- Denis Itxaso sailburua Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilari eta hirugarren presidenteorde Begoña Alfarorekin bildu da, Nafarroako erreforma bertatik bertara ezagutzeko eta Donostiako Benta Berriko 510 BOEen edo Gasteizko antzinako Vitalquiler programako etxebizitzen kasuetan izan dezakeen irismena aztertzeko
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxaso Nafarroako Gobernuko Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilari eta hirugarren presidenteorde Begoña Alfarorekin bildu da gaur arratsaldean, asteartea, bi erkidegoek alokairuko babes ofizialeko etxebizitzen parkea babesteko eta maizterren segurtasuna indartzeko abiarazi dituzten lege-bideak kontrastatzeko. Topaketa Nafarroako Parlamentuak etxebizitzari buruzko foru-legeriaren erreforma bat onartu ondoren egin da. Erreforma hori errentamenduko edo errentamendu eskuragarriko erregimenean kalifikatutako etxebizitza babestuek kalifikazioa ez galtzera eta merkatu librean ez sartzera bideratuta dago.
Eusko Jaurlaritzak bertatik bertara ezagutu nahi ditu ekimen horren irismen juridikoa, Foru Parlamentuan bultzatzeko eta adosteko modua, eta Euskadin antzeko egoerei aurre egiteko erreferentzia gisa izan dezakeen baliagarritasuna. Ildo horretan, Itxasok azpimarratu du bilerak bi gobernuen borondate partekatu bati erantzun diola: “maizterrak defendatzea, alokairu-merkatu babestu egoki bat finkatzea eta iraganeko arau-erabakiek gaur egun bizitegi-ziurgabetasuna, gehiegizko igoerak edo bere garaian etxebizitza babestu bat eskuratu zuten familien ezkutuko kanporatzeak eragin ditzaten eragoztea”.
Nafarroako presidenteorde Begoña Alfarok ziurtatu duenez, Nafarroako Gobernuak joan den ostegunean alokairuko etxebizitza babestua modu iraunkorrean blindatzen duen lege-proposamena onartu izanak orain arte iraun duen defizit bat arinduko du, hots, “nafarren diru-ekarpen handi batekin eraikitako etxebizitza publikoak inbertsio-funts pribatuen esku eta merkatu librean amaitzean datzan” defizita. “Onarpen horren bidez, Nafarroako 2.243 familien etorkizuneko bizitegi-segurtasuna bermatuko dugu, haien etxebizitzak etxebizitza babestuaren kalifikazioa galtzear baitzeuden, haietako 1.300ek datozen bost urteetan”.
Segurtasun juridikoari dagokionez Foru Gobernuko hirugarren presidenteordeak nabarmendu duenez, “legegintzaldi honetan burutu diren ekimen guztiak txosten juridiko sendoekin egin dira eta, kasu honetan, ezin gutxiago izan. Sendotasun juridikoa ez ezik, jurisprudentzia finkatua ere badago, bai Konstituzio Auzitegiarena, bai Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiarena, bai Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiarena, bermatu egin baitute hartu dugun neurria; izan ere, etxebizitza batek etxebizitza babestuaren kalifikazioa duen bitartean, ez gara eskubide finkatu batez ari, aurreikuspen-eskubide batez baizik, eta hori ziurtatzen da onartu dugun lege-aldaketan. Ezin da onartu etxebizitzaren arloan gehiengo sozialarentzat edozein aurrerapen egiten denean denak berdin jarraitzeko ezer aldatu nahi ez dutenek segurtasun juridikoa zalantzan jartzea. Hemen segurtasun juridikoa dago, bizitegi-segurtasuna dago maizterrentzat, eta segurtasun emozionala dago etorkizunean beren etxebizitzarekin gertatuko denaz jada kezkatu behar ez dutenentzat”.
Euskal Autonomia Erkidegoko Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu izendatutako udalerrietan etxebizitza babestuen deskalifikazioa saihesteko hainbat formula aztertzen ari da azken hilabeteetan. Eusko Jaurlaritzak hasiera batean aztertutako bidearen erreferentzia Kataluniako esperientzia da, eta datozen urteetan kalifikazioa galtzeko mehatxupean dauden alokairuko zein jabetzako etxebizitzen babes ofizialari eustea eta hura luzatzea planteatzen du, dagokion udalerrian eremu tentsionatuaren izendapena indarrean dagoen bitartean behintzat.
Soluzio horrekin, kasu bereziki sentikorretan jardun liteke, hala nola Donostiako Benta Berriren kasuan. Bertan, gaur egun Testa Residencial enpresaren bitartez Blackstone taldeari lotuta dauden alokairuko 510 etxebizitza babestuk beren kalifikazioa gal lezakete 2028. urtearen amaieran. Deskalifikatzeko arriskuak kezka handia sortu du auzotarren artean; izan ere, haietako askok hamarkadak daramatzate etxebizitza horietan bizitzen, eta beldur dira merkatu librean sartzeak ez ote duen eragingo errentak neurriz kanpo igotzea edo kontratuak ez berritzea. Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritza harremanetan jarri da jada kaltetutako maizterrekin eta jabeekin, eta lege-, administrazio- eta negoziazio-bide guztiak agortzeko konpromisoa adierazi du, helburu sozialarekin sortutako etxebizitza-parke bat interes publikotik kanpoko merkatu-aukera bihur ez dadin.
