- ‘Izan ginen, bagara eta izango gara’ lelopean, ospakizunak euskal herriaren nortasuna, kultura eta erakundeak bizirik mantendu zituen erbesteko belaunaldia omendu du, eta belaunaldi berriek horien transmisioan duten zeregina aldarrikatu du
- ‘De Gernika a Nueva York pasando por Berlín’ egunerokoan oinarritutako antzezpen artistiko batek Agirre lehendakariaren bidaia birsortu du, eta atzerriko euskal diasporek erbesteko Eusko Jaurlaritzaren jarraipen instituzionalean bete zuten eginkizuna balioetsi du
- Imanol Pradales: “Euskal komunitate globalak ondare horri jarraipena ematean eta ondare hori eguneratzean duen eginkizuna nabarmendu nahi dugu. Ekaitza jasaten eta atertu ondoren herria altxatzen lagundu digu. Asko eman digu, eta itzuli egin behar diogu, tresna eta jardunbide berriekin. Bide hau bi norabidetakoa baita”.
Jose Antonio Agirre lehendakariaren irudia izan da gaur arratsaldean Donibane Lohizunen egin den 2026ko Euskal Diasporaren Egunaren ardatza, eta bertan Agirre lehendakariak gidatu zuen lehen Eusko Jaurlaritza eratu zeneko 90. urteurrena ere ospatu da. Peyuko Duhart kultur zentroan, lehen lehendakariaren gorpuzkiak dauden hilerritik metro gutxira, Imanol Pradales lehendakaria buru izan duen ekitaldi nagusian Agirre familiako kideak eta erakundeen, kulturaren munduaren eta herritarren ordezkariak ere izan dira. Euskal herriaren eta bere Euskal Komunitate Globalaren jarraipen historikoa laburbiltzen duen ‘Izan ginen, bagara eta izango gara’ lelopean egin da ospakizuna.
2026ko Euskal Diasporaren Eguna gaur arratsaldean ospatu da Donibane Lohizunen, Jose Antonio Agirre lehendakariaren irudiaren inguruan, lehen Eusko Jaurlaritza eratu zeneko 90. urteurrenarekin bat etorriz.
Lehendakariak euskal diasporaren eginkizuna aldarrikatu du, “gure memoria kolektiboaren ezinbesteko zati eta Euskadi Globala eraikitzeko funtsezko laguntzaile” gisa, eta gogorarazi du erabakigarria izan zela urte zailenetan Euskadiren nortasuna, euskara, kultura eta zilegitasun demokratikoa bizirik mantentzeko. Pradalesek nabarmendu du lotura hori eguneratu egin behar dela eta “bi norabidetako bide” bihurtu behar dela, Euskadi aukera berriekin konektatzeko gai izan dadin enpresa, talentua, zientzia eta kultura bezalako esparruetan. Alde horretatik, nabarmendu du kanpoan den euskal komunitatearen legea izango denari esker diasporarekiko harremana egungo errealitatera egokitu ahal izango dela, eskubide eta zerbitzu berriekin, organo irekiagoekin, leihatila bakarrarekin eta parte-hartze digitalerako tresnekin, bereziki belaunaldi berriak inplikatzeko eta mendeetan zehar Euskadi eta bere komunitate globala lotu dituen lokarriari jarraipena emateko.
Ekitaldian erbestean bizi zen eta, munduko hainbat lekutatik, Euskadiren historiako garairik zailenetako batean, euskal herriaren nortasuna, kultura eta erakundeak bizirik mantentzen lagundu zuen belaunaldi oso bat omendu da.
Agirreren bidaia, kontakizun antzeztua
Ekitaldiaren elementu garrantzitsuenetako bat Jose Antonio Agirre lehendakariak eta bere familiak erbestean egindako bidaia gogora ekarri duen antzezlana, “De Gernika a Nueva York pasando por Berlín’ egunerokoan oinarritutakoa, izan da.
Kontakizun horren bidez, hainbat herrialdetan antolatu ziren eta Eusko Jaurlaritzari erbestean jarraipen instituzionala izatea ahalbidetu zioten euskal komunitateek betetako zeregina erakutsi da. Eusko Jaurlaritzak, hasiera batean, Parisen ezarri zuen bere egoitza, eta, ondoren, New Yorken. Aldi berean, nazioarteko ordezkaritza-sare zabala garatu zuen, bereziki Amerikako kontinentean.
