagoak izan behar direla eta Europa mailako irtenbideak proposatu behar dituztela, espeziearen egoerari buruzko emaitza positiboa izateko.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko otsailaren 17a