Bi urte igaro dira Hondarribiko Udalak 2023-2027 legealdirako Euskararen Erabilera Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) onartu zuenetik, eta ordutik egindako ibilbidearen balantzea egin du Euskara Sailak. Plana, modu parte-hartzailean osatzeaz gain, bertan jasotakoa aurrera eramateko, egitura eta lankidetza eredu propioa sortu behar zela aurreikusi zen, eta horri esker 2024an Euskara Mahaia abian jarri zen.
“Bi urteko epean egindako lanketari esker, Planaren % 86 eginda edo martxan dago jada, herrian euskararen erabilera areagotzeko helburuarekin”, adierazi du Garoa Lekuona Izeta euskara zinegotziak.
ESEP planak, AROA markoaren baitan, bost ardatz estrategiko jasotzen ditu: euskararen normalizazioa bultzatzea; hizkuntzaren prestigioa handitzea eta kontzientzia piztea; transmisioa eta ikaskuntza indartzea; euskaraz bizitzeko guneak sendotu eta sortzea; eta barne zein kanpo komunikazioa lantzea.
Helburu nagusia argia da: Hondarribian euskararen erabilera handitzea. Izan ere, 2021eko kale neurketen arabera, ezagutza maila % 72,8koa bada ere, erabilera % 16,3koa zen.
Planak 7 erronka, 10 lan-ildo eta 44 ekimen biltzen ditu. 2025eko abenduaren 31n jasotako datuen arabera, 26 ekimen (% 59,1) eginda daude, 12 (% 27,27) martxan, 1 (% 2,2) hastear, eta 5 (% 11,3) oraindik abiatu gabe.
Eginda eta martxan dauden ekimenen artean hainbat nabarmendu ditu Udalak. Besteak beste, Euskara Mahaia sortu eta egonkortu da; dirulaguntzak eguneratu eta hizkuntza-irizpideak txertatu dira; ostalaritzan hizkuntza paisaia euskaratzeko lanketa egin da 70 establezimendutan; eta 2025eko “Bertatik Bertara” kanpainak 18 taberna eta jatetxeren parte-hartzea lortu du.
Halaber, herriko sarreran “Hondarribian euskaraz bizi gara” seinalea jarri da, eta euskararen aldeko diskurtsoa etengabe lantzen ari da. 2025ean, Euskaraldia dela eta, hainbat bideo grabatu eta ekimen ugari antolatu ziren, tartean 8 orduko Euskaraoke Herrikoia. Aurten, Korrikaren baitan, Korrika Eguna antolatu dute Korrika Batzordea eta herriko eragileekin elkarlanean.
Aitortza ere egin zaie euskararen alde lanean aritu diren eragile eta norbanakoei, besteak beste “Ero haiek” dokumentalaren bidez edo Bordari Satarka literatur lehiaketaren bitartez. Hezkuntza arloan, ikastetxeetan egindako kontzientziazio lanketa nabarmen liteke, 2.100 ikasle eta 100dik gora irakasleri eragin diena.
Bestalde, euskara ikastea doakoa bihurtu da aprobetxamendua bermatuz gero, eta tokiko euskarazko hedabideei laguntza ekonomikoa eman zaie. Familietan euskararen presentzia indartzeko ekimenek ere aurrera egin dute, eta mintzapraktika programak indartzen jarraitu du, profilen baitan egokituta.
Garoa Lekuona euskara zinegotziak nabarmendu du egindako bidea sendoa dela: “Bi urteko epean egindako aurrerapena oso esanguratsua da, eta erakusten du lankidetza eta konpromisoa oinarri hartuta, norabide egokian goazela”. Halaber, azpimarratu du erabileran dagoela erronka nagusia: “Ezagutza datuak onak dira, baina benetako jauzia kale erabileran eman behar dugu; horretarako, herritar guztien inplikazioa ezinbestekoa da”.
Aurrera begira, Lekuonak kirol eta aisialdi arloa jarri du jomugan: “Bi urteko balantzea egitean, oraindik abiatu gabeko ekimenak, batez ere, kirol eta aisialdi arlokoak ziren, baina 2026ko lan-ildo nagusia esparru horretan sakontzea izango da, UEMAren laguntzarekin, eta dagoeneko hasiak gara. Era berean gainerako arloetan abiatutako ekimenei jarraipena emango diegu”.
Lekuonak azpimarratu du euskararen erabileran benetako aldaketa lortzeko eta esparru guztietan eragiteko lan jarraitua egin behar dela, eta horretan jarraituko duela Hondarribiko Udalak, “pausoz pauso baina norabide argiarekin”.








