Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Erizaintzako Zuzendaritzak “Garapenean dagoen Erizaintza” (ED) zigilua jaso du; akreditazio horrek kudeaketaren bikaintasuna eta Osakidetzan etengabeko hobekuntzarekiko konpromisoa berresten ditu.
Bilbao Exhibition Centre-n banatutako sariak antolaketa-ereduan eta zainketen kalitatean garapen maila handia erakusten duten taldeak aitortzen ditu.
Horrela, Gurutzetako Erizaintzako Zuzendaritza hirugarren taldea izan da zigilu hori eskuratzen Osakidetzan, Arabako ESIko zain barneko terapiako taldearen eta Santa Marina Ospitaleko Erizaintzako Zuzendaritzaren ondoren, eta lidergo-erreferente gisa kokatu da erakundean. Epaimahaiak hainbat alderdi baloratu ditu, besteak beste: etengabeko ikaskuntza, berrikuntza, autonomia profesionala, egokitzeko gaitasuna eta talde-lana.
Ekitaldian azpimarratu zen “bikaintasuna ez dela helmuga bat, baizik eta bide bat”, prozesuaren izaera eraldatzailea nabarmenduz; izan ere, eguneroko praktikatik abiatuta, hobekuntza-aukerak identifikatzea eta aurrera egitea ahalbidetzen du.
“Garapenean dagoen Erizaintza” zigiluak, gainera, erizaintzak betetzen duen funtsezko zeregina aitortzen du -gero eta konplexuagoa den osasun-testuinguru batean-, haren lidergoa eta asistentzia-kalitateari egiten dion ekarpena indartuz.
Aitortza honek bultzada ematen du erizaintzako taldeen garapen profesionalean eta zainketen hobekuntzan aurrera egiten jarraitzeko Osakidetzan.
Estatuko erizaintzako zuzendaritza onenen artean
Gainera, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Erizaintzako Zuzendaritzari 2025eko Erizaintza Ospearen Sari Nazionaletan ere aitortza egin zaio, eta estatuko ospitale publikoen arteko erizaintzako zuzendaritzako talde onenen sailkapenean 15. postua lortu du. Sailkapen hori Erizaintzako Kontseilu Nagusiak eta Erizaintzaren Ospearen Monitoreak egin dute. Aitortza horrek erizaintzako taldeen lidergoa, bikaintasuna eta osasun-sistemaren kalitateari egiten dioten ekarpena nabarmentzen ditu.









