Itxasok agenda instituzional bat gauzatuko du Madrilen, etxebizitza eskuragarrien finantzaketan, Estatuko Planean eta eremu tentsionatuei emandako erantzunean oinarritua

0
  • Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak, bihar, Higiezinen Madrilgo Nazioarteko Azokan (SIMA 2026) hartuko du parte, finantziazio-formula berriei buruzko bilera instituzionalak egingo ditu eta metropolialdeetako bizitegi-presioa aztertuko du
  • Agendan jasoko dira Etxebizitza eta Hiri Agendako Konferentzia Sektoriala, erakundeetako arduradunekin topaketak eta ASPRIMA-SIMA Sarien ekitaldian parte hartzea. Lehiaketa horretan Eusko Jaurlaritza finalista da Amurrioko etxebizitza sozialen sustapen batekin

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok agenda instituzional bat gauzatuko du bihar —maiatzaren 20an— eta etzi —maiatzaren 21ean— Madrilen, honako gai hauen inguruan: etxebizitza eskuragarrien finantzaketa, lankidetza publiko-pribatua, Estatuko Etxebizitza Plana, metropolialdeetako eremu tentsionatuen erantzuna eta etxebizitza eskuragarrien proiektuen inguruko sektoreen aintzatespena. Sailburuaren agendan sartuta egongo dira sektoreko foroetan parte hartzea, erakundeen arteko bileretan parte hartzea, etxebizitza publikoen sustapenetara bisitak egitea, eta udaletako eta autonomia-erkidegoetako ordezkariekin antolatutako topaketetan parte hartzea, etxebizitza-politika publikoaren erronka nagusietako batzuei aurre egiteko, hots, arrazoizko parkea handitzea, etxebizitzak eskuratzeko aukera izatea etxebizitza-presio handiko testuinguruetan, lurzoru publikoa mobilizatzea eta arrazoizko alokairuaren eskaintza handitzeko finantza-tresna berriak bultzatzea.

Maiatzak 20, asteazkena: finantzaketa, etxebizitza publikoa eta metropolialde tentsionatuak

Agenda instituzionala maiatzaren 20an (asteazkena) hasiko da, sailburuak SIMA 2026 Higiezinen Azokan parte hartuz. Azoka horretan, “Inbertitzaile instituzionalen finantzaketa- eta sarrera-egiturak eta etxebizitza eskuragarrien azpiegitura-funtsak» izeneko mahai sektorialean parte hartuko du. Mahaia 11:10etik 11:50era programatuta dago Madrilgo IFEMAko 4. pabiloian, ROOM1 aretoan.

Saio horretan Itxasok finantzaketa-egitura berriak jorratuko ditu, etxebizitza eskuragarria sustatzeko, lurzoru publikoa mobilizatzeko eta epe luzerako inbertsio instituzionala erakartzeko, interes orokorreko, errenta eskuragarrien eta lidergo publikoko irizpideen arabera. Eusko Jaurlaritzak alokairu eskuragarriaren eskaintza igotzeko eta lankidetza publiko-pribatua arau publiko argiekin indartzeko finantza-tresnetan aurrera egiteko duen estrategiaren barruan sartzen da esku-hartzea.

Mahaiaren amaieran, sailburuak hedabideei erantzungo die, labur bada ere, SIMA 2026n izandako parte-hartzea baloratzeko.

Ondoren, 12:45etik 14:00etara, sailburuak bilera instituzionala egingo du Ekonomia, Merkataritza eta Enpresa Ministerioan (Castellana pasealekua, 162, Madril) Ekonomiako eta Enpresak Babesteko Estatu idazkari Israel Arroyorekin. Topaketan, finantzaketarako, epe luzeko inbertsiorako eta etxebizitza eskuragarriaren arloan erakundeen arteko lankidetzarako tresnak jorratuko dira, eta jarraipena emango zaio SIMA azokan aurrez planteatutako ikuspegiari, hau da, etxebizitza eskuragarrien eskaintza zabaltzeko, lurzoru publikoa mobilizatzeko eta etxebizitza-helburu publikoekin bateragarria den erakunde-kapitala erakartzeko finantza-formula berriak aktibatzeko beharrari.