Eszenaratu den proposamenak Agirre lehendakariaren erbesteko gertaera berezienetako bat ere jaso du: bere bidaiaren zati batean, bere egunerokoa Aintzane alabaren panpinaren barruan ezkutatuta egon zen. Panpina hura, gaur egun memoriaren eta belaunaldien arteko transmisioaren ikur bihurtu dena, bidelagun izan du kontakizunak, erbestetik bizirik atera zen eta gaur egunera arte iritsi den ondare baten lekuko gisa.
Antzezpenaren abiapuntua Patxo Telleriak eta Fernando Bernuések egindako Jose Antonio Agirreren egunerokoaren antzerki-moldaketa izan da. Moldaketa berariaz egin da 2026ko Euskal Diasporaren Eguna eta lehen Eusko Jaurlaritzaren 90. urteurrena ospatzeko, eta Agurtzane Intxaurragak zuzendu du.
Etorkizunera begira dagoen memoria
Eusko Jaurlaritza orain dela hiru hamarkada baino gehiago hasi zen euskal diasporaren memoria berreskuratzeko eta zaintzeko lanean. Ondare dokumental hori da, gainera, Euskal Diasporaren Legearen aurreproiektuan aurreikusitako Euskal Migrazioen Interpretazio Zentroa izango denaren oinarrietako bat.
Gaur egun izapidetzen ari den aurreproiektu horrek Euskadiren eta Euskal Komunitate Globalaren arteko harreman-esparru berri bat planteatzen du, diasporarekiko loturak indartuz, belaunaldien arteko konexioa sustatuz eta Euskal Komunitate Globala Euskadiren nazioarteko aktibo nagusietako bat dela aitortuz.
Euskal Diaspora Globala bost kontinenteetan bizirik dagoen errealitate bat da gaur egun. Bere historiak erakusten du Euskadi bere mugetatik haratago ere eraiki dela, beren jaioterriarekiko lotura bizirik mantendu zuten euskaldunen belaunaldiei esker. Eusko Jaurlaritzak aitortutako Euskal Etxeak Euskadiren Iparraldeko eta Hegoaldeko muga fisikoetatik kanpora daude, eta euskal nortasuna kanpotik ere proiektatzen eta indartzen dela islatzen dute.
Testuinguru horretan, ‘izan ginen, bagara eta izango gara’ leloak esanahi berezia hartzen du. ‘izan ginen”, ospakizunak gogoratzen eta aitortzen dituelako erbestetik eta emigraziotik euskal erakundeak, hizkuntza eta kultura bizirik mantendu zituztenak, hori egiteak ausardia eta konpromisoa eskatzen zituenean. ‘Bagara’, Euskal Komunitate Globalak errealitate bizia, dinamikoa eta anitza, bost kontinenteetan Euskadiri estu lotuta dagoena, izaten jarraitzen duelako. Eta ‘izango gara’, belaunaldi berrien erantzukizuna delako ondare hori jaso eta etorkizunerantz proiektatzea, lankidetzarako, berrikuntzarako eta kide izate partekaturako espazio berriak sortuz. Jatorriz edo kidetasunez euskaldun diren eta Euskadi Globala indartzen eta proiektatzen lagunduko duten belaunaldi berriak dira.
Euskal kultura belaunaldien arteko lotura gisa.
Era berean, jardunaldian Tandileko (Argentina) Gure Etxea Euskal Etxeko dantza taldeak ere parte hartu du, atzerriko euskal komunitateek euskal kultura zaindu eta transmititzeko duten konpromisoa sinbolizatuz.
Euskadik mundura irekita dagoen eta balio demokratikoekin, giza eskubideen defentsarekin eta gerretatik, jazarpen-egoeretatik edo zaurgarritasun-egoera larrietatik ihes egin behar izan dutenak hartzearekin konpromisoa hartuta duen herria dela erakusten jarraitzen du.
Lehen Eusko Jaurlaritza eratu eta 90 urtera, 2026ko Euskal Diasporaren Egunak iraganera begiratzen du ondare bat aitortzeko, baina baita orainera eta etorkizunera ere memoriak lotzen duen, orainak indartzen duen eta datozen belaunaldien erronkei aurre egiteko prestatuta dagoen Euskal Diaspora Globala eraikitzen jarraitzeko.
Horrela, ospakizunak aldarrikatu du bere muga geografikoak gainditzen dituen eta bere hizkuntza, kultura eta balioak bizirik mantentzen dituen euskal komunitate bat dagoen lekuan bizirik jarraitzen duen Euskadiren ideia. ‘izan ginen, bagara eta izango gara’ leloak laburbiltzen du jarraipen hori.