Bestalde, Gasteizko egoerak ere aurrez jarduteko beharra berresten du. Antzinako Vitalquiler programako sustapenek (gaur egun Adania enpresari lotutako Adalquiler izenekoek) agerian utzi dute alokairu sozial edo babestu gisa sortu ziren etxebizitzek bizitegi-tentsio handiko testuinguru batean kalifikazioa galdu eta merkatu librean sartzen direnean sortzen diren arazoak. Zenbait auzotan (hala nola Salburuan, Zabalganan edo Ibaiondon), hainbat sustapenek babesa galtzearekin batera, izan diren errenta-igoerak eta eraginpean hartutako familiek jasandako ziurgabetasuna salatu dituzte auzotarrek.
Itxaso adierazi duenez, kasu horiek agerian utzi dute “etxebizitza babestua ez dela denbora-parentesi bat, handik urte batzuetara merkatu libreko eragiketa bihurtuko dena”. Haren ustez, “lurzoru publikoa, laguntza publikoak, helburu soziala eta bizitegi-egonkortasunerako aurreikuspen legitimoak egon baziren, administrazioek heredatutako arauak berrikusteko eta interes orokorra zorroztasun juridikorik handienarekin babesteko betebeharra dute”. Nafarroako Gobernuarekin egindako bilera, beraz, erakundeen arteko lankidetzaren eta errealitate juridiko desberdinetatik antzeko arazoei aurre egin behar dieten erkidegoen arteko ikaskuntza partekatuaren logikaren barruan kokatu da.
Euskadik etxebizitza babestuen kalifikazio iraunkorreko politika aurreratu bat du duela hainbat urtez geroztik, baina lege-esparru horren aurrekoak diren eta deskalifikazio-prozesuen eraginpean gera daitezkeen sustapenak ditu oraindik. Nafarroak, bestalde, alokairuko BOEen inguruko irismen handiagoko erreforma bat onartu du duela gutxi, eta Eusko Jaurlaritzak zehatz-mehatz aztertu nahi du. Itxasok etxebizitzaren arloan bi gobernuen artean dagoen “konplizitate politikoa” nabarmendu du, eta ontzat hartu du Nafarroak eztabaida hori “ausardiarekin, bokazio sozialarekin eta beren funtzio publikoa inoiz galdu beharko ez zuten sustapenetan alokairuan bizi direnak babesteko borondatearekin” egin izana.
Adierazi duenez, “Eusko Jaurlaritza ez da jarrera itxi batekin joan Iruñera, entzuteko, ikasteko eta kontrastatzeko prestasun zintzo batekin baizik. Iragarri dugunez, Katalunian inspiratutako bide bati jarraitu nahi diogu eremu tentsionatuetan deskalifikatzeko mehatxupean dauden BOEen babesa luzatzeko. Orain Nafarroako bidea, haren segurtasun juridikoa, haren irismen erreala eta hori ahalbidetu duen adostasun politikoa ezagutu nahi ditugu sakonki”, adierazi du. Sailburuak azpimarratu du Sailaren lehentasuna maizterrei ziurtasuna eskaintzea eta alokairu babestuko parkea herrialdeko aktibo estrategiko gisa zaintzea dela. “Galtzen den etxebizitza babestu bakoitza etxebizitzarako eskubidea bermatzeko aukera gutxiago bat da. Eta deskalifikazio baten, alokairuaren bat-bateko igoera baten edo alokairua ez berritzearen beldur bizi den familia bakoitzak erakundeek neurria ematea merezi du”, adierazi du.
Itxasoren eta Alfaroren arteko bilerak, era berean, eremu tentsionatuen erregulazioari, edukitzaile handien zereginari, lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko mekanismoei eta bokazio sozialarekin sustatutako etxebizitzetatik bertako familiak ez kanporatzeko eskuragarri dauden tresna juridikoei buruzko esperientziak partekatzea ahalbidetu du. Eusko Jaurlaritzaren ustez, alokairu babestua defendatzeko beharrezkoa da segurtasun juridikoa, anbizio soziala eta erakundeen arteko lankidetza uztartzea.
Ildo horretan, Nafarroako Gobernuarekin izandako topaketa etxebizitzaren funtzio soziala indartzeko, maizterrak babesteko eta sustapen babestu jakin batzuk iraungitze-datarekin jaiotzea ahalbidetu zuten aurreko erregulazio batzuen ondorioak zuzentzeko estrategia zabalago baten parte da. “Alokairu-merkatu babestu sendo, egonkor eta fidagarri bat nahi dugu. Maizterrei segurtasuna emango dien, hainbat hamarkadatan egindako ahalegin publikoa zainduko duen eta familiak gaur egun bizi dugun bizitegi-larrialdiarekin bateraezinak diren arau-herentzien mende utziko ez dituen merkatu bat”, amaitu du Itxasok.








