Basque Cullinary Center nazioarteko erreferentzia den prestakuntza gastronomikoko zentroko 120 ikasle murgiltze akademikoko bi jardunaldi egiten ari dira gaur eta bihar Nafarroako geografian zehar, Foru Komunitateko nekazaritzako elikagaien eskaintza askotarikoa, ezaugarri propioak eta kalitate bereizia bertatik bertara ezagutzeko. Ekimen horren laugarren edizioa da, 2023tik urtero egiten dena, Landa Garapeneko Departamentuak eta prestakuntza zentroak sinatutako hitzarmenaren ondorioz.
Reyno Gourmetek antolatu du ibilbidea, eta, bertan, beste bisita batzuen artean, honako hauek aurkitzen dira: Erriberako sasoiko barazkien laborantzak, Nafarroako zainzuriaren kontserbak, gaztandegiak, haragi-proiektuak, upeltegiak, ekoizpen ekologikoko ekimenak, hiri-merkatuak eta bertako produktuekin lan estua egiten duten jatetxeak.
Testuinguru horretan, Ruben Goñi Landa Garapeneko zuzendari nagusiak Maskarada proiektua ezagutzeko bisitan parte hartu du gaur; hots, txerri-azienda estentsiboaren, haragi-eraldaketaren, lurralde-nortasunaren eta kalitateko gastronomiaren arteko lotura erakusten duen ekimena.
Ekintza hori medio, Goñik honela nabarmendu du: “Nafarroako nekazaritzako elikagaien sektorea Basque Culinaryko ikasleei hurbiltzea etorkizunean inbertitzea da, hainbat herrialdetan biharko joera gastronomikoak markatuko dituzten profesionalei aukera ematen baitie Nafarroako ekoizpen-aniztasuna eta kalitatea ez ezik, produktuen jatorria, gure ekoizleen lana eta profesionaltasuna eta Nafarroarentzat landa-inguruneak duen balio estrategikoa ere ezagutzeko”.
120 ikasleak hiru taldetan banatu dira, Nafarroako lurraldean zehar gaur eta bihar ibilbide osoa egiteko. Zehazki, honako hauek bisitatuko dituzte: Erriberako fruta eta barazkien ustiategiak; esate baterako, Tuterako alkatxofa, brokoli, piper eta tomatearenak eta Fontellaseko fruta eta barazkienak. Era berean, balio erantsiko proiektuak bisitatuko dituzte; adibidez, Artajo, Sociedad Topero Tuteran edo Alcaraván Arroces.
Ibilbidea osatzeko, Nafarroako Zainzuriaren ekoizle eta eraldatzaileak bisitatuko dira; hala nola Moreno Amatriain frutak eta Pedro Luis kontserbak, Lezaun bezalako upeltegiekin eta La Panpinela bezalako jatetxeekin batera. Ikasleek, halaber, abeltzaintzarekin eta elikadura-eraldaketarekin loturiko proiektu bereziak ezagutuko dituzte; hala nola, Maskarada, ESARTE, Baztango Enaquesa gaztandegia, Ulzama postreak, Dorrea Gaztandegia edo Lacturaleren Esnetarako behin Interpretazio Zentroa.
Programan sartzen dira, baita ere, ekoizpen ekologikoarekin eta zirkuitu laburrekin zerikusia duten ekimenak; esate baterako, Ekoalde, Apina edo Hazialdeko, nahiz merkaturatze- eta kontsumo-esperientziak ere, tartean, Zabalguneko Merkatua. Ibilbidea osatzeko, EHKoop.Beer bezalako garagardogintzako proiektuak, Nafarroako Txahalaz gozatzeko Bisisters eta jatetxe ezberdinak bisitatuko dira, eta ibilbidearen amaieran denek Perkatzenenea Sagardotegian bukatuko dute.
Lehen sektorearen, industriaren eta goi-mailako sukaldaritzaren arteko loturak indartzen
Programa asteazkenean hasi zen Basque Culinary Centerren egindako aurkezpenarekin; bertan, Joxe Mari Aizega zuzendariak ongietorria eman zien ikasleei. Ondoren, Natalia Bellostasek, INTIAko zuzendari kudeatzaileak, lurraldea, produktua eta gastronomia konektatzen dituen prestakuntza-ekintza hau testuinguruan kokatu zuen. Saioa amaitzeko, Nafarroako sasoiko produktuei buruzko hurbilketa bat egin zen, eta Nafarroako sukaldaritzako erreferenteek bi errezeta magistral eskaini zituzten: Alhambra jatetxeko Javier Diazek Nafarroako Txahal, Tuterako Orburu eta Nafarroako Zainzuria erabili zituen bere proposamenetan; eta Kabo jatetxeko Aaron Ortizek Nafarroako Bildotsak landu eta zainzuria oinarri hartuta elaborazio gozo original bat egin zuen.
Learning Journey edo ikasteko bidaia hau funtsezko tresna izatera iritsi da lehen sektorearen, elikagaien industriaren eta goi-mailako sukaldaritzaren arteko lotura indartzeko; era horretan, lurraldearen ezagutza sustatzeaz gain, Nafarroa kalitatearen, iraunkortasunaren eta tokiko produktuen aldetik erreferente gastronomiko gisa kokatzen laguntzen du.
Reyno Gourmet marka ezagutzera emateko ekintzak biltzen ditu lankidetzak, eta horien artean BCCko ikasleei zuzendutako ekitaldiak nabarmentzen dira, betiere ardatz nagusi moduan hartuta Nafarroako nekazaritzako elikagaiak eta ekoizleak.
Azkenik, planean Goe Tech Center buru duen aholkularitza estrategikoko proiektu bat sartzen da, Nafarroako ekoizle txikiak eta jatetxeen sektorea eta gure lurraldea lotzeko ekosistema gastronomiko bat sortzeko.







