Igande goizean, Hondarribiko Udaltzaingoak premiazko abisua jaso zuen, bihotz-biriketako geldialdia izan zuen korrikalari bat bat-batean lurrera erori ondoren. Azkar batean bertaratutako udaltzaineek bihotz-biriketako bizkortze-maniobrak egin zizkioten korrikalariari eta polizia-ibilgailuan zeramaten kanpoko desfibriladore automatizatua (DEA) erabili zuten.
Gauzak horrela, larrialdi-zerbitzuetako langileek korrikalaria bizirik eraman ahal izan zuten ospitalera, udaltzainen esku-hartze azkarrari, desfibriladorearen erabilera eraginkorrari eta osasun-zerbitzuak iritsi arte bihotz-biriketako bizkortze-maniobrei eutsi izanari esker.
Hondarribiko Udaltzaingo buruak, Iñaki Vielbak, zorionak eman dizkie esku hartu zuten agenteei, erakutsitako profesionaltasunagatik eta muturreko larritasuneko egoeraren aurrean emandako erantzun azkar eta eraginkorragatik. Era berean, azpimarratu du Udaltzaingoaren eginkizun nagusia herritarrak babestea eta laguntzea dela, eta nabarmendu du horrelako esku-hartzeek agerian uzten dutela larrialdi-egoerei erantzuteko duten prestakuntza, gaitasuna eta konpromisoa. “Edozein larrialdiren aurrean herritarren segurtasuna eta ongizatea lehenesten dituzten agenteak ditugu”.
“Esku-hartzeak agerian uzten du zein garrantzitsua den polizia-ibilgailuek kanpoko desfibriladoreak izatea eta agenteek horiek erabiltzeko nahiz bihotz-biriketako bizkortze-maniobrak egiteko beharrezko prestakuntza jaso izana”, gaineratu du Vielbak. Izan ere, bihotz-biriketako geldialdi batean, minutu bakoitza da erabakigarria.
Halaber, Udaltzaingo buruak jakinarazi du etorkizun hurbilean norberak eramateko moduko desfibriladore berriak erostea aurreikusten dela. Tamaina txikiko gailuak izango dira, agenteek gainean eraman ahal izango dituztenak zerbitzuan ari diren bitartean. “Baliabide hori une oro eskura izateak erantzun-denbora are gehiago murrizten lagundu dezake, eta horrek bizitzak salbatzeko aukerak handitzen ditu”, adierazi du Iñaki Vielbak.
Egun, kanpoko desfibriladore automatizatuak (DEA) Udaltzaingoaren polizia-ibilgailuetan daude, eta azken esku-hartzeak erakutsi duen bezala, funtsezko baliabideak dira larrialdi-egoerei erantzuteko. Agenteek beren gainean eramateko moduko gailuak izanez gero, egun duten jarduketa gaitasunari eta eraginkotasunari eustea ahalbidetuko litzateke, baina, gainera, erantzun-denbora are gehiago laburtuko litzateke, batez ere, polizia-ibilgailuarekin zuzenean iritsi ezin den lekuetan esku-hartzerako orduan.
Udalaren konpromisoa
Igor Enparan Araneta alkateak Udaltzaingoaren esku-hartzea eskertu du, eta kanpoko desfibriladore automatizatuen (DEA) garrantzia azpimarratu du. Ildo horretan, gogorarazi du duela urtebete baino gehiago Udalak Hondarribia, herri kardio-babestua egitasmoa jarri zuela abian. Ekimen horren bidez, bihotz-biriketako bizkortze-maniobrak egiteko prestakuntza jaso duten 100 boluntarioko sare bat osatu zen. Horrez gain, bederatzi kanpoko desfibriladore automatizatu (DEA) instalatu ziren hiriko hainbat gunetan. Neurri horien guztien helburua da igandean gertatutakoaren moduko larrialdi-egoerei ahalik eta eraginkortasun handienarekin erantzutea eta, ahal den neurrian, bizitzak salbatzea.








