Ostomizatutako Pertsonen Egunaren harira, urriaren 5etik 9ra bitartean, “Ikusezina. Espainiako ostomia ikusarazi dezagun” izenburuko erakusketa hartuko du Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak. Ekimen horren helburua da gizarteari erakustea ostomia duten pertsonen errealitatea, haien normalizazioa bultzatzea eta dituzten beharrizanak ezagutaraztea. Ospitaleko sarrera nagusian egongo da erakusketa, eskailera kiribilaren beiratean.
Ostomizatutako Pertsonen Espainiako Elkarteen Federazioak (FAPOE) eta Estomaterapiako Adituen Erizaintzako Espainiako Elkarteak (SEDE) sustatu dute ekimena. Kalkuluen arabera, 3.200 pertsona inguru bizi dira ostomia batekin. Prozedura hori beharrezkoa izan daiteke askotariko patologien ondorioz; besteak beste, aipatzekoak dira kolon eta ondesteko minbizia, maskuriko minbizia, hesteetako gaixotasun inflamatorioa, zenbait minbizi ginekologiko eta endometriosia. Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean, azken bost urteotan batez bestean kanporatzeko ostomia digestiboa duten 130 pertsona berri daude urtero, gutxi gorabehera.
Ostomia batekin bizi behar dutenek egokitzapen-prozesua egin behar dute, zeina ebakuntza kirurgikoaz harago baitoa eta zeinak eragina baitu zenbait alderditan, hala nola autonomian, gorputz-irudian, ongizate emozionalean eta gizarte- nahiz lan-bizitzan. Prozesu horretan, ezinbestekoa da estomaterapiako adituen laguntza jasotzea autozaintza bultzatzeko, konplikazioak prebenitzeko eta egokitzapena errazteko.
Halaber, hizpide dugun eguna dela-eta, ospitaleko Estomaterapiako Unitateak zenbait tailer antolatu ditu. Irailaren 30ean hasi zen programa, eta egun horretako saioan egokitzapen psikologikoa izan zuten hizpide estomari, eragin emozionalari, autoirudiari eta harremanei dagokienez. Ondoren, urriaren 5ean, berriz, erizaintzako profesionalei zuzendutako tailerra egingo da eta jorratuko dituzte kanporatzeko ostomia digestiboa duten pertsonen larruazalaren zainketak, bai eta konplikazioen aurrean prebenitzeko eta babesteko hartu beharreko neurriak ere. Azkenik, urriaren 7an, estoma ezarri osteko nutrizioari buruzko saioa egingo da eta paziente, senide eta zaintzaileei egongo da zuzenduta. Arriaga aretoan egingo dira jarduerak, 11:00etatik 12:30era.
Gurutzetako Estomaterapiako Unitateak humanizazio-jardunbide egokien HU-CI/AENOR nazioarteko ziurtagiria dauka, eta aintzatespen horrek berresten du ospitalearen ereduak erdigunean jartzen duela arreta osoa eta pertsonalizatua, aintzat hartzen dituena ostomizatutako pertsonen eta haien familien beharrizan fisiko, emozional nahiz sozialak.