Asteazkeneko agendarekin aurrera jarraituz, 14:45etik 15:30era bitartean, Alcorconeko Rosal kaleko 2. zenbakian dagoen Retamar de la Huerta-ko etxebizitza publikoen sustapena bisitatuko du. Itxasok Alcorconeko alkate Candelaria Testa-rekin batera bisitatuko du eremu hori, bertako udalak 3.000 etxebizitza eraikitzea aurreikusten duen garapen batean. Bisita sailburuaren lurralde-agendaren barruan dago, metropolialdeek etxebizitza-merkatuaren presioaren aurrean duten erantzunaren, eta etxebizitza publiko eta eskuragarriak sustatzeko beharraren inguruan.

Ondoren, 17:00etatik 18:30era, sailburuak metropolialde tentsionatuei buruzko topaketa instituzional batean parte hartuko du — Alcorconeko Plaza España 1ean—, Madrilgo metropolialdeko hainbat udalerritako alkateekin batera. Ekitaldiaren aurkezpena Alcorconeko alkateak egingo du, eta bertan sailburuak ere hitz egingo du, udal-ordezkarien ekarpenak entzun aurretik. Topaketa baliagarria izango da gai hauek aztertzeko: metropolialdeetako etxebizitza-merkatuaren presioa, etxebizitza eskuratzeko zailtasunak, erakundeen arteko lankidetzaren beharra eta etxebizitza-politika publikoak hedatzeko euskal esperientzia.

Bertan izango direla adierazi dutenen artean Fuenlabradako alkate Francisco Javier Ayala Ortega, Parlako alkate Ramón Jurado Rodríguez, Ciempozueloseko alkate Raquel Jimeno Pérez eta Cosladako alkate Ángel Viveros Gutiérrez daude.

Maiatzaren 21a, osteguna: Konferentzia Sektoriala eta Amurrioko etxebizitza sozialen proiektuari errekonozimendua

Agenda instituzionalak maiatzaren 21ean, osteguna, jarraituko du, Etxebizitzaren eta Hiri Agendaren Konferentzia Sektorialean sailburuak izango duen parte-hartzearekin —11:00etatik 13:30era—. Konferentzia hori Etxebizitza eta Hiri Agenda Ministerioan —Castellana pasealekua 67, Madril—.egingo da, zehazki, hirugarren solairuko ekitaldi-aretoan. Isabel Rodríguez ministroak zuzenduko du bilera, eta autonomia-erkidegoetako etxebizitzaren arloko kontseilari arduradunak bilduko ditu. Bertan, besteak beste, Estatuko 2026-2030 Etxebizitza Plana, Estatuko funtsak banatzeko proposamena eta Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren egoera aztertuko dituzte.

Bilera horretan, Itxasok Euskal Autonomia Erkidegoko etxebizitza-politika publikoaren esperientziatik abiatuta baloratuko du Estatuko Etxebizitza Plana; izan ere, Euskal AEn ezarritako helburuak eta finkatutako programak bat datoz honako gai hauetan Ministerioak duen planteamenduarekin: parke publikoa eta eskuragarria handitzea, laguntzak indartzea, etxebizitza mobilizatzea eta lankidetza instituzionala.

Hedabideei aurretik erantzungo zaien ala ez oraindik zehaztu gabe dago, eta Ministerioko komunikazio-taldearekin eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Saileko komunikazio-zuzendaritzarekin koordinatu beharko da.

Sailburuaren Madrilgo agendari amaiera emateko, 19:00etatik 22:00etara, sailburua ASPRIMA-SIMA 2026 Sarien banaketa-ekitaldian egongo da. Ekitaldi hori Tapizen Errege Fabrikan egingo da, Madrilgo Vandergoten kaleko 2. zenbakian. Edizio honetan, Eusko Jaurlaritza finalisten artean dago Amurrioko 60 etxebizitza sozialeko sustapen batekin. Sustapen hori «Etxebizitza eskuragarrietan egindako higiezinen jarduerarik onena» kategorian aurkeztu da. Sariek higiezinen sektoreko proiektuak nabarmentzen dituzte hauek eskainitako berrikuntzagatik, jasangarritasunagatik, eraikuntza-kalitateagatik eta inpaktu sozialagatik, eta sektorean ematen diren errekonozimendu nagusietako bat dira. Epaimahaiaren erabakia sari-banaketako ekitaldian jakinaraziko da.